Herbehereak Srebrenicako hiru bosniarren hilketaren erantzule egin ditu Hagak

Bosniako sarraskian kasko urdinek izandako jokabidea auzitan jarri du Hagako Apelazio Auzitegiak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Srebrenicako sarraskia Ratko Mladic Serbiako jeneral ohi bosniarrak gogora ekarri du azken hilabetean, Hagako Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian haren kontrako prozesua abiatu denetik —8.000 musulmanen hilketaren arduradun izateagatik karguak irakurri dizkiote—, baina orain Hagan bertan, beste auzitegi batek jarri du gertaera agendan, Apelazio Auzitegiak, eta Herbehereetara begira jarri gainera, ustez sarraski hura gidatu zuen jeneral ohiaren bidegabekeria errazteagatik: hiru bosniar musulmanen hilketaren erantzule egin du auzitegiak estatua, eta aurretik Herbehereak gertaera haietatik salbuesten zituen erabakia ezeztatzera etorri da, dudarik gabe, albiste garrantzitsua, biktimen senideentzat, beste batzuen kasuak aztertzeko bidea erraz dezakeelako.

Apelazio auzitegiaren erabakiaren arabera, «inor ez zuten Ratko Mladicen tropa serbiarren esku utzi behar». Herbehereetako kideek bere gain hartu behar zuten Mladicen gizonek hilko zituztela harrapatutako gizonak». Hasan Nuhanovic itzultzaile musulmanaren anaiaren eta aitaren kasuak ikusi ditu apelazio auzitegiak —Hasanek bizirik ateratzea lortu zuen—, eta Rizo Mustaficena ere bai. Hirurak zeuden Srebrenicako basean babes hartu zuten 5.000 zibilen artean. «Ordurako», nabarmentzen du erabakiak, «Herbehereetako batailoia lekuko izan zen soldadu serbiarrek egindako tratu txarrez eta hilketez».1995eko uztailean Nuhanovicek bere aitarentzat eta anaia gaztearentzat Nazio Batuen Erakundearen baimen bat eskatu zuen, eta Mustaficek gauza bera egin zuen, baina ezeztatu egin zien. 2007an aurkitu zuten Nuhanovicen aitaren gorpua, eta iaz anaiarena eta Mustaficena, hobi komun batean.

Beste kasu batzuk

Srebrenicako Amek aspaldian salatu dutenari arrazoi emateraetorri da erabakia, eta hiru kasu besterik ez badira ere, uste dute bidea zabal diezaiekeela beste kasubatzuei. Erakundeko presidente Munira Subasicentzat «justizia egiten hasi da», eta espero du «Herbeheretako armadak lezioa ikasi izana, berriz gerta ez dadin». Salaketa jarritakoen abokatu Liesbeth Zegveldentzat ere «argi izpi bat» eman die biktimen senideei: «Juridikoki sumarioa agerikoa zen, eta uste dut antzeko kasuak irabaz daitekeela. Baina politikoki gaia askoz konplexuagoa da, zaila».

Erabakiarekin gora jo dezake Herbehereetako Estatuak, baina ez du egingo duenari buruz hitz egin: «Aurretik erabaki bat daukagu gure alde kasu berari buruz. Sakon aztertuko dugu», Defentsa Ministerioak esan duenez.

Iazko martxoan Herbehereetako auzitegi zibil batek Srebrenicako Amek Nazio Batuen Erakundeari eta Herbehereetako estatuari jarritako salaketaren kontrako erabakia hartu zuen, baina kasko urdinek Srebrenican izan zuten erantzukizunari buruzko auzia luzeagoa da.

2002an Wim Kok lehen ministroaren gobernua erorarazi zuen txosten ofizial batek. Hark «errudun ez, baina erantzule» egin zituen Srebrenicako genozidioaz kasko urdinak. Xehetasun hori oso garrantzitsua izan zen. Kasko urdinek NBEren aginduak betetzen zituzten, eta ezin zien inori eraso, edonorengandik defendatu soilik. Genozidioa baino lehen Herbehereetako arduradun militarren arabera, airez eta lurrez aritzeko laguntza eskatu zietenindar aliatuei, baina ezezkoa jaso zuten, eta ezin izan zuten ezer egin. Hori dela-eta biktimak ez babesteagatik NBE ezin zela zigortu ondorioztatu zuen iaz auzitegiak.

Nuhanovic eta Mustafic familiek ia hamarkada bat egin dute Herbehereetako auzitegiek arrazoi eman diezaieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.