Pangkal Pinang herrira zihoan hegazkina, Yakartatik, baina aireratu eta gutxira aireportura itzultzeko eskatu zuen pilotuak, Indonesiako erakundeek jakinarazi dutenez. Berriz lur hartu baino lehen, ordea, galdu egin zuten kontaktua hegazkinarekin; aireratu eta 13 bat minutura gertatu da ezbeharra.
Boeing 737 Max modeloko hegazkina da, eta 189 lagun zihoazen barruan, Indonesiako gobernuak berri eman duenez. Horietatik zortzi hegazkin konpainiako langileak dira.
Ezbeharraren lekuan dira dagoeneko ur azpiko salbamendu taldeak. Gorpuzkiak eta bidaiarien hainbat objektu atzeman dituzte. Lehen ikerketen arabera, "akats tekniko" bat izan daiteke istripuaren eragilea.