Parlamentuko 151 eserlekutatik 66 eskuratu zituen atzo Andrej Plenkovic jarduneko lehen ministroaren HDZ Kroaziako Batasun Demokratikoak alderdiak. Bigaren tokian geratu zen Restart ezkerreko koalizioa, sozialdemokratak buru dituena, 41 diputaturekin; eta hirugarren eskuin muturreko DP Mugimendu Abertzalea, 16rekin.
Herrialdeak «bide zuzena» hautatu duela nabarmendu zuen Plenkovicek, emaitzak jakindakoan egindako agerraldian, gauerdi inguruan. «Agintaldi zaila izan dugu, tentazio askorekin, baina oraingo erronka are gogorragoa izango da. Kroaziak demokrazia hobetu behar du, eta baita gutxiengoen giza eskubideak ere»,
Plencoviken hitzak entzun ostean besterik pentsa baliteke ere, eskuin muturra da koalizio gobernua osatzeko kontserbadoreen aukera nagusia. Miroslav Skororen DP alderdiak esana du prest leudekeela HDZrekin hitz egiteko, betiere lehen ministro kargurako beste alderdikide bat izendatzen badute, eta orain arte koalizioan eurekin izan diren eta gutxiengo serbiarra ordezkatzen duten alderdiak baztertzen badituzte.
Beste aukera litzateke Restart koalizioarekin akordio bat egitea, baina kanpainan bi bloke nagusiek uko egin zioten halako hitzarmen bat egiteari. Hala, sozialdemokraten hautagai Davor Bernardicek onartu egin du dagoeneko porrota, eta alderdiaren esku utzi du bere kargua. «Emaitza hau txarra da SDPrentzat eta Restartentzat. Ez naiz nire erantzukizunari uko egiten ari, baina prest nago joateko», esan du bart Bernardicek.
Aldiz, emaitzekin gustura agertu da eskuin muturra. «Pozik egoteko arrazoiak ditugu, duela 50 egun sortuta boz gehien lortutako alderdietan hirugarrena izan garelako. Izango dira gehiago espero zutenak, baina politika errealista da, eta halaxe naiz ni ere», esan du Skorok.