Hego Sudango 1.500 etorkin inguru kanporatzea onartu du Israelek

Jerusalemgo Auzitegiaren arabera, etorkinak ez dira arriskuan egongo euren herrira itzuliz gero

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Arrazismoaren gorakadak ez du oraindik gaina jo Israelen. Jerusalemgo Auzitegiak oniritzia eman dio gobernuak Hego Sudango 1.000 eta 1.500 etorkin artean deportatzeko duen asmoari. Afrikako herrialde berriak Sudanekin duen gerra egoera kontuan hartuta, giza eskubideen aldeko elkarteek helegite bat jarri zuten etorkinak ez deportatzeko, baina justiziak atzera bota du. Euren jatorrizko herrialdera itzuliz gero ez dute inolako arriskurik izango,fiskal nagusiak joan den hilabetean deklaratu zuenez.

Israeldik kanporatuko dituzten etorkin hegosudandarretako batzuk errefuxiatu estatusa dute, baina hori ere ez da oztopo izan justiziarentzat deportazio masibo hori onartzeko. Danny Danon Israelgo Parlamentuko Immigrazio Batzordeko presidenteak, gainera, etorkin horiek «berehala» kanporatzeko eskatu du, eta burla egin die «bihotz oneko ezkerrekoei», porrot egin dutelako deportazioa geldiarazteko ahaleginean. ASSAF errefuxiatuei eta asiloa eskatzen dutenei laguntzeko erakundeak gaitzetsi egin du epaia, eta eskatu du gutxienez deportazioa «duintasunez» egiteko, eta «ez etorkinak gaizkileak balira bezala».

Aste honetan bertan, immigrazio lege gogor bat onartu du Benjamin Netanyahuren gobernuak: aurrerantzean, hiru urtera arteko kartzela zigorra ezar diezaiekete paperik bako etorkinei, eta bost urtetik hamabost urtera arteko espetxe zigorra delituren bat egin duen etorkinen bati laguntzen dion edonori. Tel Aviven arabera, Afrikako 60.000 etorkin inguru daude Israelen, eta horrek «arriskuan» jartzen du estatuaren izaera judua. Horregatik, 25.000 immigrante lehenbailehen deportatzeko eskatu zuen Netanyahuk astelehenean.

Gobernuak etorkinen kontrako diskurtsoa gogortu duen neurrian, kalean ere gora egin du arrazakerian oinarritutako indarkeriak. Afrikako etorkinen etxebizitzen kontrako erasoak ugaritu egin dira azken asteetan: molotov koktelak jaurti dituzte etxeen kontra, batik bat. Juduak ez diren etorkinen kontrako manifestazioak ere ugaritu dira; datorren eguaztenerako, esaterako, deituta dago manifestazio bat Tel Aviven.

Kolonien politika

Arrazakeriaren polemikarekinbatera, koloniena nagusitu da azken egunetan Tel Aviveko prentsan. Israelek berak legez kanpokotzat jotzen dituen hemezortzi kolonietatik hamahiru legeztatu egingo dituela jakinarazi zuen atzo gobernuak —nazioartearentzat, kolonia guztiak dira legez kanpokoak—. Auzitegi Gorenak zabalik ditu kolonia horien kontrako auzibideak, eta gobernuak berak kolonia horiek desegitea onartu zuen duela bederatzi urte. Baina Netanyahuk nahiago izan du eskuin muturreko aliatuak lasaitu, legea bete baino.

Aste honetan, Netanyahuk aurre egin behar izan dio lurralde palestinarretan sortutako kolonia batzuen legezkotasuna bermatzeko lege proposamenari. Eskuin muturrak proposatutako legea 22 diputatuk babestu zuten, eta 69k egin zuten kontra. Tel Avivek ez zuen nahi justiziaren aginduaren kontra egin, eta Netanyahuk kaleratuko zituela mehatxu egin zien bere ministroei, ezezko botoa eman zezaten. Jokaera hori konpentsatzeko, Zisjordanian beste 850 etxebizitza eraikitzeko plana onartu zuen Netanyahuk, legebiltzarreko bozketaren egun berean. Ramallahetik gertuko Ulpana kolonia hustea onartu arren, gobernuak jakinarazi du 300 familia eramango dituela ondoko beste kolonia batera. AEBek adierazi dute kolonien politikak «oztopatu» egiten duela Israelen eta palestinarren bake prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.