Hiriarentzat eta Hungariarentzat beste data garrantzitsu bat 1989a izan zen, herrialdeak Austriarekiko mugak irekiz Altzairuzko Hesia hautsi zuenean. Ekialdeko Alemaniako milaka herritarrek Mendebaldera egin zuten ihes eta komunismoaren gainbehera eragin zuen. Aldaketa horrek Europako Batasunaren hedapena ekarri du 15 urte geroago. Hungaria Mendebaldearekin «estuago lotzeko» garrantzitsua izan zela uste du Monika Matek (30 urte). Hiriko denda guneko Oktogono plazan dago (Pest), etorbidea zeharkatzeko zain. Engleth Nova (27) Budako alde historikoan dago, Erdi Aroko arrain merkatu ohitik gertu. Gaztetxoa zen 1989an. Garai hartatik hona gogoratzen dituen aldaketak «McDonald's-ak eta merkataritza guneak» dira. Jozsef Rezek (30) eta Peter Hevnoldek (27) alde zaharreko taberna batean egiten dute lan, eta atarian daude. Komunismoak askoz lehenago geratu behar zuela bertan behera nabarmendu du Jozsefek. «Mugak irekitzea oso garrantzitsua izan zen, baina askoz lehenago egin behar zen. Izan ere, Europako gainerako herrialdeak askoz garatuago zeuden eta Hungaria herrialde itxia zen». Izenik eman nahi izan ez duten ama-alaba bikote batek (50 eta 70 urte ingurukoak) gogor kritikatu dute komunismo garaia. «Gu nobleak gara eta arazo asko izan ditugu. Gaur egun ere, kontuz ibili behar dugu. Gobernuan daudenak komunista izandakoak dira eta orain ere badira». Kafetegi batetik atera berriak dira eta bertan Europako Batasunaz eztabaidatzen aritu direla diote. «Inbertsiogileak joaten ari dira hemendik eta agintariek esaten dute itzuliko direla. Baina badakigu ezetz». EBrekin bat-egitea gogorra izango delakoan daude, batez ere Batasuneko araudiak betetzen ez dituztela-eta beren produktuak saldu ahalko ez dituzten nekazarientzat. «Gaur egun ere, dendetan Mendebaldeko hainbat produktu merkeagoak dira hemengoak baino, bi edo hiru aldiz merkeagoak». Bestetik, multinazionalak jendea kualifikatuta ez dagoela argudiatuz langile asko kaleratzen ari direla salatu dute. Alabak atzerriko multinazional batean egiten du lan, Budapesten. «EBn sartzea beste urrats bat da 1989ko muga irekieraren bide berean. Baina ez dut uste Hungaria ongi prestatuta dagoenik», adierazi du Livia Freik (27), Oktogono Plazan, «burokrazia handia da oraindik eta erakunde publikoetan jende gutxi da gai atzerriko hizkuntzetan hitz egiteko». Hala ere, bere ustez, Hamabostek kide berriei eskatutako erreformak ez dira guztiz argiak: «Ez dakigu EBn sartzean zein eskubide eta aukera izango ditugun. Gure Gobernuak ez du behar bezalako informazioa ematen, baina nahiz EBko webguneetan sartu, han ere zaila da jakitea zein izango den gure egoera aurrerantzean».
Azukrea albisteetan
Gzorgy Palkovi Szines egunkaria irakurtzen ari da Milurteko Memorialean, semea patinetean jolasean dabilen bitartean. Barruko titular handi bati seinalatzen ari da hatzarekin: «Ikusten, azukrearen prezioa igo dela dio. Gobernuak agindu zuen prezioak ez direla gehiago igoko, baina ez dut sinesten. Prezioak Mendebaldean bezala edo garestiago daude eta soldatak baxuagoak dira». Hungariak 90eko hamarkada hasieran aldaketa beharra zuela adierazi du Gzorgyk, baina egindako urrats asko ez ditu gustuko: «Jende askok soilik dirua bilatzen du orain».
Milurteko Memoriala Hiriko Parkean dago kokatuta, Heroien Plazan. Budapesteko plaza deigarriena da (1896), 36 metroko altuerako oroitarria erdian duela. Magyarren konskista omentzeko eraiki zen. Gabriel goiaingeruaren oroitarri batek Hungariako koroa eta gurutze apostolikoa ditu eskuan. Alde banatara, hainbat zutabe daude, eta haien artean herrialdearen historiako heroien oroitarriak. Bertan amaitzen den Andrassy etorbidea munduko ondare kulturaltzat jo zuen UNCESCOk 2002an.
Alexa Vadar eta Katalu Szahok (20, 21) salatu dute produktu hungariarrak garestiagoak direla: «Bertako produktu asko kanpokoak baino garestiagoak dira. Bertakoak erosteko eskatzen digute, baina ez dut ikusten zergatik erosi behar ditugun bertakoak, garestiagoak badira». Alexak Frantziara joan nahi du bizitzera, ez baita gustura bizi Hungarian. «Ez zait hungariarren mentalitatea eta jokabidea gustatzen. Ez dut nire burua hungariartzat jotzen. Dirua irabaztean kezkatuta daude eta egun osoa urduri igarotzen dute. Gainera, hungariarrek ez dute lanik egin nahi».
«Zaila da hemen bizitzea. Soldatak baxuak dira eta gauzak oso garesti. Mendebaldean, aldiz, salneurriak eta soldatak parekatuta daude», dio Monika Matek (30).
«Eredugarria»
Hungaria etzi Europako Batasuneko kide bihurtuko diren 10 herrialdeetatik sendoenetakotzat jotzen du EBk; bere egonkortasuna eta hazkunde ekonomikoa nabarmendu ditu. Herritarrak, aldiz, kezkatuta daude, aberats eta txiroen arteko aldea handitzen ari delako eta langabezia ere zenbait guneetan oso altua delako.
«Nik ez dut ikusten gure ekonomia egoera eredugarria denik», esan du Gaalek. «Askoz okerragoa izan zitekeen», gaineratu du Engleth bikotekideak.
EBn sartzeak arlo horretan eragin kaltegarria izango duela ziur dago Jozsef: «Gaur egun bi gizarte talde daude Hungarian: oso aberatsak eta oso txiroak. EBn sartzen garenean, joera hori areagotu egingo da. Oro har langabezia altua ez den arren, %5,8koa (Ebko batez bestekoa %8koa da), zenbait eskualdetan kopurua %18ra iristen da eta enplegu kualifikatu batzuk bete gabe daude, langile egokirik ez delako. Ekonomia eta Garraio ministroaren sostengua oso txikia da eta sozialista eta liberalen arteko koalizioa kolokan dago. Peter Medgyessy lehen ministro sozialistak iragan astean iragarri zuen ministerioetan hainbat aldaketa egingo dituela ekaineko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren. Izan ere, emaitza txarrak espero dituzte. Baliteke, beraz, zentsura mozio bati aurre egin behar izatea. Bitartean, Brokergate deritzon inbertsio publiko eskandalua berriz azaleratu da. Berau ikertzeko duela urte bat sorturiko Legebiltzarreko taldeak ez du, haatik, zantzu argirik aurkitu oraingoz.
-
Gainbegirada
Magyarren lurraldea
Inperio Austriar-Hungariarra desagertzean sortu zen Hungariako Errepublika, 1918an. 93.000 kilometro kuadro ditu eta 10,2 milioi biztanle bere mugetan. Atzerrian beste 5 milioi hungariar bizi dira: AEBak, Errumania, Kroazia, Ukraina, Eslovakia eta Voivodinan (Serbia) bereziki.
Hungariar edo magyarrak IX. mendean kokatu ziren herrialdean. Gaur egun, herritarren %97 dira. Beren hizkuntza finlandieraren eta estonieraren adar berekoa da. Horrez gainera, hainbat gutxiengo nazional daude: alemaniarrak, armeniarrak, bulgariarrak, kroaziarrak, eslovakiarrak, ijitoak eta beste. Herrialdeak zazpi estaturekin du muga: Eslovakia, Ukraina, Errumania, Serbia, Kroazia, Eslovenia eta Austria. Balkanetatik eta Ukrainatik sartzen diren kontrabandoa eta giza trafikoa gerarazteko eskatu dio Bruselak. Iaz, 500 giza trafikatzaile atxilotu zituzten eta beste milaka lagun legez kanpo sartu ziren Hungarian, iturri ofizialen arabera. Austriarekiko muga, dena den, 2007ra arte ez da desagertuko, ordu arte ez baita Schengen esparruan egongo.
-
Kronologia
1918: Lehen Mundu Gerraren amaieran, Inperio Austriar-Hungariarra desagertu zen. Iraultza baten ondoren, Hungariako Errepublika aldarrikatu zen.
1919: Komunistek hartu zuten boterea. Txekoslovakia eta Errumaniaren aurkako gerra abiatu zuen. Errumaniak Budapest okupatu zuen.
1920: Hungariak lurralde zati handi bat galdu zuen, Txekoslovakia, Errumania, Jugoslavia eta Errusiaren mesedetan. Asanblea Nazionalak erreinu aldarrikatu zuen Errumania.
1938: Hungariak 1920an galdutako lurraldearen zati bat berreskuratu zuen.
1941: Alemaniak Sobiet Batasuna inbaditu zuen. Hungariak Sobiet Batasunari gerra deklaratu zion. Erresuma Batuari eta AEBei ere gerra deklaratu zien.
1944: Hungariako judu eta ijitoak kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten.
1945: Sobietarrek naziak bota zituzten Hungariatik. Borroken ondorioz, Budapesten zati handi bat suntsituta geratu zen.
1949: Konstituzio berri batek herrialdea langile eta nekazariena zela aldarrikatu zuen. Industria nazionalizatu zen, nekazaritza kolektibizatu.
1956: Matxinada nazionala piztu zen tropa sobietarren aurka. Imre Nagy lehen ministro izendatu zuten. Varsoviako Ituna utzi eta neutral bihurtzeko asmoak iragarri zituen. Sobietarrek erasoa jo eta milaka lagun hil ziren. Nagy bahitu zuten. Janos Kadarrek ordezkatu zuen gobernuburu karguan.
1958: Sobietarrek iragarri zuten Nagy hil zutela, traizioagatik.
1960: Kadarrek liberalizazio neurriak hartu zituen. Preso politikoak eta buru erlijiosoak askatu zituzten, nekazari eta industriako langileei eskubide gehiago onartu zizkieten.
1968: Merkatu ekonomia neurri batzuk ezarri ziren Hungariako sozialismoan.
1989: Austriarekiko mugak ireki eta Burdinazko Hesia hautsi zuen Hungariak. Ekialdeko Alemaniako milaka lagunek Mendebaldeko Alemaniara egin zuten ihes. Komunismoa bertan behera utzi zuten Hungarian eta trantsizio aldi bat abiatu.
1991: Tropa sobietarrak erretiratu ziren.
1994: Komunista ohiek eta liberalek gobernua osatu zuten. Merkatu askeko politikei eutsiko zietela iragarri zuten.
1997: Herritarrek NATOn sartzeko babesa eman zuten erreferendum batean. EBk erabaki zuen Hungariarekin bat-egite negoziazioak hastea.
1999: NATOn sartu zen.
2001: Errumania, Eslovakia, Ukraina, Serbia, Kroazia eta Eslovenian bizi ziren hungariarrei nortasun agiri berezi bat ematea onartu zuen Legebiltzarrak, Hungarian behin-behinekoz lan egin, ikasi eta osasun artatzea jasotzeko aukera emateko (Estatus Legea).
2002: Peter Megdgyessy lehen ministroak aitortu zuen zerbitzu sekreturako kontraespioitza lanean aritutakoa zela 1970-1980ko hamarkadetan. KGBrekin kolaboratu izana ukatu zuen, dena den.
2003ko apirila: Herritarren parte hartze txikiarekin (%46), gehiengo zabalak EBn sartzeari baiezkoa eman zion erreferendumean.
2003ko ekaina: Legebiltzarrak aldaketak egin zizkion Estatus Legeari. Herrialde bizilagunek beren barne arazoetan sartu eta gainerako gutxiengoekiko tratu baztertzailea eragitea leporatu zion Budapesti.