Hegazkin batek su hartu eta gutxienez 29 bidaiari hil dira Iranen, Mashaden

Airekoa lurreratzen ari zenean gurpiletako bat lehertu eta su hartu zuela uste dute agintariek

arantxa elizegi egilegor
2006ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Irango Bandar Abbas hiriko aireportutik atera eta Mashadera zihoazen atzo Tupolev 154 hegazkineko 148 bidaiariak. Iritsi ere iritsi ziren, baina lurra ukitu eta gutxira airekoak su hartu zuen eta gutxienez 29 pertsona hil ziren. Pasaiariak guztiak. Sutearen arrazoiak oraindik erabat argi ez dauden arren, agintariek uste dute hegazkinak lurra ukitu zuenean gurpiletako bat lehertu egin zela eta horrek eragin zuela sua. Eskifaiako kideak bizirik irten dira istriputik, eta horiek gertatutakoa argitzen lagunduko dutela azaldu dute agintariek.

Irango hegazkin gehienak zaharrak dira. Sobiet Batasunari erositako aparatuak dira. Teheranek zailtasunak ditu hegazkin berriak erosteko, Mendebaldearekin eta batez ere AEBekin dituen harremanak okertu egin direlako. Adituen arabera, aparatu horien segurtasun neurri eskasek eragin dute istripua.

DATU ARGIRIK EZ. Istripua izan eta berehala datuak nahasiak izan ziren. Hasieran agintariek hildakoak 80 inguru zirela esan zuten. Aurrerago, ordea, 29 izan zirela argitu zuten, nahiz eta kopurua handitu zitekeela iragarri: «Zaurituetako batzuk larri eraman dituzte erietxera, eta beraz, ezin dugu datu argirik eman. Azken informazioen arabera, 50 eta 60 pertsona artean atera dira bizirik».

Azken urteetan hegazkin istripu ugari izan dira herrialde horretan. Larriena 2003ko otsailaren 19an izan zen. Errusian egindako Antonov motako airekoan 302 militar zihoazen, eta guztiak hil ziren. Urte bat lehenago, 2002ko abenduaren 23an, Turkiatik Iranera zihoan Antonov 140 motako hegazkin bat erori eta 46 pertsona hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.