Khumbudzo Ntshavheni Hegoafrikako Presidentetza ministroak atzo jakinarazi zuenez, Poliziak sei lagun atxilotu ditu, Jacob Zuma presidente ohiak bere burua entregatu ondotik izandako protesten sustatzaile direlakoan. Atxilotuetako bat bermea ordainduta aske utzi dutela zehaztu zuen, eta gainerakoei atxiloaldi prebentiboa ezarri dietela. Haietako hiruk jada deklaratu dute. Gainera, Polizia istiluetan parte hartu zutenen atzetik dabilela nabarmendu zuen Ntshavhenik.
Ehunka dira, halaber, istiluekin lotuta deklaratu behar izan dutenak. Gauteng probintziako fiskalburu Phindi Mjonondwaneren arabera, 628 "susmagarri" daude auzipetuta.
Duela astebete piztu ziren protestak KwaZulu-Natal probintzian, Zumaren jaiolekuan. Ekainaren 29an, hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten presidente ohiari, bederatzi urteko agintaldian (2019-2018) izandako ustezko irregulartasunen inguruan deklaratzeari uko egiteagatik. Besteak beste Thales konpainiari egindako erosketa baten bidez, lau milioi rand (235.000 euro) baino gehiago poltsikoratu izana leporatzen diote. Presidenteak bere burua entregatu zuen arren, haren aldeko ehunka lagun kalera atera ziren, aske utzi zezatela eskatzeko.
Protestak baretzen ari direla nabarmendu zuen Ntshavhenik, eta egoera «egonkorra» dela KwaZulu-Natal probintzian, protesten epizentro nagusian. Hala ere, beste hiru lagun hil direla gehitu zuen. Horrenbestez, 215 dira, guztira, istiluetan hildakoak.
Gauteng probintzia izan da beste gune beroetako bat. Han egoera «guztiz egonkortu» da, ministroaren esanetan. Erantsi zuen istiluen ondorioz itxi egin behar izan zuten negozioek berriz zabaldu ahal izan dutela, horretarako garbiketa eta berreraikitze lanei esker.
Auzi saioa, atzeratuta
Auziarekin loturiko saio bat egitekoak ziren atzo, Pietermaritzburg hiriko auzitegi batean, baina Zumak eta haren abokatuak saioa atzeratzeko eskatu zuten, argudiatuta istiluek gehien jotako hirietako bat dela Pietermaritzburg, eta, hortaz, presidente ohiak «epaiketa justu bat» izateko duen «eskubidea» urratu zitekeela. Fiskaltzak salatu zuen Zumak bide berriak bilatzen ari dela, «desesperatuki», bere kontrako karguen aurrean erantzutea saihesteko.
Epaileak onartu egin zuen defentsaren eskaria, baina egun batez soilik atzeratu zuen saioa. Hortaz, gaur segituko dute epaiketarekin.