Hego Sudanek eta Sudanek akordioa lortu dute petrolioaren auzian

Mbeki bitartekariak adierazi du orain ekoizpenari «ahalik azkarren berrekitea» espero duela

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria Hego Sudanera joaneta hurrengo egunean etorri da herrialde horren eta Sudanen arteako petrolioaren inguruko akordioa. Khartumgo ordezkariek «behin betiko eta behar bezalako» akordiotzat jo dute. Hegoafrikako presidente ohi Thabo Mbekik, berriz, jakinarazi du «petrolioaren ekoizpenari lehenbailehen berrekitea» espero duela, baina ez du horretarako egunik adierazi. Bi herrialdeen artean petrolio ustiapenak eragindako gatazka konpontzeko bitartekaritzan aritu da Mbeki.

Petrolioa Sudango lurraldean zehar garraiatu, findu eta esportatzeagatik Jubak Khartumi ordaindu beharreko tasak zehaztu ditu akordioak. Izan ere, Hego Sudanen daude petrolio hobiak,gehienak Sudango mugan. Baina Jubak ez du petrolioa fintzeko eta garraiatzeko azpiegiturarik. Horregatik, lan horiek Sudani dagozkio, eta ordaindu beharreko kopuruaren inguruko desadostasunak eragin zuen urtarrilean Jubak petrolioaren ekoizpena blokeatzea. Gainera, Hego Sudanek lurpeko oliobide bat baliatuz petrolioa desbideratzea leporatu zion Sudani.

Muga, zehazteke

Mbeki bitartekariak azpimarratu duenez, «petrolioaren akordioa baikorra izango da beste arazoetarako ere». Sudango Petrolio Ministerioko idazkariorde Auad Abdel Fatahek ere adierazi du Khartum eta Jubaren arteko gainerako auziennegoziazioa «baretzea» espero duela. Izan ere, Hego Sudanek 2011n lortu zuen independentzia Sudandik, erreferendum bidez. Baina petrolio hobi gehienak dauden mugako eremua nori dagokion ez dago behar bezala zehaztuta oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.