MUNDUA

Hego Osetiako parlamentuak 2012ko martxoan deitu ditu hauteskunde berriak

Oposizioko buru Alla Dzhioievak presidente aldarrikatu zuen atzo bere burua eta gainontzeko agintariei dei egin die erabaki hori onartzera, "erabaki zuzen bakarra" delako. Haren jarraitzaileak Tsijinvali plazan daude bilduta.

2011ko abenduaren 1a
11:15
Entzun

Hego Osetiako Auzitegi Gorenak hauteskundeak baliogabetu ondoren parlamentuak 2012ko martxoaren 25ean deitu ditu hauteskunde berriak. Gorenarekin bildu ondoren, oposizioko buru Alla Dzhioievak helegitea aurkeztu du erabaki hori deuseztatzeko; "garaipena kendu nahi digute, baina ez dugu onartuko".

Bitartean, Dzhioievaren jarraitzaileak Tsijinvali plazan daude bilduta, herrialdeko tenperatura hotzei aurre egin eta garaipena onartzen den arte ez direla mugituko adierazi dute. 

Gorenak baliogabe jo zuen herenegun herrialdeko presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia —Dzhioievaren alderdiaren irregulartasunak egon zirela argudiatuta—, baina atzo Dzhioievak erabakiari muzin egin eta presidente aldarrikatu zuen bere burua. Haren jarraitzaileak gobernuaren egoitzara sartzen saiatu ziren eta poliziak airera tiroak botaz erantzun zuen. Dzhioievak gainontzeko agintariei dei egin die erabaki hori onartzera, "erabaki zuzen bakarra" delako. 

Batasuna alderdi sozialistak sartu zuen helegitea, Dzhioievaren jarraitzaileek bozketa egunean legez jokatu ez zutelakoan —igandean—, baina Dzhioievak esan du Gorenaren erabakia ez dela konstituzionala izan, "ez baitu  herritarren borondatea aintzat hartu". Gaineratu du bozak baliogarritzat jo dituztela Hauteskunde Batzordeak eta nazioarteko begiraleek. Hauteskunde Batzordearen lehen emaitzen arabera, hark botoen %56,7 lortu zituen eta Batasunak %40. 

Errusiak Hego Osetiako Gorenaren erabakia errespetatzeko eskatu du ondoren, oposizioko burua Errusiako enbaxadako kideekin ere bildu da eta Dzhioievaren garaipena onartzeko eskatu. 

Georgia barruan dago Hego Osetia. Ipar Osetia, berriz, Errusiako Federazioaren barne dagoen errepublika autonomoa da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.