Eskozia

Hautsi da ametsa

Bi urteko kanpainak %45eraino igoarazi du Eskoziako independentismoa, baina ez da aski izan irabazteko. Alex Salmond lehen ministroak dimisioa iragarri du.

Samara Velte.
2014ko irailaren 20a
08:54
Entzun

«Erreferenduma galdu dugu, baina oraindik eutsi diezaiokegu ekimen politikoari. Eskozia garaiz dabil benetako garailea izateko. Hau ez da alderdi politiko baten edo pertsona jakin baten prozesua; hori baino askoz gauza handiagoa da. Horregatik uste dut, oraintxe bertan, egokiagoa dela beste norbait agintean egotea». Begirada goibelarekin baina baretasun handiz eman du Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak dimisioaren berri. Independentziari buruzko erreferenduma galduta ere, Eskozian «aukera berri bat» zabaldu dela azaldu du: «Orain presio egin behar diogu Londresi, hitza bete dezan. Horrek, dena den, ez du esan nahi etorkizunean beste erreferendum bat egin ezin dezakegunik».

Salmondek zazpi urte egin ditu Eskoziako lehen ministro karguan, eta 2012tik Yes Sctoland kanpaina independentistaren buru aritu da. Bi urteko lan gogorraren ostean, espero baino alde handiagoarekin galdu dute erreferenduma: %45-55, unionisten alde. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak azaroan egingo du kongresua; ordura arte jardunean jarraituko du Salmondek.

Irailaren 18ko gaua amaitu baino lehenago hautsi da 1,6 milioi eskoziarren ametsa. Barrutien erdiak zenbatzerako, argi samar zegoen bozketaren emaitza: baiezkoa hiru eskualdetan baino ez zihoan garaile, eta guztietan oso alde estuarekin. Independentisten akuilu nagusia izan arren, Glasgowk ere ez zuen balio izan balantzari buelta emateko: 25.000 botoren arnasa eman zion, baina apenas izan zuen eraginik argazki orokorrean. Artean Edinburgoko emaitzak argitaratu gabe zeudela, ia 200.000 botoren aldea ateratzen zion ezezkoak baiezkoari nazio mailan.

Inglistongo kontaketa aretoan aurpegi luzeak ikus zitezkeen. «Ezezkoa ateratzen bada, etsigarri samarra izango da guretzat», aitortu zuen Nicola Sturgeon lehen ministrordeak Glasgowtik: «Mezua gaizki iritsi da. Botoa, nolanahi ere, ez da hartu behar statu quo-aren berrespen gisa. Aldaketarako eskaera da».

Ezezko argia

Denera, ia 384.000 boto gehiago lortu ditu ezezkoak. Yes-ak lau barrutitan baino ez du irabazi, eta horietan ere, espero baino alde txikiagoarekin. Glasgown parte hartzea %75 izan da —batez bestekoa baino hamar puntu gutxiago—, eta horietatik %53k bozkatu zuten baietz. Dundeen aise samar irabazi zuen baiezkoak, baina gainerako hiri eta eskualde nagusietan ez zuen lortu esperotako emaitzarik. Kolpe latzenetakoa, Aberdeenshire eskualdean: independentzia aise gailentzea espero zuten, baina Bai aukerak botoen %40 baino ez zituen bildu.

Parte hartzea inoizko handiena izan da: %97 zeuden izena emanda, eta haietatik %86k eman dute botoa. Berehala onartu du emaitza Salmondek: «Erreferendum hau adostutako prozesua izan da, eta gehiengoak erabaki du orain ez bihurtzea herrialde independentea». Alderdi unionistei, berriz, eskatu die kanpainan «berandu» emandako hitza lehenbailehen betetzeko: «Epe batzuk zehaztuko zituztela agindu ziguten, eta hori ez dute nahi independentziaren alde bozkatu duten 1,6 milioi eskoziarrek soilik; erreferendumean parte hartu duten guztiek eskatu dute».

Orain Londresek du, berriro, hitza. Downing Streetetik irribartsu mintzatu da David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa. «SNPk erreferenduma abiatu zuenean, blokea genezakeen, eta alde batera utzi. Baina, beste edozein gai garrantzitsurekin egiten dugun bezala, erabaki bat hartzea zen egokiena. Sutsuki sinesten dut Erresuma Batuan, baina demokrata ere banaiz, eta zuzena izan da eskoziarrei hitza ematea». Orain eztabaida «belaunaldi baterako» ebatzita dago, «edo, Salmondek esan zuen gisan, beharbada bizitza osorako».

Hurrengo legegintzaldian Erresuma Batuko Parlamentuak Eskoziari botere gehiago emateko promesa beteko duela agindu du Cameronek: «Eskoziarako baldintza berriak negoziatzea adostu dugu hiru alderdi nagusiok, baina baita Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandarako ere, Erresuma Batuko herritar bakoitzarentzat».

Isiltasuna kalean

Ohi bezain lauso eta hotz esnatu da Edinburgo erreferendumaren biharamunean, baina ohi baino isilago. Bezperara arte nekaezin jardundako kanpainen arrastorik ezin zitekeen antzeman kalean; Yes Scotland-en egoitzan, jendea burumakur. Baiezkoaren alde bozkatu dutenek ez dute komentariorik egin nahi. «Ez dut uste inor pozik dagoenik», dio kafetegi turkiar bateko zerbitzariak. Hark baietz bozkatu zuen ostegunean: «Zalantzaren aurrean, hobeto independente».

Unionistak, berriz, armairutik irten dira. «Lasaitu ederra hartu dugu», diote Aileen eta Malcom Collins senar-emazteek. Hasieratik zuten garbi independentziaren aurka bozkatuko zutela, baina ez Londresek edo alderdiren batek egindako promesengatik: «Ez daukagu fede handirik politikariengan, ez hemengo eta ez hangoengan. Londreskoak ustel hutsak dira. Baina baiezkoaren aldeko kanpainak galdera gehiegi utzi zituen erantzun gabe». Erreferendumak kalte baino ez duela egin uste dute: «Ez duzu sumatzen gaur denak askoz isilago daudela? Inork ez du gaiari buruz hitz egin nahi: gizartea polarizatu du. Baiezkoaren aldekoek zarata handia sortu zuten, baina gero, botoa emateko orduan, errealitatea azaleratu da: jende gehienak ez du nahi independentzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.