Alemaniako Gobernuak eta Poliziak hildakotzat jo dituzte desagertuta zeuden hemezortzi pertsonak. «Ziurrenik, su hartutako autobusean zenduko ziren», adierazi du Bavariako Poliziak. Alexander Dobrindt Garraio ministroak jakinarazi duenez, orain arte hamaika gorpu berreskuratu dituzte. Salbamendu taldeak beste zazpi lagunen gorpuak bilatzen ari dira orain.
Dobrindtek azpimarratu du, Joachim Herrmann Bavariako Barne ministroarekin egindako agerraldian, sutea ikaragarria izan dela, eta ezinezkoa egin zaiela erreskate taldeei autobusera sartzea suhiltzaileek sutea kontrolatu duten arte. Dobrindtek eta Herrmannek hainbat gidariren portaera axolagabea kritikatu dute, ez baitiete erreskate taldeei bidea erraztu haien lana egin zezaten.
Municheko aireportuan biktimen familientzako arreta zentro bat sortu dute, gorpuak identifikatzeko lanak aurrera doazen bitartean.
Kamioiaren gidaria ez da zauritu, baina autobusaren gidarietako bat hil egin da istripuan.
Istripua A-9 autobidean gertatu da, Bavariako estatuan, goizeko zazpietan (05.00 GMT); autobusak kolpe bat eman dio atzetik kamioi bati. Hildakoek 66 eta 81 urte artean zuten, eta Saxoniatik (Alemania) Gardako aintzirara (Italia) zihoazen.