Hego Sudango armadari matxinoek egindako erasoan ehundik gora lagun hil dira

George Athor ernegatutako jeneralaren jarraitzaileek su-eten akordioa hautsi dute

2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Azken egunotan ehun lagunetik gora hil dira Hego Sudanen ernegatutako jeneral baten jarraitzaileen eta armadaren arteko liskarretan. George Athorren miliziak asteazkenean egin zioten eraso armadari Jonglei estatuan. Hego Sudango gobernuarekin duen su-etena hautsi dute ekimen horren bitartez.

Philip Aguer armadako bozeramaileak Hego Sudango armadari (SPLA) eginiko erasoaren berri eman du, eta matxinoek minak ere jarri dituztela salatu du. Asteazkenean hamasei lagun hil ziren, eta ordutik ehundik gora dira hildakoak. Horietako asko, gainera, zibilak.

SPLM Sudango Herriaren Askapen Mugimenduko kide ohia da Athor, SPLAren adar politikoa. 2010eko apirilean, Jonglei estatuan bozak galdu ostean, Hego Sudango gobernuaren aurka altxatu zen jenerala. SPLMko kideek hauteskundeetan iruzurra egin zutela salatu zuen, oposizioko hautagaiaren mesedetan. Kuol Manyang Juukek, Athorren aurkariak, irabazi zituen bozak.

Ordutik liskarretan aritu dira bere jarraitzaileak eta Hego Sudango armada. Urtarrilean, baina, su-etena sinatu zuen SPLArekin. Hego Sudango independentzia erreferenduma bozkatu aurretik egin zuten bake akordioa. Aguer armadako eledunak, hain justu, herrialdearen historiako «une garrantzitsua» kontutan hartzeko eskatu dio Athorri, eta bakearen alde egitea exijitu dio.

Salva Kiir Mayardit presidenteak barkamen agindua eman zuen Athor eta bere jarraitzaileentzat, iragan urteko urrian. Amnistiaren baldintza SPLAri batu aurretik matxinoek armak uztea zen. Athorren aburuz, kondizioa ez da bidezkoa, ez baitu bere milizien eta jarraitzaile politikoen integrazioa bermatzen.

Athorrek bestelako bertsioa eskaini du egunotako liskarren inguruan. Ernegatutako jeneralaren arabera, armadak bere jarraitzaileei eraso egin zien, aurrez. Barne ministroa eta Jonglei estatuko Kuol gobernatzailea jo ditu erasoen erantzuletzat.

Ordainsari eske

Bitartean, Omar Al Bashir Sudango presidenteak «ordainsaria» eskatu du hegoaldearen banaketa era baketsuan onartu izanagatik.

Astelehenean adierazi zuen aurretik emandako hitza bete egingo duela eta ez diola independentziari inolako oztoporik ezarriko.

Urtarrilean egin zuten independentziaren inguruko erreferenduma. Herritarren %98,83k bozkatu zuten baiezkoaren alde.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.