Sudanen eta Hego Sudanen arteko erasoak gogortu egin dira azken astean, eta bietako inork ez du borroka uzteko asmorik. Elkarri erasotzen dioten bitartean, beren burua «biktimatzat» jo dute, eta herrialde bizilaguna egin dute erasoen erantzule. Mugarteko petrolio eremuak bereganatzeko borrokak ugaritu eta indartu egin dira, eta azken hilabetean Hego Sudanek iaz independentzia aldarrikatu zuenetik gertatu diren eraso larri eta odoltsuenak izan dira bi herrialdeetan. Azken erasoak mugarteko Heglig eskualde petroliodunean izan dira, Hego Sudanek olio ustiaketak indarrez bereganatu ondoren. Sudango presidente Omar al-Baxirrek Hego Sudan Jubako gobernutik «askatuko» dutela agindu du: «Bi herrialdeetako gobernuak ez dira kabitzen antzinako Sudango mugetan, eta bietako bat eroriko da».
Erasoei konponbidea emateko, lehenbailehen bilera egitea eskatu dio Khartumek Arabiar Ligari. Bestalde, Hego Sudanek Arabiar Ligari ohartarazi dio esaten duenarekin «kontuz ibiltzeko», bi herrialdeen arteko liskarrak gogortu ez daitezen. Sudanek Arabiar Ligari laguntza eskatu arren, ez du Heglig berreskuratzeko ahalegina bertan behera uzteko asmorik. Hego Sudan «etsai» izendatu du, eta petrolioa duen eskualdea «berehala» berreskuratuko dutela adierazi du gobernuak. Sudanek Kenyan duen enbaxadore Kamal Ismail Saeeden arabera, herrialdeak «sakrifizioak egingo ditu» eskualdea berreskuratzeko: «Gerratearen prezioa handia dela badakigu, baina gure lurra askatu arte borrokatuko gara».
Afrikako Batasuneko bozeramaile Thabo Mbekik borrokei amaiera emateko neurriak hartzeko eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari. Mbekiren ustez, bi herrialdeak «gerraren zurrunbiloan geroz eta sakonago murgiltzen ari dira». Segurtasun Kontseilua bi herrialdeei zigorrak ezartzeko aukera aztertzen ari da.
Heglig ez da erasoak izan dituen eskualde bakarra. NBEk Hego Sudango Mayom herrian duen kanpamentuari ere bonbekin eraso zioten astelehenean, Bentiu eta Mairem hegoaldeko eskualdeekin batera. Gutxienez bederatzi lagun hil ziren erasoetan. Hego Sudanek Khartumi leporatu dio Tabusa eskualdean beste fronte bat ireki nahi izatea, baina Sudanek ukatu egin du hori. Bestalde, Munduko Bankuan eta Nazioarteko Diru Funtsan sartu zen atzo Hego Sudan.
Borrokaren arrazoiak
Hego Sudanek astelehenean Heglig bereganatuta, Sudango petrolio iturri handiena eskuratu du. Hala ere, Hego Sudanen arabera, eskualde hori «legitimoki» berea da. Heglig Abyei eskualdetik gertu dago, eta hori da bi herrialdeen liskarren beste arrazoietako bat; izan ere, petrolio erreserbak ditu.
Bi herrialdeen arteko borroka hasi zenetik bertan behera gelditu da Hego Sudango petrolioa Sudango hodietatik garraiatzeko akordioa. Sudanen diru iturri garrantzitsuenetakoa zen, baina Jubak akordio berriak sinatu dituKenyarekin eta Etiopiarekin, besteak beste. Petrolioa bereganatzeko borrokaz gain, bi herrialdeak ez dira ados jarri mugak zehazteko eta herrialde bizilagunean bizi diren biztanleen egoera legeztatzeko. Hala, oraindik 500.000 hegosudandar inguru daude Sudanen, eta 80.000 sudandar Hego Sudanen.
Hego Sudan egungo gobernutik «askatuko» duela agindu du Sudanek
NBEko Segurtasun Kontseiluari erasoak amaitzeko neurriak har ditzala eskatu dio Afrikako Batasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu