Hego Osetia, eguneroko tentsioa

Hego Osetia Georgiatik bereizita bizi da 1991tik. Inork aitortzen ez duen estatu independenteak Ipar Osetiarekin --Errusiako Federazioarekin, beraz-- bat egiteko asmoa du. Herri berezia da osetiarra: ez da kaukasiar jatorrikoa, indoeuroparra baizik, pertsiarren eta kurduen familiakoa eta Errusiaren aliatu leiala izan da beti.

URTZI URRUTIKOETXEA - TSKHINVAL
2007ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Errusiak babesten dituen bi herrialde independentista daude Georgian. Hego Osetian gatazka ez zen hain odoltsua izan eta, ustez, ez dago Abkhazian beste arazo honaino iristeko. Tskhinval hiriburua begien bistan daukagula gerarazi gaituzte georgiar soldaduek, checkpoint-a hiritik kilometro pare batera dago eta etengabe pasatzen da jendea. Baina bi orduz izan gaituzte geldi, halako batean, pentsaezina gertatu den arte: errusiar soldadu erraldoi bik zabaldu dute atea eta gizon ilegorri bat sartu da atzetik. Taymuraz Dzhidzhoev da, inork aitortzen ez duen Hego Osetiako Gobernuko Atzerri ministrordea. Etsaiaren lerroetaraino etorri da, gure bila beren-beregi. Jator portatu dira georgiarrak, mandarina batzuk ere eman dizkigute, baina argi utzi digute ez dagoela grabatzerik. Bostekoa luzatu dio honaino lagundu digun Georgiako gobernuko funtzionarioari. Une bateko zalantzaren ostean eman dio bostekoa georgiarrak, ez oso gogotsu itxuraz. Eszena sinestezina da: gerran dauden (gerra hotzean orain, bero samar atzo bertan) bi herrialdeetako ordezkariak kontrol militarrean elkarri bostekoa ematen.

Irina Glagoeva Hego Osetiako prentsa arduradunak egin digu harrera. Egoera Abkhaziatik oso desberdina dela esan digu. «Egia da, harreman gehiago ditugu georgiarrekin, baina tentsioa ere oso handia da. Ipar Osetia eta Errusiara joateko bide bakarra daukagu, hura georgiarren esku geratuz gero, akabo gure independentzia. Baina mugara iristeko herriak, Tskhinval utzi eta berehala, georgiarrak dira, horregatik ingurabideak hartu behar ditugu. Georgiarrek haien errepideak dauzkate, eta osetiarrok gureak».

1991ko gatazkaren ondorio da gaurko egoera, ordutik izoztutako argazkia ageri du gaur Hego Osetiak, eta hiriburuko irteeran bertan kontrolak eta errusiar bake-tropak daude, azken hileetan hainbat errepide itxi eta harresi berriak eraiki baitira georgiarren eta osetiarren herrien artean. Hemendik kilometro gutxira dagoen herrixka batean, Hego Osetiako gobernu alternatiboa eratu du Georgiak, gainera, Estatu Batuen onespenarekin. Bere tamala lotsarik gabe agertu digu Glagoevak: «Ondo egin genituen gauzak gerran, baina akats bat egin genuen: zintzoegiak izatea eta demokrazian sinestea. Abkhaziarrak azkarragoak izan ziren, gerra irabazi eta georgiarrak kanporatu egin zituzten, eta hara zeinen ongi bizi diren. Guk ere, kanporatu bagenitu, ez genuen hainbeste buruko min izango. Baina demokrazian sinetsi genuen».

Osetiarren esku dago eskualdearen zati handiena, baina georgiarren herrietan ez diote jaramonik egiten aginte horri, eta tentsio ugari izan dira. Horrela daude kontuak, eta Eduard Kokoity presidenteak georgiar herrien blokeoa agintzen du tarteka: errepideak itxi ez eze, argindarra eta ura ere moztu izan diete.



ERRUSIA MAITE. Etxean afari oparoa prestatu digute, eta bestelako patxada batean hitz egin dugu honetaz eta hartaz. Harro erakutsi digute Errusia Batuko, Vladimir Putinen alderdiko, txartela. «Hemen zalantza gutxi dago nor bozkatu, %90etik gora gara Errusia Batukoak, eta gutxiengo batek, zaharrek bereziki, komunistei ematen die botoa. Ez dago besterik». Euskaldunok eta georgiarrak lagunak garela entzun dute nonbaiten, baina lasaitu dira, separatisten lagun ere bagarela eta. Abkhazian eta Georgian ikusi dugun legez, hemen ere gustuko dute ETA, euskal gatazkaz askorik jakin ez arren. Nolabait esateko, grazia egiten die mendebaldean oraindik norbaitek armak hartzea boterearen aurka ekiteko.

Tskhinval haranean eraikitako hiri sobietarra da. Hotz handia egiten du kalean egunotan, botatako elurra ez da urtzen. Hiriko kale nagusiak Stalin izena dauka, eta Hego Osetiako polizia sekretua... bai, KGB da oraindik. Kamera ateratzerako gerarazi gaituzte, agiria erakusteko; ez da kazetarientzako herrialderik errazena, inondik ere. Abkhazian Abkhaziako ikur eta sinboloak dira nagusi, hemen baina, Errusiakoen aldamenean ageri dira beti osetiarrak. «Kaukasoko herririk leialena gara Errusiarekiko, eta amorru ugari ekarri dizkigu horrek» dio itzultzaileak. Txetxeniarrek hainbat eraso egin dituzte Ipar Osetian, Beslangoa tartean. Eta haien ahaide inguxekin borrokak are gogorragoak izan dira 1991tik, Stalinen deportazioez aprobetxatuz haien herriak kendu izana leporatzen baitiete osetiarrei.

Tskhinvalgo plazan ikusi dugu afixa: Osetia eta Errusia, betiko batasun zatigaitza. 1774an Osetia osoak Errusiari bere barnean har zezala eskatu ziola gogorarazten dute. Georgiar historialariek erabat ukatzen dute horrelakorik gertatu zela: ez omen zegoen Osetia izeneko estatu edo probintziarik, hain gutxi Georgiako aldean, osetiar batzuk bizi ziren Samatxablo georgiar probintzia baino. Georgiar abertzaleentzat osetiarrak etorkinak dira, Kaukasotik kanpoko tribu nomaden ondorengoak (eszita, sarmata eta, gerora, Europako mendebalderaino iritsi ziren alanoen ondorengoak), bertako herrien lurra ostu nahian.

Aurkikuntza arkeologikoek, baina, argi uzten dute osetiarrek ehunka urte, gutxienez, daramatzatela hemen. Osetiar historialari abertzaleen teoriak are urrunago doaz: georgiarrak dira etorkinak (Ekialde Hurbilekoak) eta osetiarrek lagundu zieten estatua eratzen. Yuri Dzidzoty Hego Osetiako Parlamentuko buruak historialari borroka hori deitoratzen du: «Georgiarrek joko nazionalista arriskutsua egiten dute, arrazismoa ere bada etorkinak garela eta ondorioz eskubiderik ez dugula dioen ideia, baina are gehiago, zein pisu izan dezake argumentu horrek borroka legal eta politiko baten?». Legea alde dutela uste dute osetiarrek. «Georgia izan zen Sobiet Batasunetik bere kabuz irten zena, eta guk, legea jarraituz, Georgiatik bereiztea eta Sobiet Batasunean, edo haren ondorengo izango zen herrialdean jarraitzea erabaki genuen».



STALINEN ONDAREA. Tskhinvaldik hurbileko herrixka batera eraman gaitu bisitan Hego Osetiako gobernuak, iparraldera joateko daukaten zeharbideetan barna. Herriko hilerrian, georgiar elizaren ondoan, sakrifikatutako ardi baten gorpuzkina dago, bizi-bizirik dagoen paganismoaren adierazgarri. Elurretako paisaian Lada zaharrak pasa dira. Eskolan, berriz, Stalinen muralaren aurrean dihardute olgetan umeek, denbora geratu balitz bezala.

Georgiako aldean ere badago antzeko irudirik. Gori hirian geratu ginen Tbilisitik Hego Osetiara bidean, hantxe baitago hona etortzeko bidegurutzea. Udaletxe aurrean Stalinen estatua dago, eta handik hurbil, museo bihurtu dute sobietar presidentearen sortetxea. «Zaharrek begirune handia diote oraindik Stalini», esan digute. Bagenuen Stalinen jatorriaz zegoen eztabaidaren berri, osetiarra ala georgiarra ote zen, eta gure ezjakintasunean, ondare horretaz «libratzeko» ahalegina zela uste genuen. Ez, baina. Stalinen figurarekiko kritiko agertu, eta gaurko gatazkaren sortzaileetako dela esan arren, bai georgiarrek bai osetiarrek beretzat aldarrikatzen dute Iosef Djugashvili, Stalin (--vili atzizkiak ageri duen izen georgiartuaren atzean Djugaev osetiar izena dago mendetako harremanen eta familia mistoen adibide bat gehiago).

Stalinek sortu zuen Hego Osetiako autonomia, baina errepublika autonomo egin beharrean, oblast (eskualde) soil izendatu zuen. Sobiet Batasunaren sorreran eta heriotzan izan ziren osetiarren eta georgiarren arteko borrokak. 1989-91ko borrokak 1918-20koen segida gisa ulertu dituzte osetiarrek, eta genozidiotzat jo dituzte osetiar herrien aurkako erasoak.

Alanya TV telebistako egoitzan ere izan gara Gorin. Georgiak sortu du, errusieraz, osetiarrak limurtzeko. Tskhinvaletik egotzitako Gela Kapanadze georgiar kazetariak esan digunez, Ipar Osetiako jendea bizi da haren etxean orain. Alanya errusieraz egiten dutela dio, «hango jendea oso errusiartuta dagoelako, errusiar pasaporteak ere badituzte! Horrek gatazka okertu du, Errusiarentzat bere herritarrak dira, eta, beraz, hura berreskuratzea haren jendearen aurka jotzea da». Kapanadzek ez du gatazka konpontzeko errezetarik. «Arma bidez ez bada, ez dut ikusten Georgiako estatuaren batasuna lortzeko erarik. Baina horretan ere saiatu zen Saakashvili 2004. urtean, eta ez zuen lortu. Beraz, galdetzen badidazu, bai, nahiko nuke etxera itzultzeko armak erabiltzea, baina orain ez dut gerra irabazteko erarik ikusten».



Eduard Kokoity Hego Osetiako presidentea

«Kaukasoko herri guztientzat da arriskutsua Georgia»

Urtzi Urrutikoetxea

Tskhinval

Eduard Kokoity Hego Osetiako presidente hautatu zuten bigarrenez2006an. Sobiet Batasuneko borroka libreko txapeldun izana, Moskura joan eta aberastuta itzuli zen Kaukasora 2001ean presidente izateko asmoz. Kultura handirik gabeko baina aldarte atsegineko gizona dela esan digute osetiar lankideek. Kaukasiar tradizioan oso ezaguna den bakea nahi eta gerra prestatu leloa oso presente dauka Kokoityk. Hego Osetiatik Errusiara bakarrik joan daiteke, mendebaldean atxilotu egingo bailukete, Georgiak gerra kriminala dela akusatu ostean .

Kosovo eta Hego Osetia. Antzekotasunik bai?

Bai, noski, arrazoi duzu Kosovoren eta Hego Osetiaren antzekotasunean, baina ez dugu paralelismorik egin nahi. Guk eskubide handiagoa dugu Kosovok baino, dena legearen arabera egin baitugu, eta Georgia izan da lege guztiak hautsi dituena: 1991n Georgia Sobiet Batasunetik joan zen, eta horregatik joan ginen gu Georgiatik. Horregatik, gurea Kosovotik aparte dago, Ipar eta Hego Osetia estatu bat eta bakarra izan ginen Georgia bera existitu baino lehen ere, eta berriz batzeko eskubidea daukagu.

Beraz, estatu independentea ala Ipar Osetiarekin eta, beraz, Errusiarekin bat egin nahi duzue?

