Giro nahasiak ez du etenik Hegoafrikako kaleetan. Joan den ostiralean piztu ziren protestak, aurreko asteazkenean Jacob Zuma presidente ohiak bere burua Poliziarenean entregatu ostean. Ekainaren 29an ezarri zioten hamabost hilabeteko espetxe zigorra, ustelkeriarekin lotutako auzietan deklaratzeari uko egiteagatik. Hegoafrikako presidente ohiak bere burua entregatu zuen arren, azken astean kalera irten dira politikariaren aldeko ehunka pertsona, presidente ohia «berehala askatzeko» eskatuz.
Istiluak KwaZulu-Natalen hasi ziren ostiralean, Zumaren jaioterrian, presidente ohiak babes politiko handiena duen hirian. Ordu gutxian, baina, probintziako hainbat herritara hedatu ziren protestak, besteak beste, Gauteng jendetsura, eta Johannesburg hiriburuko inguruetara.
Hasiera batean «baketsuak» behar zuten protestak «indarkeria uholde» bilakatu direla salatu dute Hegoafrikako Poliziak eta Gobernuak. Asteburuan sei hildako eta 200 atxilotu zenbatu zituzten, baina kopuruak azkar egin du gora azken egunotan. Sihle Zikala probintziako gobernuburuak gaur baieztatu duenez, 45 hildako zenbatu dituzte: 26 KwaZulu-Natalen, eta 25 Gautengen. Gainera, Bheki Cele Hegoafrikako Segurtasun ministroak herrialde osoan ia 800 pertsona atxilotu dituztela baieztatu du gaur goizeko prentsaurrekoan: «Gure herriko nahigabeek edo zirkunstantzia pertsonalek ez diote inori eskubiderik ematen indarkeria erabiltzeko, nahi duena egiteko eta legea ez betetzeko».
Erasoei aurre egiteko 2.500 soldadu mobilizatu ditu armadak. Halaber, asteburuko protestetan gauzatutako hainbat ekintza «kriminalak» direla, eta «indarkeriazko ekintzetan parte hartzen dutenak atxilotu eta auzipetu» egingo dituztela ohartarazi zuen bart gauean Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak. Astebetean, ibilgailuak erre, negozioak eta merkatal gune handiak arpilatu, eta kaleak zein autopistak moztu dituzte manifestariek.
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere Hegoafrikan areagotzen ari diren protesten inguruko kezka adierazi du, eta manifestariei «era baketsuan» eta «indarkeria erabili gabe» manifestatzeko eskatu die. Bestalde, Poliziak protestarako eskubidea defendatu arren, azken egunetako ekintzak «herrialdeko ekonomiari eta garapenerako planei kalte egiten» ari direla esan du.
Espetxe zigorra Zumari
Jacob Zuma Hegoafrikako presidente ohiari hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten joan den ekainaren 29an, bederatzi urteko agintaldian (2009-2018) izandako ustezko irregulartasunen inguruan deklaratzeari uko egiteagatik. Aurreko asteazkenean entregatu zuen bere burua Poliziarenean. Presidente ohia haren osasunagatik kezkatuta agertu zen, eta «epaia arintzeko aukerarik izan ez» zuela argudiatu zuen.
Zumarekin lotutako auzia Estatuko Kaptura izenarekin da ezaguna Hegoafrikan. Ikerketaz arduratzen den batzordeak presidente ohiaren agintaldian ustez egindako ustelkeria kasuak argitu nahi zituen. Besteak beste, 1990eko hamarkadaren amaieran Frantziako Thales enpresari egindako arma erosketa baten harira ari ziren epaitzen Zuma. Presidente ohiak, ordea, behin eta berriro egin zion uko epaileen aurrean deklaratzeari, ikerketa gidatzen zutenek haren «ondarea suntsitu nahi» zutela argudiatuz. Gainera, botere judizialaren «jazarpena» jasaten duela eta auzia bera boteretik kentzeko asmoz egindako «konspirazio bat» dela defendatzen du.
Hegoafrikako Auzitegi Konstituzionala atzo bildu zen Jacob Zumaren abokatuekin, hamabost hilabeteko kartzela zigorra bertan behera uztea eskatzeko. Epaileek presidente ohiaren zigorra arintzearen aldeko eta kontrako argumentuak entzun zituzten hamar ordu baino gehiago iraun zituen hitzorduan, baina ez zuten berehalako erabakirik hartu.
Presidente ohiaren izenean, Dali Mpofu abokatuak defendatu zuen Hegoafrikako auzitegi gorenak ez duela Konstituzioa errespetatu, eta haren oinarrizko eskubideak urratu dituztela esan zuen: «Pertsonarik gaiztoenaren eskubideak ere bermatu behar dira». Epaileek, ordea, agindu judizialei kasu egitearen garrantzia azpimarratu zuten, eta Hegoafrikako presidente ohiak Botere Judizialarekin izandako jarrera gaitzetsi zuten.
Kaleetan nagusitu diren istiluez gain, askok sare sozialen bitartez helarazi dituzte presidente ohiaren aldeko mezuak; esate baterako, Zumaren aldeko fundazioak. Haien iritziz, herrialdea «apartheid garaiko egunetara» itzultzen ari da, eta presidente ohia «aurretiazko epaiketarik gabe» espetxeratu dute. Zuma Estcourteko espetxean (KwaZulu-Natal) dago aurreko asteazkenetik: 1994an «apartheid» sistema arrazista amaitu zenetik, kartzelatu duten Hegoafrikako lehen presidente ohia da.