Europa

Hegaldietako bidaiarien datu bilketa polemikoa onartu du Europako Legebiltzarrak

2011n aurkeztu zuten lehen aldiz bidaiarien datuak jasotzeko eta partekatzeko proposamena, baina orain arte ez du aurrera egin, askatasun zibilak urratzen dituelako.

Europarlamentariak, botoa ematen. EUROPAKO LEGEBILTZARRA
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko apirilaren 14a
07:28
Entzun

Parisko eta Bruselako atentatuak izan dira argudio Europako hegazkin bidaiari guztien datuen kontrol zorrotza egiteko, azkenean gobernuen eskakizunari aurrera egiteko baimena eman baitio Europako Legebiltzarrak: hegazkin konpainiek bidaiarien datuak jarriko dituzte gobernuen eta haien polizien eskura; besteak beste, nortasun agiriko datuak, hegaldiak ordaintzeko modua eta kreditu txarteletako informazioa, hotel erreserbarena eta telefono zenbakiak. Bezeroen hemeretzi datu arte. Ustezko terroristak hegaldia hartu aurretik harrapatzeko aitzakian, herrialde bakoitzeko datu baseetan bost urtean iraungo dute bidaiari guztien datuek, eta sei hilabete igaro ondoren susmagarrien kasuetan begiratu ahal izango dira.

Estatu bakoitzak informazio unitate bat sortuko du hegazkin konpainien informazioa kudeatzeko, eta datu horiek Europako estatu kide guztiekin partekatu ahal izango dituzte, eskaria eginez gero. Txostenak zehazten duenez, “terrorismo kasuetan soilik” erabiliko dira datuok, eta, gainera, “delikatua izan daitekeen informazioa ez da emango, arrazarena eta erlijioarena, kasurako”. Baina nekez beteko dira xehetasun horiek praktikan.

Europako nortasun agiria eta jatorri arabiarra duten gazteen joan-etorria kontrolatzea dute helburu batez ere, eta arauak aurrera egin du Europako popularren, kontserbadoreen eta euroeszeptikoen botoei esker. 

Asko eztabaidatu izan dute neurri hau Europako Parlamentuan; izan ere, askatasun zibilekin talka egiten du. Baina, Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak azaldu duenez, “Parisen eta Bruselan izandako atentatu izugarriek erakutsi dute erantzun bateratua eman behar diola Europak terrorismoari, eta neurri zehatzak izan behar dituela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.