AEB-KUBA HARREMANAK

Hegaldi komertzialei berrekiteko akordioa lortu dute AEBek eta Kubak

Urtebete da gaur bi herrialdeetako agintariak harreman diplomatikoei ekiteko prest agertu zirenetik.

John Kerry AEBetako estatu idazkaria Habanako Jose Marti aireportuan, abuztuan. AMERIKETAKO ESTATU DEPARTAMENTUA
2015eko abenduaren 17a
10:36
Entzun

Bost hamarkadaz izoztuta izan diren harremanak urtzeko beste urrats bat egin dute Ameriketako Estatu Batuek eta Kubak. Hegaldi komertzialei berriro ekitea adostu dute. Washingtonen eginiko bilera batean heldu dira adostasunera; horren arabera, jada eskaintzen diren charter hegaldiekin jarraitu eta "aire zerbitzu erregularrak ezartzea" ahalbidetuko dute.

Hartara, "baimendutako hegaldi kopurua ugaritzea erraztu" eta "bi herrialdeen arteko loturak" estutuko dituzte, AEBetako Estatu Departamentuak azaldu duenez. Hala ere, gogorarazi du AEBetako araudiak oraindik debekatu egiten duela Kubara jarduera turistikoetarako bidaiatzea".

CNN eta The Washington Post hedabideek zabaldutakoaren arabera, ordea, akordioa "gai teknikoei" buruzkoa da, eta hilabeteak beharko dira oraindik AEBetako aire konpainiek Kubarako hegaldiak antolatzeko.

54 urtez bi herrialdeen harremanek izandako etenaren ondoren, duela urtebete agertu ziren Barack Obama eta Raul Castro AEBetako eta Kubako presidenteak bi herrialdeen arteko harremanei berriz ekiteko prest. Horren ondorioz, AEBek maiatzean atera zuten ofizialki Kuba 'terrorismoa susatzen duten herrialdeen zerrenda beltzetik'. Gainera, John Kerry AEBetako estatu idazkariak bisita historikoa egin zuen Habanara, bi herrialdeetako enbaxadak zabaldu ostean.

Hala ere, hainbat gairi buruz ados jartzeke daude oraindik. Besteak beste, migrazioa eta giza eskubideak dituzte eztabaidagai; gainera, Obamak Kubari ezarritako blokeoa aritzeko neurriak hartu dituen arren, hura erabat kentzea AEBetako Kongresuari dagokio, eta gaur egun bahimendua kentzearen aurka dauden errepublikanoen kontrolpean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.