HEGOAFRIKA. HERRIAREN KONGRESUAREN AURKEZPENA. Hegoafrikan COPE alderdia aurkeztu dute, zalantza artean

Mosiua Lekota aukeratu dute buruzagi, eta ANCtik aldendutako politikariak bildu ditu talde politiko berriak

JOAN CANELA BLOEMFONTEIN
2008ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Nelson Mandelaren alderdi historikoak beste bereizketa bat du. ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko buruzagi izandakoek-Thabo Mbeki presidente ohiaren ingurukoek- aurkeztu zuten atzo, Bloemfonteingo Criket Estadioan emandako mitinean. COPE Herriaren Kongresua izena du talde berriak, eta begi bistakoa egin du Hegoafrika apartheid erregimenetik askatu zuen alderdiaren aspaldiko barne zatiketa.

Atzoko jardunaldien aurretik ere, aste ezin hobea izan da COPE sortu berriarentzat. Lehenbizi, haren ordezkariek aldeko emaitza eskuratu zuten herrialdeko hegoaldeko Western Cape probintziako udal hauteskundeetan. Lehen postuan geratu ziren hautagai independente gisa aurkeztu ziren COPEko kideak-alderdia ez zegoen izena emanda-, iragarpen baikorrenak ere gaindituta. Ezuste handiegia ere ez zen izan, dena den, Western Capeez baita ANCren gotorlekua. Hango emaitzak ez dira, beraz, herrialdeko joera orokorraren isla.

Bigarren berri onak Auzitegi Konstituzionalak eman dizkio COPEri. ANCk jarritako helegitea baztertu eta Herriaren Kongresua izena erabiltzeko eskubidea aitortu dio Hegoafrikako epaitegi nagusiak.

Eta aurkezpen ofizialaren aurreko azken urratsak ere bero-bero utzi zuen COPEko kideen gogoa: alderdia osatzeko kongresuan 4.000 ordezkari inguru bildu ziren, «aldaketari aukera bat emateko prest». Horixe da, hain zuzen, hemendik aurrera COPEren agerraldi publikoetan gehien baliatuko duten leloa.

Jendaurreko aurkezpenean ezer gutxi argitu dute, ordea. Jakina da Mosiua Lekota Defentsa ministro ohia izango dutela buru;izua zuen ezizen Mbekiren agintaldian. Harekin batera alderdiaren gidaritzan nor izango diren ere iragarri dute: Mbhazima Shilowa Gautengko gobernadorea izandakoa eta Lynda Odendaal, ANCko harrobikoa ez den bakarra.

Horretaz gain, ezer gutxi argitu dute, ordea, COPEren aurkezpenean. Oraindik inkognita da, beraz, datorren urteko martxoaren 25eko hauteskunde orokorretarako nor aurkeztuko duten hautagai. Adituen arabera, Lekota bera izango da hautagaia.

Zehaztu gabeko jarrera

Ezer ondorioztatzeko ibilbide laburra egin duen arren, adituak hasiak dira COPEren lehen urratsak interpretatzen. Haien arabera, alderdi berriak ANCtik bereiziko duten ezaugarriak nabarmentzeari ekin dio, alderdi historikoaren ondare politikoa arriskuan jarri gabe. Badakite hori beren mesederako balia dezaketela.

Estrategia hori sinboloz jositako mezu politiko baten bidez iritsarazi diote herrialdeari. Alderdiaren izena bera da horren erakusgarri nagusia. Herriaren Kongresua izena zuen, hain zuzen, duela 96 urte Askatasunaren Estatutua idatzi zuen mugimenduak; apartheid-aren kontrako borrokaren ikur gorenetakoak. COPEko kideen lehen agerraldiek ere izugarri gogorarazten dituzte mugimendu hark bere garaian baliatutakoak.

Itxuraz haratago, ordea, hasiberriek ez dute programa politiko sendorik erakutsi. Hegoafrikako «autoritarismoa salatu» eta herrialdeko «demokrazia salbatzeko» asmoa izan dute orain arteko heldulekua. Baina alderdikide ohiak kritikatu arren, ez dute haiengandik bereizten dituzten proposamenak zehazten jakin. Oso bestera, ANC alderdiko eskuindarrenek ez diote uko egin nahi izan alderdikide ohiek baliatutako diskurtso politikoari. Hala, COPEkoek ere hizkera populista erabili dute, pobrezia tasa %70ekoa duen herrialde bateko hautesleei mintzatzeko orduan.

Horren harira, herrialdearen iparraldeko Limpopon COPEk duen ordezkariak BERRIAri eginiko adierazpenek ezin argiago erakusten dute COPEren kontraesana. Alde batetik, «duela hamabost urte egindako hutsegiteak konpondu behar ditugu», dio. Bestetik, Mbeki-akatsen garaian presidente izandakoa- goraipatzen du: «Buruzagi handia da». Alderdi berria ez da oraindik lerrokatu. Ez du auzitan jarri Mbekiren jarduna, baina haren ondarea ere ez du ikertu; ezta haren agintaldian barne produktu gordina %6ra arte hazi izana ere.

Bestalde, azken urteetan ANCtik urrundu diren politikari ugari fitxatu ditu COPEk. Mbekik ekindako bidearekin ados ez, eta alderdia uztea erabaki zuten haiek ere. Herrialdeko pobrezia arazoa konpontzeko lanetan eta gizarte zerbitzuetan inbertitzen baino gehiago, atzerriko merkatuei begira bizi zela aurpegiratzen zioten Mbekiri.

Horiek horrela, oposizioarena egiten duen bitartean, eta ANC kritikatuz, erraza izango zaio COPEri barne kohesioari eustea. Egunen batean gobernura iristen bada, ordea -gobernukoalizio hipotetiko bateko kide gisa, adibidez-, orduan hasiko dira benetako buruhausteak.



Sinboloen gerra eta kontraprogramazioa, COPEren aurkezpenean

Abenduaren 16a ia mende batez izan da jaieguna Hegoafrikan. Apartheid erregimenaren garaian, egun horixe aukeratu zuen gobernu arrazistak boerrek zuluak garaitu zituztela oroitzeko. Blood Riverreko borrokan gertatu zen hori, 1838an.Halako umiliazioa ikusirik, ANCk egun hori bera hautatu zuen borroka armatuari ekiteko. Eta oraindik ere egun horretan omentzen ditu Umkhontowe Sizweko-ANCren adar armatua izandakoa- borrokalari ohiak. Ez da kasualitatea, beraz, COPEk abenduaren 16a aukeratu izana jendaurrean aurkezteko. Ezta egun berean eta ordu berean-eta COPEren ekitalditik metro gutxira-, ANCk gerrillari ohiak omendu izana ere. Bi alderdiek hala aitortu ez badute ere, kontraprogramazio hori indar erakustaldia baino ez da izan. Martxoaren 25a arte itxaron behar indartsuena nor den jakiteko.





Arraza berdintasunaren aldeko «benetako alderdia»

COPEk arraza berdintasunaren aldeko «benetako alderdi» gisa aurkeztu du bere burua. «Hegoafrikar guztien ahotsa bilduko dugu, arrazak arraza, sexua sexu», adierazi zuen Mosiua Lekotak atzo. Hala, iragarri du leundu egingo dituela ANCk gehiengo beltzaren alde martxan jarritako neurriak.





47

Umkhontowe Sizwe. Nazioaren Lantza itzul daiteke Umkhontowe Sizwe. Izen hori jarri zioten ANCren adar armatuari. Hark 1961eko abenduaren 16an plazaratu zuen manifestua, duela 47 urte, askatasuna lortu arte borrokatuko zela ohartaraziz. 1990ean desegin zen.





Mosiua Lekota

COPEko buruzagia

Politikagintzan bete litezkeen egiteko guztiak bete ditu urtebete eskasean Mosiua Lekotak. ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko lider eta presidente Thabo Mbekiren gizonik leialena izan da. Alderdiaren barruan hari lekua kendu dion Jacob Zumaren kritikorik gogorrena eta, ondorioz, ANCrena ere bai. Eta atzoz geroztik, zikloa ixteko, oposizioko liderra da. Izua Lekota esaten diote 60 urteko politikariari. Futbol zelaian egindakoagatik lortu du ezizen hori. Kirol zelaian ez ezik, bestelako norgehiagoketan ere jarduna da. Lubakietan igaro zuen, hain zuzen, 1980ko hamarkada gatazkatsua. Kargu publikoei dagokienez, berriz, Defentsa ministro izana da.





