Ipar Koreak atzo baimendu zuen erasoak nazioartean isolamendua besterik ez diola ekarriko esan dute AEBek, Caitlin Hayden Etxe Zuriko Segurtasun Kontseiluko bozeramailearen ohar baten bidez. "Propokazio beste adierazpen bat da, eta soilik Ipar Korea nazioartean isolatzeko eta bere garapen ekonomikoa oztopatzeko balioko du". Jarrera horrek ez duela laguntzen ere gaineratu du, eta nazioartean dituen betebeharrak betetzeko eskatu dio.
KCNAren arabera, AEBen "jazarpen geroz eta handiagoari" erantzuteko hartu du erabakia Ipar Koreak. Horretarako "baliabide nuklear txiki eta arinak" erabiliko dituela esan du. Hego Koreak esan du Ipar Koreak 4.000 kilometrora jaurtitzeko gai den misil bat mugitu duela ekialdeko kosta aldera, trenez. Ipar Koreatik AEBek Guam Uhartean duten base militarrera 3.300 kilometro daude, eta AEBen mendebaldeko kostara, San Frantzisko hirira, 8.400.
Yonhap Hego Koreako albiste agentziaren arabera, misil hori apirilaren 15ean bota dezake Ipar Koreak, egun horretan ospatzen baitute Kim Il-sung herrialdearen sortzailearen jaiotzaren urteurrena. AEBetako zerbitzu sekretuak uste du Ipar Koreak ez duela erasorako gaitasun hori, baina "badaezpada" ere iragarri berri dute Guamera misilen aurkako sistema bat bidaliko duela.