Kamerungo Duala hiritik aireratu eta Kenyako Nairobi hiriburuan lurreratu behar zuen Boeing 737-800 hegazkinak, baina Kamerun hegoaldeko basoan erori da, eta 115 lagun hil dira. Kenya Airways konpainiak jakinarazi duenez, hegazkinak konpainiarekin kontaktua galdu zuen erauntsi batek harrapatu zuenean. Hegazkinean, 106 bidaiari eta konpainiako eskifaiko bederatzi lagun zihoazen.
Kamerungo irratiaren arabera, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, hegazkina Kamerun hegoaldeko basoan erori da, Niete herrixkatik oso gertu. Eroritako hegazkina bilatze aldera, Kamerungo aire armadako bi helikoptero inguruan zebiltzan atzo, eta Nieteko Poliziako brigada guztiak ere bilaketa lanean jarri dira. Bien bitartean, Kamerungo agintariek bi larrialdi zentro ezarri dituzte: Dualyen etaJaunden.
Kenya Airways konpainiak ez du baieztatu hegazkina erori denik, eta desagertutako hegazkinarekin azken harremana, aireratu eta denbora gutxira izan zuela esan du. Konpainiak gaineratu duenez, istripuak sortutako krisi egoera kudeatzeko bulego bat zabaldu dute Nairobiko aireportutik gertu. Ez du informazio gehiago eman Kenya Airwaysek, eta enpresako zuzendari Titus Naikuni hegazkinarekin zer gertatu den ez dakitela esatera mugatu da.
109 bidaiarietatik 82 afrikarrak ziren, 21 asiarrak, bat estatubatuarra eta gainerako hiru desagertuen naziotasuna ez da ezagutzen.
HEGAZKIN ISTRIPUAKAFRIKAN. Atzoko ezbeharra Afrikan inoiz gertatu den larrienetako bat da. Kontinente horretako hegazkin istripurik larriena 2000. urtean gertatu zen, Boli Kostatik aireratu eta Nigeriara zihoan Kenya Airwayseko A-310 hegazkina Ozeano Atlantikora erori zenean. 179 lagun hil ziren.
Bi urte beranduago, 2002ko maiatzaren 4an, 148 lagun hil ziren beste hegazkin bat Nigeriako Kano hiritik hurbil erori zenean. Handik hiru egunera, maiatzaren 7an, Egyptair konpainiako Boeing 735a istripua izan zuen, eta Tunisian erori zen. Lagun asko onik atera baziren ere, 55 bidaiari hil ziren.
2003an bi aire ezbehar larri izan ziren Afrikan. Lehenengoa martxoan gertatu zen, eta bertan, 102 pertsonek bizia galdu zuten aireko bat Aljerian erori zenean. Uztailean, Sudanetik aireratu berri zen Boeing 737 bat izan zen istripua izan zuena. Orduan ere, 115 lagun izan ziren hil zirenak.
Atzokoa baino lehenagoko azken istripu larria 2005eko abenduan gertatu zen. Orduan, Sosoliso Airlineseko DC-9a Nigeriako Port Harcourt herritik hurbil erori eta 103 lagun hil ziren. Urte bereko urrian, 117 pertsonek bizia galdu zuten, Nigeriako Lagos hiritik atera berri zen hegazkinak istripua izan zuenean.
Hegazkin bat erori eta 115 lagun desagertu dira Kamerunen
Dualatik Nairobira zihoan hegazkina erauntsi batek harrapatu eta Kamerungo basoan erori da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu