Peru iparraldean, Amazonas oihaneko lurretan, TANS Boeing 737-200 hegazkin batek izandako istripuan gutxienez 35 lagun hil ziren herenegun iluntzean. Lima-Pacallpa-Iquitos hegaldia egiten ari zen hegazkina, eta Pacallpa hirian larrialdiko lurreratzea egiten ari zela, handik bost kilometrora jo zuen lurra. Bitan zatitu zen hegazkina, talkaren ondorioz.
Orotara 98 pertsona zihoazen hegazkinean: 92 bidaiari eta sei eskifaia-kide. Horietatik, hamabost atzerritarrak ziren (11 estatubatuar, bi italiar, kolonbiar bat eta espainiar bat). Poliziak atzo esan zuenez, hildako 35 pertsonaren gorpuak berreskuratu zituzten eta beste seiren bila ari ziren. Istriputik bizirik ateratzea lortu zuten 57 lagunak inguruko ospitaleetara eraman zituzten. Salbamendu lanak bertan behera utzi behar izan zituzten asteartean, iluntasuna eta eguraldi txarra zirela eta. Atzo ekin zioten berriro lanari. Cesar Arroyok, eskualdeko fiskalak adierazi zuenez, oraindik gorpuak geratzen diren berreskuratzeko. Jorge Belevan, TANS Peruko airelinea enpresako bozeramaleak adierazi zuenez, bizirik ateratako 57 pertsonetatik gehienek mediku artatzea jasota zuten. Horietatik bi, haurrak,zainketa berezien gelan zeuden, Pucallpako ospitalean. Auzitegiko medikuak ere lanean ari ziren, berreskuratutako 35 pertsonen gorpuak identifikatu zituzten. TANSen arabera, istripua haize bolada gogorren ondorioz gertatu zen. «Hegazkinak ez zuen lurra jo, ez zen erori. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin zuen», azaldu zuen Jorge Belevanek, istripua pilotuaren erruz ez zela izan defendatzeko. «Pilotuek trebetasun handia izanda ere, haize boladak lurreratzerako garaian agertzen direnean, hegazkina bere norabidetik kanpora eramaten dute».
Kutxa beltza, berreskuratuta
Salbamendu lanen bigarren eguna zen atzo eta Poliziak hegazkineko kutxa beltzetako bat aurkitzea lortu zuen. Oraindik, ordea, ez zekiten kutxa beltz hura hegaldiko azken 30 minututako ahotsak grabatu zituena izango ote zen, edota hegaldiko azken parametroak grabatu zituena.
Peruko Garraio Ministerioko iturriek adierazi zutenez, gaur bertan Guido Fernandezek zuzendutako abiazio ikerketa batzorde bat bidaliko dute Pucallpara. Honen helburua, Ministerioak adierazi zuenaren arabera, gertakaria ikertzea izango da, honen zergatiak jakin eta aurrerantzean gerta litezkeen istripuak saihestu ahal izateko. Bestetik, kutxa beltzak Wa-shingtonera bidaliko dituzte, aire istripuen ikerketa bulegora, gertakaria analizatu eta interpreta dezaten. Pucallpako polizia buruak, Ariosto Obregonek, hegazkina guztiz deseginda zegoela esan zuen, eta salbamendu lanak baso itxian eta gune lohitsuetan egitera behartuta zeudela. Salbamendu lanen harira, Peruko presidente Alejandro Toledok herritarrei eskatu zien biktimei beharrezkoa zen laguntza eskaintzeko. Peruko RPP irrati kateak eman zuen Toledoren deialdiaren berri. Toledo presidenteak agerraldi publiko bat egin zuen atzo. Ikerketen emaitzak ezagutu bitartean hegazkinarekin gertatutakoaren inguruko espekulazioak alde batera uzteko ere eskatu zuen. Istriputik bizirik ateratako zenbait bidaiarik euren esperientziaren berri eman zioten zenbait komunikabide eta informazio agentziari. Lazturaz betetako kontaketak egin zituzten. Yuri Salasek adierazi zuenez, zerua belztu egin zen, eta hegazkina papera bezala mugitzen hasi zen, turbulentzien ondorioz. «Su eta garra ugari piztu ziren, baina bat-batean dena isilik geratu zen», kontatu zuen Salasek. Hegazkinetik atera ziren beste bi neska italiarrekin batera, lur higikorrak eta zuhaitzak atzean uztea lortu zuen Salasek.
-
HEGAZKIN ISTRIPUAK
Hilabete honetan izan den bosgarren hegazkin istripua
Hilabete honetan beste lau hegazkin istripu izan dira munduan. Abuztuaren 6an 16 pertsona hil ziren Sizilian (Italia), Tunisiako Tuninter etxeko hegazkin batek lurra jo zuenean. Hilaren 14an beste 121 pertsona hil ziren, Zipreko hegazki batek pilotuaren kabinan presioa galdu, erregairik gabe geratu eta erori zenean.
Aurreko astean, berriz, 160 pertsona hil ziren Venezuelan. Kolonbiako hegazkin bat Martinikara zihoala erori egin zen eta bidaiari guztiak hil ziren. Herenegun gertatutako hegazkin istripua Perun azken urteotan gertatu den larrienetakoa da. Hala ere, herrialde horretako hegazkin istripu larriena 1996. urtean gertatu zen. Faucett etxeko hegazkin batek lurra jo eta 123 pertsona hil ziren.