«Errusiarekin bat egitea da Hego Osetiaren politikaren lehentasuna», esan zuen atzo Hego Osetiako presidenteak, Eduard Kokoitik, igandeko bozketaren emaitzak aztertzeko Tshinvali hiriburuan emaniko prentsaurrekoan. Erreferendumarekin batera eginiko presidentetzarako bozetan, Kokoiti berriz presidente posturako aukeratu zuten boto-emaileen %96k, hauteskunde batzordeak emaniko datuen arabera. «Erreferendumaren emaitzak bultzada dira, Hego Osetiaren independentzia onar dezaten», esan zuen presidenteak.
Zaila ematen du horrek, edonola ere. Atzo bertan, erreferenduma gaitzetsi zuen Europako Kontseiluko idazkari nagusi Terry Davisek. Galdeketa «alferrekoa, desegokia, eta bidegabea» dela dio Davisek. «Nazioarteak ez ditu emaitzak onartuko», gaineratu du. Jatorriz georgiarrak diren biztanleek bozkatzeko eskubiderik ez dutela izan salatu du Europako Kontseiluko buruak.
Edonola ere, erreferenduma ez zela sinbolikoa esan zuen Kokoiti presidenteak joan zen astean: «Hego Osetiako herriaren nahia onartu nahi ez dutenei emaniko erantzuna da erreferenduma».
ERRUSIA, GEORGIA, EUROPA. Hiru eragileen arteko partida da Hego Osetian, eta Georgian jokatzen ari dena. Ameriketako Estatu Batuaek eta Europako Batasunak sostengua eman zioten Errusiaren aldeko Eduard Shevardnadze Georgiako presidentea 2003ko azaroan agintetik kendu zuen mugimenduari. Geroztik oso zailak izan dira Tbilisi eta Moskuren arteko harremanak.
Moskuri, bitartean, Abkhazia eta Hego Osetiako independentistei laguntza ematea egozten diote. Hego Osetiako herritarrei Errusiako pasaportea eman die, eta rubloa da han diru nagusia. Hego Osetiaren Gobernuaren asmoa da independentzia lortzea eta Ipar Osetia-Alania errepublikarekin bat egitea, Errusiako Federazioaren barruan.
Ehunka pertsona hil ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, Hego Osetiako independentziazaleen eta militar georgiarren arteko borroketan, Sobiet Batasuna desegitean, Kaukasoko mapa berriz antolatu zuenean. Osetiarrek oraindik sentitzen dituzte borroka hartako zauriak.
Hego Osetiako Hauteskunde Batzorde Zentralaren arabera, 52.337 boto-emaileek (erroldaren %95,2) hartu zuten parte igandeko erreferendumean. Galdeketaren emaitza «nazioarteari herriaren nahiaz eginiko ohartarazpena» dela esan zuen atzo Ipar Osetiako presidenteak, Taimuraz Mansurovek. Honen arabera, nazioarteak baztertu dezake galdeketa, baina «ezin du ukatu emaitzek de facto zehazten dituztela Hego Osetiaren mugak eta estatu burujabetza».
HEGO OSETIA ETA KOSOVO . Hego Osetiako egoera Kosovokoarekin lotu du Moskuk, Mendebaldearekiko elkarrizketetan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) oniritzia ematen badio Kosovoren Serbiarekiko independentziari, horrek aurrekaria ezarriko luke, Moskuren arabera, Hego Osetiarena eta Abkhaziarena onartzeko. Georgiarrak nagusi diren herri batzuetan bozketa paraleloa egin zuten igandean, eta%90ek Hego Osetia Georgiaren menpe «autonomia handiarekin» jarraitzearen alde bozkatu zuten.
Hego oseTIaren HIsTorIa
1801. Errusiako Inperioak Osetia eta Georgia bereganatu zituen.1920. Transkaukasiako Errepublika sortu zuten boltxebikek. Osetia horren parte zen.
1922. Leninek Hego Osetiako eskualde autonomoa sortu zuen, eta Georgia sobietikoan sartu zuen, Transkaukasia Errepublika Sozialista Sobietikoa bilakatu zenean.
1936. Transkaukasiako Errepublika desegin zuen Moskuk, eta, haren ordez, Georgiako Errepublika Sozialista Sobietikoa sortu zen. Ipar Osetia Errusiako Errepublikan sartu zuen Moskuk.
1989. Autonomia gehiago eskatzeko mugimendua indartu egin zen Hego Osetian. Georgiarren eta osetiarren arteko borrokak gertatu ziren, eta Errusiak bake indarrak zabaldu zituen eskualdean.
1990. Hainbat alderdien arteko lehenhauteskundeetan eskuin georgiarrak irabazi zituen Tbilisin. Zviad Gamsakhurdia Georgiako legebiltzarreko buru izendatu zuten. Hego Osetiako autonomia bertan behera utzi zuen.
1991. Georgiak Sobiet Batasunarekiko independentzia lortu zuen, erreferendum baten ondoren. Gamsakhurdiak georgiera hizkuntza ofizial bakartzat jo zuen, eta Hego Osetian borrokak abiatu ziren berriz. Denera 1.000 bat pertsona hil ziren gatazkan.
1992. Hego Osetiarrek garaipena lortu zuten tropa georgiarren aurrean. Osetiarrek independentziaren alde bozkatu zuten erreferendumean. Nazioarteak ez zuen independentzia onartu. Bake indarra zabaldu zuten mugaldean, Errusiako, Osetiako eta Georgiako tropak osatuta.
2001. Eduard Kokoiev, enpresaburua presidente aukeratu zuten.
2006. Independentziaren alde bozkatu zuten berriz hego-osetiarrek.