Kongoko Errepublika Demokratikoan gutxienez 63 bidaiari hil ziren atzo hegazkin istripuan. Pilotuak hegazkinaren kontrola galdu zuen antza, Goma hiriko aireportutik aireratu behar zuenean. Galgatzean,ordea, lurreratzeko pista gainditu eta lurra jo zuen. Hegazkinean 79 lagun zihoazen istripua gertatu zenean; eskifaiako bost lagun eta 11 bidaiari bizirik irten ziren. Hegazkinak Gomako auzo jendetsuenean, Bireren, jo zuen lurra; horregatik, hildakoen kopurua handiagoa izan daitekeela uste da.
SEGURTASUN FALTA. Hewa Bora konpainia pribatuaren hegazkinak Kongoko Errepublika Demokratikoko Kisanganin lurreratu behar zuen. Segurtasun maila eskasa dute herrialde horretako hegaldiek; 2007an, besteak beste, zortzi hegazkin istripu izan ziren. Orain sei urte, berriz, Gomako aireportuko hirugarren lurreratze pista sumendi bateko labak estali zuen.
«Suak dena hartu du. Horregatik zaila da jakitea aurkitutako gorpuak hegazkineko bidaiarienak edo istripua izan den inguruko herritarrenak diren», azaldu du Julien Mpaluku Kivu Iparraldeko gobernadoreak. Aireportuko eta Gurutze Gorriko langileek, berriz, hildakoak dozenaka direla adierazi dute, kopuru jakinik eman gabe. «Jendea urez betetako ontziekin joan da sua itzaltzera. Nazio Batuen Erakundea jendetzari eusteko ahaleginak egiten ari da», azaldu du lekuko batek. Hildakoen gorpuak eta zaurituak istripua gertatutako tokitik ateratzeko zailtasun handiak izan dituzte.
Istripuaren ondorioz, eraikin bat suntsituta geratu da, eta beste bi suak kiskali ditu.
Hegazkin batek Kongoko Goma hirian lurra jo eta gutxienez 63 lagun hil dira
Hegazkinak auzo jendetsu batean jausi da; hori dela eta, hildakoak gehiago izan daitezkeela uste da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu