HEGO OSETIA. Kaukason zauriak zabalik

Hego Osetian, Georgian eta Errusian gerra biktimen omenezko ekitaldiak egin dituzte, eta Tskhinvalin museo bat zabaldu dute

Kristina Berasain Tristan.
2009ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Tskhinvali hiriburuan eta inguruko herrietan, hegoaldekoetan bereziki, gerra oraindik ez dela amaitu dirudi; duela urtebete hasi eta berez bost egun geroago amaitu zen gerra, bukatu ordez, izoztuta gelditu izan balitz bezala. Eraikinak hondatuta daude, etxeak ere, autoak erreta, eta kaleetan tankeen tiroen zantzuak ikus daitezke oraindik ere. Errusiak 200 milioi euro baliatu ditu berreraikuntzan, baina urtebetean nekez zutitu dute ezer. Herritarren begiradetan eta aurpegietan sumatu daitezke, hala ere, gerraren aztarna sakonenak; bonbardaketek eragin zuten giza drama bere horretan baita. Kaukason zauri sakonak, oraindik ere zabalik dauden zauriak, eragin baititu gerrak. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren desintegraziotik (1991) arrastaka zeuden gatazkak agerian utzi zituen gerrak, eta egunotan agerian gelditu da txinparta edozein unetan pitz daitekeela berriz.

Ekitaldiak

Hego Osetian, Georgian eta Errusian, gerrannahasia dauden hiru herrialdeetan, egin dituzte egunotan duela urtebeteko gerrak eragin zituen biktimak gogoratzeko ekitaldiak. Georgian herenegun egin zituzten ekitaldi nagusiak: biktimen omenez minutu bateko isilunea egin zuten goizean, arratsaldean giza kateak antolatu zituzten hainbat hiritan eta iluntzean suak piztu zituzten herrietan. Tbilisi hiriburuan egin zen goizeko ekitaldi nagusia, eta arratsaldekoa Gorin. Josiv Stalinen jaioterrian gerraren irudiak zintzilikatu zituzten, buruzagi komunistaren estatuaren inguruan eraiki zuten harresian. Errusiako tankeak iparraldeko hiri hori okupatu eta bonbardatu zuten iazko gerran. Tbilisi hiriburutik 30 kilometrora baino ez dago Gori.

Mikhail Saakaxvili Georgiako presidentea bera hara joan zen. «Esku-hartze militar bat saihesteko saioa egin genuen, eta gure lurraldean ari ginen. Georgiako soldadu bakar batek ez zuen berea ez zen lurraldea zapaldu».

Moskun, gauerdian, garaipena ospatzeko ekitaldiak egin zituzten. Esaterako, katedralaren parean elkarretaratzea egin zuten, eta bildutakoek dozenaka kandela piztu zituzten. Tskhinvalin, berriz, ekitaldi xumeagoak egin zituzten. Hiriburuko plazan ehunka kandela piztu zituzten eta hildakoen omenezko mezak esan zituzten. Biktimen omenezko museo bat ere zabaldu dute hiriburuan: Genozidioaren Museoa -Kremlinak izen hori jarri baitzion gerrari-. Museoan, suntsitutako etxe batean, hildakoen argazkiak paratu dituzte. Eduard Kokoiti presidenteak gogor salatu zuen beste behin georgiarren jokaera: «Erasoaldiaren asmoa zen gure herria kanporatzea eta deuseztatzea, baina tropa errusiarrak gu defendatzeko eta aurkariari aurre egiteko garaiz iritsi ziren».

Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak bidaia egin zuen atzo Ipar Osetiara. Han, «hegoaldeko herritarrak salbatzeko» egindako lana eskertu zien gerran parte hartu zuten soldaduei. Vladikavkazen egin zituen adierazpenak Medvedevek. «Zuzen jokatu genuen, erabakiak eraginkorrak izan ziren, eta, inportantena, lagun askoren bizia salbatu genuen. Errusiak zintzotasunez eta erantzukizunez jokatu zuen, eta gure herrialdearentzat garai inportanta izan zen hura».

Akusazioak

Iazko abuztuaren 8an hasi ziren bonbardaketak, goizaldean, Tskhinvalin. Hiriburuko biztanleak etxeko sotoetan ezkutatu behar izan zuten bost egunez. Georgiako tankeak zeuden hirian. Errusiak muga zeharkatu eta 150 tanke eraman zituen hiribururaino. Georgiako mugan ere sartu ziren ondoren, eta hainbat hiri bonbardatu zituzten. EB Europako Batasunaren bitartekaritzari esker abuztuaren 12an aldeek su-etena hitzartu zuten arte -Frantzia zuen txandakako presidentetza garai horretan-.

Bost eguneko gerrak 390 hildako eta milaka errefuxiatu eragin zituen -Amnesty Internationalen arabera, 200.000 izan ziren desplazatuak-. Hego Osetiako desplazatu georgiarrak hegoaldera egin zuten ihes -Georgian zazpi errefuxiatu gune daude egun-; eta osetiarrak, berriz, iparraldera, Vladikavkazera. Egun 30.000 georgiar eta lau mila osetiar daude euren etxeetara itzuli ezinik. Janaria jasotzen dute, baina nekez egingo dute aurrera hilean jasotzen duten 12 euroekin.

Georgiak eta Errusiak areagotu egin dituzte egunotan elkarri egindako akusazioak, eta gerra hasi izana egozten diote bata besteari. Gerra propaganda inoiz baino ugariagoa da, eta tentsioa areagotu egin da egunotan, baita akusazioen maila ere. Errusiak bi base militar ditu egun Hego Osetian; Tskhinvalin eta Dzhavan. Hego Osetia eta Abkhaziako independentzia onartu baitzituen iaz Moskuk. Hego Osetia eta Abkhazia galdu izana, baina, ez duela onartuko berretsi du Saakaxvilik. Eta han dituzten tropak gerra hasi aurreko kopurura murrizteko eskatu dio Medvedevi: «Su-etenean adostutakoa hausten ari dira». Saakaxviliren «abentura politikoaren emaitza» da gerra, berriz, Medvedeven ustez: «Kaukason inork uka ezin dezakeen egoera geopolitiko berri bat sortu da; bi estatu berri daude: Hego Osetia eta Abkhazia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.