Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna osatzen duten hamabi herrialdeek gai labainkorra izan zuten atzo Quitoko goi bileran: AEBek Kolonbiako zazpi base militarretan sartzeko duten egitasmoa; bi herrien artekoa. Unasurrek Quitoko Deklarazioaren barruan asmo horren aurkako erabakia sar dezala eskatu dute Venezuelak, Boliviak eta Ekuadorrek, Hego Amerikako herrientzat AEBetako militarrak Kolonbian egotea mehatxua dela uste dutelako, baina gai hori deklarazioan sartzeak ez du aurrera egin, herri guztiak ez direlako Kolonbiaren jarrera salatzearen aldekoak.
Boliviako presidente Evo Moralesek aurkeztu du Hego Amerikan atzerriko armadek base militarrik ezar ez dezatela dioen proposamena, baina ez du lortu aurrera egitea. Azkenean, hilabete honetan Hego Amerikako Defentsa eta Atzerri ministroek gai horri buruz eztabaidatzen jarraitzeko erabakia hartu dute, hilabete honetan bertan egingo duten bileran. Unasurren deklarazioan barneratzeko, erabakiek herri guztien onespena behar izaten dute, luzera begirako erabakiak izatea nahi baitute , eta gai honetan ez dute aho bateko onespenik lortu.
Kolonbiak Ekuadorrekin harremanak etenda dauzka,iaz Kolonbiako armada Ekuadorren sartu zenez geroztik. Raul Reyes FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren buruzagietan bigarrena harrapatzera sartu ziren kolonbiarrak, eta hil egin zuten.
Venezuelarekin, berriz, ia etenda dauzka. Caracasek harreman komertzialak eta diplomatikoak etengo dituela esan zuen duela bi aste Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, Kolonbiak Venezuelari leporatu ondoren FARCi armak eman zizkiola, eta atzoko bileraren aurretik Kolonbiari erregairik ez diola prezio baxuan emango iragarri zuen: «Daukan jarrerarekin, erregaia nahi badu eros dezala besteek bezala. Nik Kolonbiako herria maite dut, baina herritarrek presidenteari kargu hartu behar diote, horrelakorik egin ez dezan».
Duela bi aste enbaxadorea atera zuen Chavezek Bogotatik, eta berriz jarri du, «bi herrien arteko bake harremanak bultzatzeko», baina ezertan ados jarri bitartean presio egiten jarraituko du Venezuelak. «Hego Amerikan gerra eragin dezake Kolonbiaren eta AEBen arteko hitzarmenak, baina Venezuela prestatuta dago edozein inbasiotarako», Chavezen ustez, estatubatuarrak Kolonbian ezartzeko arrazoi nagusietako bat Venezuela gertutik kontrolatzea baita, eta «pena handia da adostasunik ez lortzea estatubatuarrak geldiarazteko».
Kolonbiak AEBekin dituen asmoen berria zabaldu zenean, Hego Amerikako herriak adi jarri ziren, baita Ekuador, Venezuela eta Boliviaz gain beste guztiak ere. Eta hitzarmena azaltzeko berehalako bilerak egin zituen Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak, Argentina, Uruguai, Paraguai, Txile, Brasil eta Peruko ordezkariekin. Unasurren goi bileraren aurretik bere asmoak agertu nahi izan zituen, atzoko goi bilerara ez zela joango esan baitzuen Uribek. Besteak beste, Brasilek ez ditu gogoko base militar horiek, joan den astean Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak esan zuenez. Peru dago beste aldean,Alan Garcia presidentearentzat gai militarrei buruzko erabakiak herri bakoitzak bere etxean hartu beharrekoak direlako. Peruk AEBekin hitzarmen militarrak dauzka.
Correa presidente berria
Atzoko Unasurren goi bileran, hala ere, beste erabaki batzuk egon dira, eta garrantzitsuak, gainera, agintariek argi utzi nahi izan dutenez. Michelle Bachelet Txileko presidenteak Rafael Correaren esku utzi zuen atzo presidente kargua, inaugurazio ekitaldian. Correak esan zuenez, «inork ez du trabatuko aberri handi bat sortzeko gure herriek hasi duten ibilbidea. Erabaki politiko bat hartu genuen Hego Amerikaren alde, eta hori ez dute hautsiko atzerriko gobernuek».
Urtebetekoa da Unasurreko presidentetza. Horrekin batera, Correak Ekuadorko presidente karguaren bigarren agintaldiko zina egin zuen. Bilera Ekuadorren egiteak ere beste helburu bat dauka. Latinoamerikaren independentziaren 200. urteurrena ospatzea, Ekuadorren abiatu baitzen. «Hego Amerikako bigarren independentzia ere ospatuko dugu etorkizunean, inperialismotik askatzen garenean».
Unasurrek, berriz, Hego Amerikarako kontseilu berriak sortzea erabaki zuen atzo: Barne Egitura eta Plangintzarako Kontseilua, Hezkuntza, Zientzia eta Teknologiakoa, Narkotrafikoaren Kontrakoa eta Gizarte Garapenerakoa sortzeko hitzarmenak egin dituzte. Defentsa Ministroen Kontseilua eta Osasun Kontseilua martxan dituzte jada, emaitza onekin, Bacheletek atzo esandakoaren arabera.
Iazko maiatzean sortu zen Unasur, eta Hego Amerikako Nazioen Komunitatea ordezkatu zuen. Unasur aurrekoak herrien artean zituen harremanak hobetzeko eta sendotzeko helburuarekin sortu zen, eta merkataritza askerako gunea lortu ahal izatekoere bai, CAN Nazioen Komunitate Andinoa eta Mercosur taldeak batuko dituena.
Orain arte, Unasurrek lortutako gauza garrantzitsuenen artean, Boliviak iaz izan zuen barne krisian esku sartzea izan da, kontseiluen bidez sortu dituzten sare garrantzitsuez gain.
Hego Amerikako buruzagiak ez dira ados jarri Kolonbiako base militarren inguruan
Unasurren goi bileran, Defentsa eta Atzerri ministroen esku utzi dute eztabaidarekin jarraitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu