Espainia

Hegazkin matxuratuak lur hartu du Madrilgo Barajas aireportuan

Torontora (Kanada) zihoan Air Canada enpresako hegazkin bati gurpiletako bat hondatu zaio aireratzean, eta gurpilaren pieza batzuek, motorra jo, eta matxuratu egin dute. Lau orduz aritu da hegan Madril gainean, lurreratu aurretik erregaiez husteko.

Madrilgo Barajas aireportua. MARISCAL
2020ko otsailaren 3a
09:43
Entzun

Air Canada enpresako Boring 767-300 hegazkina 14:30ean aireratu da Madrilgo Barajas aireportuan, 128 bidaiarirekin. Torontora joan behar zuen, baina aireratzean gurpiletako batean izandako kalteak itzultzera behartu du.

Gurpil kaltetuko piezek motorretako bat jo dute, gainera, eta hura matxuratu dute. Su ere hartu du motorrak azkenerako. Espainiako armadako F-18 hegazkin bat hurbildu zaio hegazkinari airean, kalteak gertutik aztertzeko. Bidaiarietako batzuek sare sozialetan zabaldu dituzte hegazkin barrutik hartutako hainbat irudi.

Barajasen larrialdietako lurreratzerako prestatu dira. Pista bat gorde dute hegazkinarentzat, eta larrialdi zerbitzuak indartu dituzte. Hainbat anbulantzia eta suhiltzaile kamioi prest egon dira pistatik hurbil, hegazkina lurreratzen zenerako. Erregaia erre beharra zeukan, pisua galtzeko.

Hegaldiko komandanteak bidaiariei azaldu die erregai gehiago kontsumitu behar zutela lurreratu aurretik, eta ordura arte Madril inguruan ibiliko zirela hegan. Jakinarazi duenez, hegazkinak hamasei gurpil ditu atzealdean, eta beste bi aurrealdean, eta gurpil bat soilik kaltetu da aireratzean. 19:07 zirela lurreratu da, airean lau ordu pasatxo ibili eta gero.

Bidaiariak lasai egon direla nabarmendu dute, eta larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute ez dutela inor artatu behar izan.

Goizean, bestalde, aireportua itxita egon da ordu eta erdiz, hainbat drone atzeman dituztelako aire eremuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.