VENEZUELA

Hegazkin bat erori da Machiques herrian eta 160 bidaiariak hil dira

Martinikara zihoala, Venezuelan lurreratzeko baimena eskatu du motorean arazoak zituelako

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Panamako hiriburutik atera eta Martinikako Fort-de-France hirira zihoan hegazkina. Barruan 152 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide zeramatzan. Ez ziren, ordea, helmugara iritsi. Hegazkina Machiquesen (Venezuela) erori zen, bi etxalderen artean. Herritarrek leherketa handi baten hotsa entzun zuten. Bidaiari guztiak hil zirela jakinarazi zuten atzo arratsaldean Venezuelako iturri ofizialek. «Zaila da inor bizirik aurkitzea, baina istripua izan den lekura iritsi arte ezin dugu ezer ziurtatu», azaldu zuen lehenago Barne ministro Jesse Chaconek.

Bidearen erdia egina zuten arazoak hasi zirenenean. Motorretako batek huts egin zuen eta pilotuak Maracaiboko (Venezuela) aireportuan lurreratzeko baimena eskatu zuen. Handik ordubete ingurura, baina, bigarren motorrak ere huts egin zuen. Ondorioz, hegazkina altuera galtzen hasi zen 2.100 metro minutuko abiaduran. West Caribean Airways konpainiaren esanetan, bidaiari guztiak frantsesak ziren eta tripulazioko kideak, berriz, kolonbiarrak. Adingabe bat zegoen bidaiarien artean. Bidaiarien eta tripulazioaren gorpuak Maracaibora, Zulia eskualdeko hiriburura, eraman zituzten Armadako helikopteroek. Han, bidaiarien senideen laguntzarekin gorpuak identifikatuko dituzten itxaropena dute agintariek. Bestalde, Frantziako presidente Jacques Chirac atsekabetuta agertu zen atzo istripua zela eta. Martinika uharteak Frantziaren menpe daude eta hangoak ziren bidaiari gehienak. Hori dela eta, Itsasoz Bestaldeko Lurraldeetarako ministro Francois Baroinek Venezuelara bidaltzea erabaki zuen Chiracek. Frantziako presidenteak doluminak agertu zizkien hildakoen senide eta lagunei. Frantziako Atzerri Ministerioak, berriz, larrialdirako talde berezi bat osatu zuen atzo eta telefono berezi bat ere jarri zuen informazioa emateko. Larrialdietarako taldea Martinikako aireportuan geratuko da, biktimen senideei laguntzeko.

Ikerketa talde berezia

Istripuen Ikerketarako Frantziako Erakundeko hiru aditu Venezuelara, eta beste bi Martinikara joan ziren atzo Kolonbiako hegazkinaren istripua ikertzeko. Frantziako lehen ministro Dominique Villepinek eman zuen erabakiaren berri eta elkartasuna helarazi zien biktimen senitartekoei.

Istripua izan zuen hegazkinak Frantziako arduradunek jarritako bi kontrol igaro zituen aurten, eta ez zioten inolako arazorik aurkitu. Hala esan zuen Frantziako Garraio ministro Dominique Perbenek. Konpainia bereko beste hegazkin batek ere istripua izan zuenmartxoaren 24an. Orduan, Providencia uhartetik aireratu eta gutxira lurrera erori zen. Let-410 hegazkinak hamabi bidaiari zeramatzan eta San Andres uhartean lurreratu behar zuen. Zortzi pertsona hil eta beste sei zauritu ziren istripuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.