Trevor Manuel (Lurmutur Hiria, 1956) ekonomia ministro bat baino askoz gehiago da. Hegoafrikako historian kargu horretan luzaroen iraun duen pertsona izateaz gain -1996az geroztik-, munduko ekonomia aditurik onenen artean dago. Thabo Mbeki presidente izandakoari estu-estu loturikoa izaki, haren politika neoliberal entzute txarrekoen erantzule izan zen; eta orain, berriz, trantsiziozko presidentearen exekutiboan dago: Kgalema Monthlanteren zuzendaritzapean. Bere ibilbidea, baina ez da hor amaituko. Jacob Zumaren gobernuan ere bere hartan iraungo duela iragarri dio BERRIAri, eta litekeena dela, ekonomia politikaren noranzkoa aldaraztea ere.
Gaur egun mundu zabalean dagoen krisiak nola erasango dio Hegoafrikari?
Gainerako herrialdeei bezainbat erasango dio krisiak Hegoafrikari. Errealistak izan eta onartu beharra daukagu ezin diogula errealitateari ihes egin. Nolanahi ere, sinetsita nago gure ekonomia behar bezain ahaltsua eta aniztuna dela. Gure esportazioen zati handi bat meatzaritza baliabideetan oinarritzen da, eta, horiek ia erabat gure lurpekoak direnez, aise aurre egin ahal izango diogu egoerari ziur askorik.
Eta nola egingo diozue aurre?
Lula-k [Luiz Inacio da Silva] Brasilen egindakoa eredu hartu behar dugu, asko inbertitzen ari baita barnealdean eta azpiegitura oinarrizkoen garapenean, baina aldi berean barne merkatua sortzen ari da. Horrez gainera, hegoaldeko herrialdeen arteko harremanak sendotzen ere ari da.
Zein ezaugarri komun dituzte Brasilek eta Hegoafrikak?
Asko eta asko. Ekonomia mota, adibidez; biek maila zeharo ezberdineko gizarteak dituzte, baina aldi berean ahalmen eta baliabide handikoak. Mundu mailan potentzia ekonomiko izateko bidean diren nazioen taldekoak gara, eta nazioarteko ekonomia harremanetan gero eta eginkizun handiagoa izango dugu. Halere, gu haiek baino apur bat atzerago gaude oraindik. Brasildik asko dugu ikasteko, eta baita ere Indiatik -harekin ere antzekotasun handiak ditugu-. Gure arazoak antzekoak direnez, elkarri laguntzeko moduan gara. Hurrengo urteetan areagotu egingo da Brasilen, Indiaren eta Hegoafrikaren arteko elkarlana.
Jacob Zuma 'Lula'-ren lagun izango da, beraz?
Bai horixe, lagun handiak izango dira.
Nazioarteko finantza erakundeen erreforma eskatzen duten blokeari atxikiko al zaio Hegoafrikak?
Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen erakunde horiek erreformatu egin behar direla. Pisu handiagoa eman behar diegu nabarmentzen hasiak diren ekonomiei, baina amaitu egin behar ditugu nazioarteko merkatuan dauden desberdintasunak eta finantza alorreko gehiegikeriak; eta bestelako balio batzuk indarberritu behar ditugu, hala nola pobrezia murriztea edo klima aldaketari aurre egitea.
Hauteskunde kanpaina honetan, gizarte zerbitzuak ugaritzeko promesa asko hitzeman ditu ANCk. Krisiak ez al die erasango promesa horiei?
Alderantziz. Gizarte zerbitzuak ugaritzea, hezkuntza hobeagoa bermatzea, pobrezia murriztea... Horiexek dira krisia gainditzeko modurik onenak.
Gastu publikoa gehitzea ez al dago kontraesanean zuk orain artean sustatutako ekonomia politikarekin? Gastuak atxikitzea eta gizarte zerbitzuak murriztea izan da politika horren ortodoxia...
Aldaketa garaian gaude. Aldatzen ari dira mundu osoko ekonomia politikak. Ameriketako Estatu Batuetakoak barne. Ezbairik gabe, guk ere egokitu eta gure ekonomia politikak aldatu behar ditugu.
Zuma agintari populista bat bilakatu dela ohartarazi dute analista ugarik. Zerikusirik ba al du horrek lehentasunak aldatu izanarekin? Alderdi komunistak gobernu berrian eragin handiagoa izango duela aditzera eman nahi du horrek?
Begira, 1994an ere hizpide izan zuten alderdi komunistaren eragina, eta azken batean ez da hain larria izan. Aspaldiko kontua da komunisten balizko arrisku hori.
Ekonomia politika serioa eta zorrotza egingo dugu, hamabost urte hauetan egin dugun bezala. Gure lehentasunak aldatzekotan, berriz, gure herrialdeko ekonomia premien arabera aldatuko ditugu, eta gure herritarrik gehienen bizi-maila hobetzeko asmoz; eta ez hiruko aliantzaren barreneko politika egoera aldatu delako bakarrik [ANC alderdi komunista eta sindikatuekin dago gobernuan 1994. urteaz geroztik].
Prentsan egun hauetan argitaratu denez, badira hainbat ustelkeria kasu BEE Beltzen Ahalduntze Ekonomikoa politikari loturikoak. Ba al dago inolako planik, lehentasun hori aldatzeko?
BEE Konstituzioko agindu baten ondorio da, eta ez da arinki aldatzeko moduko erabaki bat. Gainera, oraindik gainditu ez dugun desberdintasun historiko baten emaitza ere bada politika hori. Ustelkeria gertatzen bada, edo eraginkortasunik eza, ikertu eta ebatzi egingo ditugu, baina ez dugu BEE aldatuko. Izatekotan ere, baliabide gehiago jaso beharko lituzke politika horrek.
Nolakoa izango da hamabost urte barru Hegoafrika?
Askoz ere herrialde garatuagoa izango da, zerbitzu hobeak izango ditu, eta pobrezia maila txikiagoa. Zuek zeuek ikusiko duzue.
HEGOAFRIKA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. «Munduko potentzia ekonomiko izateko bidean diren nazioen artean gaude»
Hegoafrikari krisiak gainerako herrialdeei bezainbat eragingo diola uste du Manuelek; eta, ondorioak arintze aldera, azken hamabost urteotan bezala ekonomia «serio eta zorrotza» egingo duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu