Irish News egunkari nazionalista moderatuak --Belfasten du egoitza-- boterea partekatzeko bidea eman dezakeen gobernua hautatzeko, bozkatzera deitu ditu hautesleak.
Ipar Irlandako oraingo hauteskunde kanpaina bizidunon oroimenean tonurik apalenetakoa izateak ez dio, inolaz ere ez, bere oinarrizko garrantzia kentzen.
Modu askotan da testuinguru bereziki esanguratsua, Legebiltzarraren osaketa finkatuko baitu, datozen urteotan Stormonten gobernu autonomo egonkorra sustatzeko eginkizun errealista izango duena.
1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ondoren osatutako gobernua hainbat eragileren aurrean ahula zen, tartean DUPek boterea partekatzeari eginiko muzina eta Polizia egitura berriak sostengatzeko Sinn Feinen uzkurtasuna.
Iazko Saint Andrewsko ekimenaz geroztik DUPek era erabakigarrian jo du UUPrekin batera bi komunitateetarako administrazioa sostengatzera.
Poliziarekiko Sinn Feinen jarrera ere mugitu egin da, SDLPrenarekin bat egiteko; hala, autonomia berriro ezartzeko bidean zegoen azken oztopo serioa kendu du.
Oraindik ildo ezberdintasun asko daude alderdi nagusien artean, Aliantzaren Alderdia ere tartean, baina orain, funtsean, Ostiral Santuko Akordioaren muinean dauden printzipioen alde daude denak.
Aurrerapauso izugarria da hau, eta aste honetan hautatuak izatea lortzen duten politikari guztientzat aukera ikaragarria eskaintzen du.
Azken 35 urteetako gehienetan Ipar Irlanda kontrolatu duten ministroek bazekiten beren eginbeharrak ondo, gaizki edota erdizka betez gero ez zutela inoiz hemengo hauteslearen aurrean erantzun beharrik izango.
Boto-emaileak samaldan [bozkatzera] agertzeko pizgarri posible oro dago, azkenean osasuna, hezkuntza, ingurumena eta bestelako arloetan hartuko diren erabakietan eragin dezaketelako.
(...) Ez dugu dudarik jendeari eskatzeko boterea partekatzearen eta bakearen eta adiskidetzearen kausaren alde buru-belarri ariko diren hautagaiak hauta ditzala.
Gure ospitale eta eskolen inguruan funtsezko auziak konpondu behar dira, baita uraren zergenauzi polemikoaren inguruan ere.
Etxean geratzen direnek ezin dute salatu ez datozela bat funtsezko eztabaida horien emaitzekin.
Gure historiako erronka handiko une honetan ez dago gogorik gabe begira geratzeko aitzakiarik. Komunitateko alde guztiek dute beren botoa zuhurtasunez erabiltzeko erantzukizuna. EDITORIALA / IRISH NEWS
HEMEROTEKA. Aitzakiarik ez bozei gogorik gabe begiratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu