EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

«Hemen betiko»

XABIER MADARIAGA IDIRIN
GAZA
2004ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gazako kokaguneei buruz egin den azken inkestaren emaitzak esanguratsuak dira: israeldarren %77 Gazan dauden kokaguneak hustearen alde daude. Soilik %23k uste dute kolonoek ez dutela alde egin behar. Inkestak gizarte israeldarraren iritzia jasotzen du, eta berriak Gazako kolonoek beraiek zer pentsatzen duten jakin nahi izan du.

Ariel Sharon, Israelgo lehen ministroa Gazan 18 kokagune hustearen alde azaldu da azkenaldian. Oraingoz, adierazpen polemikoak besterik ez du egin Sharonek. Ez dugu ikusi lehen ministroak bere asmoak gauzatzen hasi dela, baina bere plana aurrera eramanez gero, 7.500 kolonori eragingo lieke. Eran Sternberg Gazako kolono horien bozeramailea da. Berak bost urte pasatu ditu Gazan, Gush Katif kokagunean, eta bere emazteak 26 urte daramatza han. «Sharonen kontrako gerra» hasi dela dio Sternbergek. «Gerra demokratiko bat abiatu dugu, eta lehen ministroa kargua uztera behartuko dugu, berak gure etxeak eta familiak ukitu baino lehen».«Hemen egongo gara betiko», dio irmo Eranek. Gazako kolono gehienek bezala, talde honen bozeramaileak ere uste du Jainkoa beren alde dagoela eta hark juduak kokaguneetan nahi dituela. Are gehiago, zenbait kolonok Jainkoaren seinaletzat jo dute joan zen astean Israelen gertatu zen lurrikara txikia.

Hildakoei galdetu behar

Azken inkesten emaitzei mesfidati begiratzen die Eranek. Bere ustez, nazioarteko komunikabideez gain, Israelgoak ere kolonoen kontra daude, eta horregatik ez die jaramonik egiten hainbestetan argitaratu diren galdeketei. Slomit Ziv, Netzarim kokagunean bizi den 44 urteko emakume judua, iritzi berekoa da: «Inkesta hauek ez dute inondik inora islatzen Israelgo gizartearen pentsamoldea. Galdeketek balio izateko, Israelen gerretan hil diren guztiei galdetu beharko genieke, holokaustoan hil zirenen iritzia ere kontuan hartu beharko genuke...».

Lehen ministroak israeldarren artean erreferenduma egiteko aukera aipatu du. Kolonoak Gazatik irten behar ote diren bozkatuko litzateke orduan. Hustearen aldekoek irabazita ere, kolonoek tinko erantzungo lukete. «Ez dugu onartuko gure etxeetatik kanporatuak izatea, nahiz eta israeldar gehienak horren alde egon, gehiengoak ezin baitu gure ordez erabaki. Eskritura Santuak dio hemen bizitzea juduen eskubidea dela, eta eskubide horren alde borrokatuko gara», dio Slomitek. Eskriturak dioenaren kontra doa kokaguneak husteari buruz eztabaidatzea ere: «Eztabaida horietan zalantzan jartzen da hau juduen lurra dela, eta hori gure fedearen kontrakoa da».Fedea da kokaguneetan jarraitzeko duten arrazoi nagusia, baina bada beste azalpen bat ere: kolonoek ez diote erresistentzia palestinarrari irabazten utzi nahi. Slomitek argi dauka zergatik eutsi behar zaien kokaguneei Gazan eta Zisjordanian. «Hemendik alde egiten badugu, terroristek indarkeriari esker irabazi dutela pentsatuko dute, eta horrek estatu judu osoari kalte egingo dio etorkizunean». Lehen ministroak kontrakoa uste du, ordea. Sharonek azken asteotan onartu duenez, Israeldarrak seguruago biziko dira kolonoak Gazatik badoaz.Ariel Sharonek berak, Yehuda Aimanrat bizi den kokagunearen eraikuntza bultzatu zuen azpiegitura ministro zenean. Lehen ministroaren pentsamolde aldaketari azalpen bakarra ematen dio kolono honek. «Ustelkeria kasuetan sartuta dago, eta Poliziarekin dituen arazoei buruz pentsatzen egotea baino, Sharonek nahiago du gizarte israeldarrak Gazako kokaguneaz kezkatuta egotea». Baina Yehudaren esanetan, arazoa ez da soilik Israelena, mundu osoarena baizik. «Hau nazioartearen arazoa da. Guk hemendik alde egiteak arriskuan jarriko luke mundu osoa; izan ere, terroristek garaipentzat joko lukete kokaguneak hustea». Hala, Yehuda bat dator Slomiten teoriekin. «Kolonoek alde egiten badugu, 2001eko irailaren 11n gertatu zen bezala, munduko terroristek bide egokia hartu dutela ulertuko dute. Hori ezin da onartu».Gazako kolonoak bizitoki dituzten kokaguneez gain, Zisjordaniakoez ere arduratuta daude. Yehuda Aimanrat kolonoaren arabera, behin asentamentuak husten hasiz gero, ez da egongo atzera egiteko aukerarik. Gainera, kokaguneena ez da arazo bakarra: «Palestinarrek ez dituzte soilik kokaguneak nahi. Gazako kokaguneetatik alde egin ondoren, Zisjordaniako kokaguneak husteko eskatuko dute, eta gero Jerusalem osoa nahi izango dute. Tel Aviv eta Haifa hiriak ere eskatuko dituzte laster, arabiarrek ez baitute onartzen estatu juduaren existentzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.