Herbehereak, bidegurutzean

Krisi ekonomikoa eta Europako Batasuna izan dira Herbehereetako hauteskunde aurreratuen kanpainako gai nagusiakLiberal-kontserbadoreak eta laboristak parean kokatu dituzte azken inkestek

mikel rodriguez
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Inkesta gehienetan agertutakoa betetzen bada, gaurko hauteskundeek bidegurutzean kokatuko dituzte Herbehereak, panorama politikoa erabat argitu gabe; izan ere, irabazteko faborito diren alderdien artean ia erabateko berdintasuna egonen dela iragarri dute, eta ez dago argi zein koalizio eratu beharko litzatekeen behar adina sostengu izanen lukeen gobernua osatzeko.

Europan, azkenaldian hauteskundeak egin dituzten gainerako herrialdeetan bezala, krisi ekonomikoa izan da eztabaidagai nagusi, liberal-kontserbadoreek zuzendutako gobernuak onartutako murrizketek erantzun zabala izan baitute karriketan eta gainerako alderdietan. Horrekin lotuta, Herbehereak EB Europako Batasunarekin izan beharko lukeen harremana izan dute ahotan alderdiek, eta ez soilik eskuin muturrak eta ezkerrak; Europa gehiago ez, baina Europa hobe bat izan da liberal-kontserbadoreek erabili duten leloetako bat.

Legebiltzarrerako hauteskundeak 2014an ziren egitekoak, baina iragan apirilean Mark Rutte lehen ministroaren gobernua gutxiengoan gelditu zen eskuin muturreko PVV Askatasunerako Alderdiak, VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia liberal-kontserbadoreak eta CDA Aldarri Kristau Demokratak osatutako gobernu koalizioari babesa kendu ondotik. Akordioa hausteko gobernuak aplikatu nahi zituen murrizketekin ados ez zegoela argudiatu zuen PVVk, eta ordutik EBren aurkako mezuak indartu ditu, Herbehereek batasuna eta eurogunea utzi behar lituzketela aldarrikatuz. Geert Wilders buruzagiak herrialdearentzat ere moneta berria proposatu du: neuroa —Netherland-en n-rekin—.

Murrizketak jomugan

Europarekiko eszeptizismoa, baina, eskuin muturretik haratago hedatu den sentipena da Herbehereetan. Europa hegoaldeko herrialdeen krisia iparraldekoen bizkar gelditu delako ustea hedatu da, inguruko bertze hainbat herrialdetan bezala. Defizita murrizteko EBk bultzatutako neurritasun politikek ere eragina izan dute Herbehereetan, eta horrek erantzuna ekarri du karrikan. Hauteskundeak gaur egin arren, egungo gobernuak heldu den asteartean onartu nahi ditu 2013rako aurrekontuak, oraindik jardunean egonen baita. FNV sindikatuen federazioak industrian grebara deituko duela iragarri du gobernuak defizita murrizteko proposatutako lau neurri gibelera bota ezean —horien artean, pentsioen ingurukoak—.

Izan ere, ezkerretik ere kritika ugari egin dizkiote EBri, SP Alderdi Sozialistak bereziki. EB eta eurogunea uztea proposatu ez duen arren, Bruselaren esku hartzeak kritikatu eta politika «sozialagoak, gizatiarragoak eta iraunkorragoak» eskatu ditu.

Hain zuzen, Emile Roeme SPko burua izan da kanpainako protagonistetako bat, hasierako inkestek bigarren tokian kokatu baitzuten, lehen aldiz PvdA Alderdi Laboristako hautagaia gaindituz. Azken egunetan, ordea, joerak Diederik Samson laboristaren alde egin du. Gehiengo osoa lortzeko 150 jarlekutatik 76 dira beharrezkoak, baina azken galdeketen arabera ia erabateko berdinketa mantentzen da Rutteren eta Samsonen artean. TNS Nipo eta Een Vandaag etxeek atzo argitaratutakoen arabera, liberal-kontserbadoreek diputatu bakarraren aldearekin irabaziko dute, 35 eskuratuz. Emaitza horiekin, hurbileko jarrerak ez dituzten edo are kontrajarriak dituzten alderdiak elkartu beharko lirateke gobernuan, eskuineko edo ezkerreko batasun soilek ez bailukete behar adina lortuko. Bi alderdi nagusiak batuz gero gehiengo osotik hurbil geratuko lirateke, baina ukatu egin dute koalizio handi bat prestatzen ari direnik.

«Multikulturalismoak huts»

Atzoko inkesten arabera, gainera, PVVk 2010ean lortutako erabakigarritasuna galduko luke. Eskuin muturraren eraginez, azken urteetan islama eta etorkinak puri-purian egon diren gaiak izan dira Herbehereetan, baina krisi ekonomikoak zertxobait estali ditu. Hala ere, presente egon dira. Rutte lehen ministroak atzo botatakoak horren adibide. «Multikulturalismoak huts egin du. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ezin genuen erran etorkinak langabeen eta krimenaren zerrendaren lehen postuetan zeudela. Gure Mendebaldeko balioak alde batera utzi genituen, eta ez ginen gai arazoak non zeuden errateko». Wildersen arabera, mezu horiekin lehen ministroak botoak kendu nahi dizkio PVVri. «Baina jendeak nahiago du beti originala hautatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.