MUNDUA

HDI Arena estadioa, musika areto bat eta tren estazioa hutsarazi dituzte Hannoverren

Futbol zelaian jokatzekoa zen Alemania-Herbehereak partida bertan behera utzi dute.

Bi polizia NDI Arena estadioan, Hannoverren. CHRISTIAN CHARISIUS / EFE
2015eko azaroaren 17a
07:28
Entzun

Associated Press berri agentziak eman du horren berri. Poliziak adierazi du "segurtasun arrazoiengatik" utzi dutela partida bertan behera, estadioaren inguruetan "objektu susmagarri bat" topatu ondoren. Paper bat topatu dute, ohartaraziz estadio barnean lehergailu bat zegoela. Tokiko hedabideen arabera, lehergailuak zeramatzan anbulantzia bat atzeman dute estadio inguruan.

20:45ean ziren jokatzekoak bi selekzioak IDH Arenan, eta ordu eta erdi lehenago erabaki dute, segurtasun neurri gisa, estadioa hutsaraztea. Estadioko bozgorailuetatik jakinarazi dute partida bertan behera utzi dutela. Bertara zen joatekoa Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, gobernuko beste kide batzuekin batera.

Parisko erasoen ostean badaezpada bertan behera utzi duten bigarren partida da Hannoverkoa. Belgika eta Espainia Bruselan ziren jokatzekoak gaur iluntzean, baina bart gauean ezagutarazi zuten lehia hori ez jokatzeko erabakia.

20:15 aldera, berriz, musika areto baten ebakuazioaren berri eman dute. The Söhne Mannheims taldea zen jotzekoa TUI Arenan. Ordubete geroago, hiriko tren estazioaren zati bat itxi dute, bertan objektu susmagarri bat aurkitu eta gero. Poliziak adierazi du "zantzu zehatzak" dituela pentsatzeko eraso bat gerta zitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.