Turkia

HDPko buruzagiak atxilotu ditu Turkiak

Maiatzean kendu zieten inmunitatea hainbat legebiltzarkideri. "Garbiketa operazioa" izan dela salatu du HDPk. Gutxienez 11 lagun atxilotu dituzte, eta haietako batzuk espetxeratzeko eskatu du fiskalak.

TUMAY BERKIN / Efe. POLIZIA, HDPREN EGOITZA ARAKATZEN.
2016ko azaroaren 4a
11:42
Entzun

Selahattin Demirtas eta Figen Yuksekdag HDPko buruak eta bederatzi diputatu atxilotu ditu Turkiak gaur gauean. Barne Ministerioak ohar batean azaldu duenez, auzitegiek deklaratzera deitu dituztenean ez direlako joan atxilotu dituzte. Fiskal batek baino gehiagok egin ei dute eskaera, haiek irekita baitituzte HDPko kideen kontrako auziak, PKKrekin lotura izatea egotzita. Atxilotu batzuk espetxearen alde dago Fiskaltza.

138 legebiltzarkideri inmunitatea kentzea erabaki zuen parlamenduak maiatzean —gehienak oposizioko sozialdemokratak eta kurduak—, eta horren ondoren datoz atxiloketok. HDPk orduan ere salatu zuen beraien kontra egiteko neurria zela immunitatea kentzearena, haietako askoren kontrako auzibideak abiatuta baitzeuden ordurako. Legebiltzarrean hirugarren indarra da HDP.

Diyarbakirren atxilotu dute Demirtas eta Ankaran Yuksekdag. Aurrenak bere Twitter kontuan berri eman du polizia zuela etxe aurrean eta atxilotu egingo zutela. Diputatuak lurralde osoan atxilotu dituzte, aldi berean egindako operazioan, eta HDPren egoitza nagusia ere arakatu dute. Faysal Sariyildiz eta Tugba Hezer Öztürk diputatuak atxilotzen ere saiatu dira, baina, atzerrian daudenez, ezin izan dituzte topatu.

"Garbiketa operazioa" izan dela salatu du HDPk.

Urrian HDPko eta DBPko kide gehiago atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.