Lehen urratsa, noski, Georgiarekiko independentzia onartzea da, gero iparraldeko anai-arrebekin bat egiteko, gure kultura eta tradizioak gordetzeko herri txiki gisa. Hori da lehen urratsa, baina noski, ez dugu ukatzen, Errusia estatua oso zintzo eta lagun dugu, eta bat egitea da gure asmoa. Baina lehen urratsa, independentzia.

Georgiak gobernu «alternatibo» bat aurkeztu du, zuen gobernukide izandako Vladimir Sanakoiev buru duena eta Tbilisiren autonomia onartzen duena. Zein arrisku dakar zuentzat gobernu horrek?

Sanakoiev ez da inolako arriskua, Georgiaren txotxongiloa besterik ez da. Koldar hutsa da, gainera. Sarri eskaini diot elkarrizketa eta beti esan dit ezetz. Akats handia mendebaldean Sanakoiev aintzat hartzea eta botererik baduela pentsatzea, ez baitu inoiz ordezkatu Hego Osetiako herria. Nahi baduzu, zoaz kalera eta esan Sanakoieven alde zaudela, ikusiko duzu zer egiten dizun jendeak. Sanakoiev gobernuan egon zenean, bere herriari, Hego Osetia errepublika txiro ari ostu egin zion, 40 mila milioi errublo (1.123 milioi euro) ostu zituen. Badakigu zertan joan zen diru hura, kasinoa egin zuen. Osetiarrok inoiz ez ditugu lapurrak maite izan, Georgiara ihes egitera behartu zuten, eta erosi egin dute.

Georgiak, berriz, kriminal gisa salatu zaitu Hagan Hego Osetiako georgiar herrien aurka hartutako neurriengatik.

Georgiak ez dauka beste argudiorik, horregatik leporatzen didate hori. Baina hara zer gertatzen den han: jasotzen duen laguntza guztia militarizaziora bideratzen du, armak erosi eta erosi ari da, baina lagun asko ditu mendebaldean, eta ez omen zaie axola. Hego Osetia, errepublika txiki bat izaki, ezin izan du konkistatu orain arte, baina badakigu zein asmo daukaten. Eta ez diogu guk bakarrik, Kaukasoko herri guztientzat da arriskua Georgia. Etorkizunean Saakashvili eta haren gobernua akusatuko dituzte.

Gu, berriz, gure ekonomia bultzatzen ari gara, denei laguntzen naziotasuna begiratu barik. Beti saiatu gara arazoak bake bidez konpontzen. Alde handiak dauden prezioetan, hemen eta Georgian: hemen argindarragatik errublo bat ordaintzen dugu; han bi eta erdi ordaintzen dute. Ogia, azukrea, dena da askoz garestiago eta jende arrunta ez da aberatsagoa. Baina etorkizun hurbilean egoera hau ez da bada bakebidez konpontzen, gure indarrak bidaliko ditugu Hego Osetiako lurralde horiek georgiar kriminalengandik askatzera; eta ez Hego Osetiako lurraldean bakarrik, baita kanpoan ere, osetiarrak bizi diren herrietan. Guk gure lurraldeko jende guztia babesten dugu, naziotasuna begiratu gabe; izan osetiar zein georgiar, denak dira berdinak guretzat.

Zergatik daukazue Stalin izeneko kalea Tskhinvalen?

Gazteek behin baino gehiagotan eskatu digute Stalin kalea kentzeko, eta ez pentsa ni horri eustera tematuta nagoenik. Stalinek osetiar jatorria zuen, aita osetiarra zuen, baina bizi osoa georgiartasunean bizi izan zen, eta ezer gutxi egin zuen osetiarren alde. Baina bestetik aitortu behar zaio Stalinek irabazi ziola faxismoari 1945ean. Gerrako beteranoak bizirik daude oraindik, zaharrak dira, baina miresmen handia daukate Stalinekiko, eta begirunea diegu gure beteranoei, faxismoa garaitu zuten horiekiko. Horregatik eutsiko diogu Stalin kaleari, horien omenez. Belaunaldi hori pasatzen denean aldatu egingo dugu kalearen izena ziur aski, baina gerrako beteranoak dauden artean Stalin izango da kalearen izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.