Hego Amerika, eskuinetik aldenduz

Paraguain Lugok irabazi ostean, ezkerrerantz beste pauso bat eman du Latinoamerikak; batzuen eta besteen ideologien artean, baina, ñabardura ugari daude, eta hiru ildo nagusi bereiz daitezke.

LUISMI HUARTE CARACAS
2008ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Fernando Lugo Paraguaiko zentro-ezkerreko hautagaiaren garaipenak, Hego Amerikan egun dagoen banaketa politiko-ideologikoaren inguruko gogoeta eragin du. Europatik egin ohi den azterketa -gutxienez komunikabide nagusietatik- errepikatu egin da, errealitatea manipulatuz eta, ondorioz, argazki politikoa desitxuratuz, Lugoren garaipenaren ondotik. Bi ezker mota aurkezten dizkigute: batetik, ezker «modernoa», «malgua»eta «XXI. mendera egokituta» (Brasil eta Txile, besteak beste); eta, bestetik, ezker «populista», «gaubeila» eta «gatazkatsua» (Venezuela eta beste).

Beraz, deskribapen zehatzagoa behar dugu, jokaleku politiko latinoamerikarra nola dagoen osatuta hobeto ulertzeko. Eskualdearen sailkapen erraz bat egin ondoren, hiru gune politiko ezberdin antzeman daitezke, bakoitza bere barne kontraesanekin, zalantzarik gabe: fronte gorria, fronte arrosa eta fronte kontserbadorea.



FRONTE KONTSERBADOREA. Fronte kontserbadoreak hiru ezaugarri nagusi ditu: bertako oligarkiaren botere handia, garapen eredu neoliberalaren tinkotasuna eta AEB Ameriketako Estatu Batuekiko menpekotasun nabaria. Gobernu bakoitzak, dena den, baditu bere ñabardurak. Kolonbiako Gobernua, adibidez, gaur egun Washingtonen peoi zintzoena da eskualde osoan eta integrazio latinoamerikarrarentzat oztoporik handiena. Kontinenteko Israel berria bezala bataiatua izan da.

Alan Garciaren Peruko Gobernua, Etxe Zuriari eskualdean gelditzen zaizkion adiskide bakanetako bat da. 80ko hamarkadako populismotik XXI. mendearen hasierako pragmatismo neoliberalera igaro da Garcia, AEBekin Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA) indartuz eta potentziaren presentzia militarra baimenduz.

Bestetik Michelle Bachelleten gobernua, Txilen, diktadura erori zenetik osatu diren kontzentrazio gobernuetatik beste bat da, hau da, eskuin moderatuaren (kristau-demokrazia) eta oinarria galdutako zentro-ezkerraren arteko hitzarmenaren isla, eskuin muturrari aurre egiteko. Ezin dugu ahaztu munduko eredurik neoliberalenetako bat dela oraindik Txile.



FRONTE ARROSA. Fronte arrosak ere, ezaugarri komunak ditu, eta horietako bat ez da sozialdemokrazia, analista batzuek hala baieztatu arren. Sozial-liberalismotik hurbilago koka daitezke gobernu hauek, indar baxuko politika ekonomiko neoliberala hainbat gizarte neurri bakarturekin uztartzen baituzte.

Beste bereizgarri nagusia da, Washingtonekiko jarrera subiranoagoa izatea. Brasil, adibide esanguratsuena da talde honetan, aipatutako elementuak batzen baititu, zehaztasun handiz: Nazioarteko Diru Funtsak agintzen duen norabide makroekonomikoa errespetatzen du, txiroentzako asistentzia plan bakan batzuk gauzatzen dituen bitartean. Baina, aldi berean, aurreko batzorde eragilekoek erakusten zuten menpekotasuna Washingtonekiko murriztuz joan da, Mercosur indartuz eta, garrantzitsuena eta historikoa dena, ALCA errefusatuz.

Kirchnertarren gobernu argentinarrak, gizarte arloan aurrerapen nabarmenak lortu ditu, pobrezia tasak jaitsaraziz, promesten duen neokeynesianismo horretatik oraindik urrun egonda ere. Brasilekin -eta Venezuelarekin- batera bultzatzen ari den jokaera independenteagoa, (energia eta finantza arloetan batez ere) ez da izaten ari Etxe Zuriaren gustukoa.

Tabare Vazquezen talde eragileak, Uruguain, teorian zentro-ezkertiartzat jotzen den arren, desilusio handia eragin du herri sektore askorengan, ekonomia eredua mantentzeagatik eta AEBekin inbertsio itun bat sinatzeagatik. Hala eta guztiz ere, Mercosur eta Hego Amerikako integrazioaren aktoretzat jotzen da.



FRONTE GORRIA. Fronte gorria definitzen duten bereizgarriak, orokorrean eta indar gutxiago edo gehiagorekin kasuen arabera, hauexek dira: berbaldi iraultzailea baina praktika zuhurragoa, sozialdemokrazia erradikalaren tankerakoa; herri mobilizazio nabarmena; eta anti-inperialismo indartsua. Venezuela da, multzo honetan, motorra eta adibide argiena, eta bere presidentea, Hugo Chavez, aldaketa kontinentalaren buruzagi sinbolikoa. Gizarte politika nahiko aurreratuak, hezkuntzan, osasungintzan eta elikaduran; Estatuaren berrindartzea ekonomian, herri mugimenduaren antolakuntza, eta AEBetako administrazioaren aurrean jarrera duina, gobernu bolivartarraren osagai nagusiak dira.

Evo Moralesen gobernua Bolivian, fronte horren aktore nagusietako bat da, berbaldi antikapitalista eta indigenen aldekoa uztartuz. Egindako urratsak, orain arte, ez dira nahi bezain sakonak izan, baina bertako eskuin arrazista matxinatu da, gobernua atzeraraziz azken boladan.

Ekuadorko Gobernua da hirukote andinoan falta den bakarra. Rafael Correa presidenteak, ustekabean harrapatu du jende asko, eta zuhurrago ematen zuen gobernua, urrats ausartak eta sendoak egiten hasi da, bai barne zein atzerri politikan.

Fronte horien gainetik, badago irizpide bat, gaur egun eskualde mailan garrantzitsuena eta aliantza politika motak zehazten dituena: AEBekiko harremana, subiranotasunari dagokionez. Fronte gorriaren eta arrosaren arteko lan bateratua, irizpide honen arabera ulertu behar dugu. Telesur, Banco del Sur, Unasur, eta eginiko azken proposamenak (Segurtasun Defentsa Kontseilua eta AEEren ordezkoa izanen den Latinoamerikako Estatuen Erakundea) logika honen barruan kokatzen dira. Lehenengo independentziaren 200. urteurrenaren atarian, oso aldeko egoera bigarren independentziarantz oinarriak finkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.