Andeetako Komunitatean zegoen garai batean Caracas, baina handik atera egin zen, erakundeko beste bi kidek AEBekin itun ekonomikoak sinatu zituztelako. «Bukatuta» egotea leporatu zion orduan erakundeari. Orain, erakundea berritu ezean Mercosur ere zulo berean eroriko dela ohartarazi die bertako estatu kideei. Guztiak ez dira, baina, haren iritzi berekoak. Batzuen eta besteen arteko aldeak handitzen ari dira, eta egoera zuzendu ezean, hegoaldeko herrialdeak merkataritza gune bakarrean biltzea helburu zuen erakundea bertan behera geratuko da. Ametsa krisian dago.
Gaur eta bihar egingo duten goi bileran blokeko herrialdeen arteko alde ekonomikoak nola murriztu aztertuko dute. Horiek hasieratik izan dira arazo. Paraguai eta Uruguairen Barne Produktu Gordina oso baxua da - 7.000 eta 16.400 milioi dolar-. Argentinak eta Brasilek, aldiz, Hego Amerikako BPGrik altuenak dituzte-789.300 eta 177.300 milioi dolar-. Hasieratik izan duten arazoa konpontzeko hainbat saio egin ditu Brasilek -bera izan da erakundeko presidente orain arte-. Besteak beste, bi herrialde txiroenetatik igarotzen diren inportazioen gaineko zergak kenduko dituela iragarri du. Baina hori ez da nahikoa izan.
Uruguaik beste arazo bat ere jarriko du mahai gainean, orain arte Mercosur konpontzeko gai izan ez dena. Finlandiako enpresa bat paper fabrika bat eraikitzen ari da Argentina eta Uruguai artean dagoen Rio de la Platatik gertu, bigarrenaren lurretan. Buenos Airesek salatu du nazioarteko akordioa urratu duela Montevideok. 1975ean sinatutako itunaren arabera, bien artean egingo dute baliabide natural horren kudeaketa. Argentinarrek, berriz, errepideak moztu dituzte, baina Buenos Airesek ez du ezer egin protesta horiek bukatzeko. Ondorioz, Uruguaik Nazioarteko Auzitegira jo du.
BOLIVIA, KIDE BERRIA. Arazoak arazo, kide berri bat dute onartzekoa goibileretan: Bolivia. Baina hor ere oztopoak gainditu behar dituzte. Egun, Andeetako Komunitateko kide da herrialde hori, baina jada iragarri du ez duela erakunde hori utziko Mercosurrekin bat egiteko. Hori egiteko arrazoia indartsua da. Gaur egun, Andeetako herrialdeei nekazaritza produktuak saltzen dizkieten milaka nekazariren hondamendia eragingo luke banatzeak, ezin izango luketelako munduko elikagaien biltegi diren Mercosurreko herrialdeekin lehiatu. Aldi berean, ordea, Mercosurren sartzeak, arriskuan jarriko du Boliviako barne merkatua, Argentinak eta Brasilek errazago salduko dituztelako beren produktuak han. Erakundeko kide oso izateak, ordea, baditu abantailak ere, merkatu zabalagoa izango duelako La Pazek produktuak saldu eta erosteko.
Uruguaiko kantziler Reinaldo Gargano Mercosur handitzen jarraitzearen aldekoa da. Azken finean, Bolivia kide oso bilakatuz gero, blokeko herrialdeek haren baliabide naturalak -gasa eta petrolioa- erabili ahal izango dituzte. Horretaz gain, beste erakunde bateko kide izanik, La Pazi ateak irekitzen badizkiote, Ekuadorrek ere bidea garbi izango du Mercosurren sartzeko.
Boliviak Mercosurri oreka itzuliko dion itxaropena ere badute askok, batez ere Chavezi aurre egiteko gai bada. Venezuelako presidenteak erakundea «berritu» nahi du. AEBei aurre egingo dien eta gizarteko arazoak konpontzea helburu izango duen bloke itxia nahi du Chavezek. Beste batzuek, aldiz, talde irekiagoa nahi dute, non kideek erakundetik kanpoko herrialdeekin itunak sinatzeko aukera izango duten.
Auzi horiek guztiak izango dituzte aztergai datozen bi egunetan Brasilen. Horiek hala, Rio de Janeiroko segurtasun neurriak zorroztu dituzte agintariek. Atzo nabariak ziren neurri horiek Brasilgo errepide nagusietan.
Bestalde, AEBetako Gobernuak iragarri du Perurekin, Kolonbiarekin eta Panamarekin Merkataritza Askerako Itunak sinatuko dituela aurtengo uztaila baino lehen. FTAA Ameriketako Merkataritza Librerako Esparruaren sorrera bizkortu nahi du Washingtonek akordio horien bidez. Amerika osoa hartzen duen merkataritza eremua sortzea daAEBen xedea.
EraKunDe eTa ITunaK
Merkataritza akordioak
FTAA. Ameriketako Merkataritza Librerako Esparruaren proiektua 1994an sortu zen, Amerikako herrialdeek Miamin (AEB) egin zuten lehen bileran. Washington da egitasmoaren bultzatzaile nagusia eta Kuba ez beste estatu guztiak barneratu nahi ditu. Baina Latinoamerikako hainbat herrialdek, Venezuela buru dutela, itun horren bidez AEBen interesak inposatzen saiatzea leporatzen diote Washingtoni.
ALBA. Habanan sortu zuten Venezuelak eta Kubak Latinoamerikarako eta Kariberako Alternatiba Bolivartarra. FTAAren alternatiba da, eta egun beste bi kide ditu: Nikaragua eta Bolivia. Bazterketa eta pobrezia amaitzeko sortutako proiektu honek estatu kideen arteko harreman ekonomikoak bultzatzen ditu, batzuen eta besteen arteko aldea gutxitzeko asmoz.
Erakunde ekonomikoak
Mercosur. Argentinak, Brasilek, Paraguaik, Uruguaik eta Venezuelak osatzen dute Hegoaldeko Merkatu Bateratua edo Mercosur. Helburua kideen arteko harreman ekonomikoak erraztea da. Horretaz gain, estatu kideek izan ditzaketen arazo sozial nahiz politikoak konpontzen ere saiatzen dira blokeko kideak. Nabarmentzekoa da Hego Amerikako hiru potentzia ekonomiko nagusiak biltzen direla bertan.
Andeetako Komunitatea. Boliviak, Kolonbiak, Ekuadorrek eta Peruk osatzen dute. Duela gutxi arte Venezuela ere erakundeko kide zen. Baina Kolonbiak eta Peruk AEBekin Merkataritza Askerako Itun bana sinatu ostean, utzi egin zuen. Venezuelako presidentearen iritziz, akordioek baliogabetu egin zuten erakundea.
Hego Amerikako Nazioen Komunitatea. Mercosurreko eta Andeetako Komunitateko kideez gain, Txile, Guyana eta Surinam ere erakundeko kide dira. Hego Amerikako nazioak merkatu bakar batean biltzea da helburua, Europako Batasunak egin duen gisa. Venezuela da proiektu honen bultzatzaile nagusia.