Jessi Duarte ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko eleduna

«ANCk 90 urtetik gora ditu, eta COPE hasiberria da»

J. Canela Bloemfontein

Esperientzia, zerbait bada, abantaila dela uste du Jessi Duartek, ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko bozeramaileak. Hark, alderdiko buruzagitzak bezala, ongietorria eman dio Mosiua Lekotak sortu berri duen COPE edo Herriaren Kongresuari. Baina, aldi berean, nabarmendu du hark ezer gutxi duela eskaintzeko, oraindik sortu berria den taldea delako, esperientziarik batere gabea.

Nola ikusten duzue ANCkook COPEren sorrera?

ANC Afrikako Kongresu Nazionalak ongietorria egiten dio Mosiua Lekota jaunak bultzatu duen alderdi berriari. Uste dugu alderdi berri bat sortzea, edozein dela ere, onuragarria dela demokraziarentzat, indartu egiten duelako. Benetako interesa dugu bere programa eta lanerako ideologia zein izango diren jakiteko, eta haiekin hitz egiteko gogoa dugu, beste alderdiekin egiten dugun bezala.

Zeintzuk dira ANC eta COPEren arteko oinarrizko desberdintasunak?

ANC alderdiak ibilbide politiko luzea du: 90 urtetik gora ditu, eta erakutsi du emaitzak lortzeko gai dela. Hamalau urtez egon da agintean. Aldiz, COPE alderdisortu berria da; oraindik eraikitzeko dago.

ANC alderdia zergatik saiatu da talde berriak Herriaren Kongresua izena har zezan eragozten, Justizia erabiliz?

1955ean Askatasunaren Estatutua onartu zutenean [apartheid-aren aurkako borrokaren oinarria den dokumentua] izen hori hartu genuelako. Izen hori hegoafrikar guztien jabetza da, eta ez alderdi jakin batena bakarrik. Askatasunaren Estatutuaren ondarea lapurtu nahi du Lekotak izen horrekin.

Lekotak alderdi berri baten sorrera iragarri zuenetik, hainbat borroka piztu dira. Zer ondorio izan ditzake horrek?

ANCk gaitzetsi egiten du indarkeria mota oro; ANCtik ez da inolako indarkeriarik etorriko. Betilan egin dugu herri honetako egonkortasunaren eta bakearen alde. Guk jende asko galdu genuen askatasunaren aldeko borrokan; ondo dakigu zer esan nahi duen bakearen prezioaz hitz egiten dugunean. ANC ez da inoiz izango indarkeria eragitearen erantzule, nahiz eta probokazio asko jasan.

Hegoaldeko Western Cape probintzian udal hauteskundeak egin zituzten joan den astean. Han COPEko hautagaiak independente gisa aurkeztu ziren, eta lehen postuak lortu zituzten, ANCren emaitzak hirukoiztuz. Martxoaren 25eko boz orokorren aurrerapena izan daiteke hori?

Ez, inolaz ere ez, eta bi arrazoirengatik. Lehena da ANC historian ahula izan dela beti Western Capen, baina ez da batere ahula izan beste zortzi probintzietan. Western Capeko emaitzek inoiz ez dute zerikusirik herrialdeko beste tokietan gertatzen denarekin. Bigarren arrazoia da, Hauteskunde Batzorde Independentearen erabaki burokratiko baten ondorioz, gure hautagaiak ezin izan zirela aurkeztu 27 udaletatik hamabitan. Erabaki hori oso larria da, eta helegitea aurkeztu dugu Auzitegi Konstituzionalean.

Zein desberdintasun izan daitezke ANCko presidentetzarako hautagai Jacob Zumaren gobernuak ezar ditzakeen politiken eta Thabo Mbeki egungo presidenteak bultzatu dituenen artean?

Zumak ez ditu erabakitzen Afrikako Kongresu Nazionalaren politikak erabakitzen; erakundeak zehaztu zizkion lehentasunak azken kongresuan. Ohartzen gara orain arte erdi mailako beltzek lortu dutela onura gehien gure politiketatik -bere garaian hori zen beharrezkoena-, baina orain horiek baino pobreagoa den jendeari begiratu behar diogu. Osasun zerbitzuak eta hezkuntza sistema hobetuko ditugu, eta nekazaritza erreforma bultzatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.