Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak eta haren gobernuak dimisioa eman dute, ez dutelako lortu aurrezte plana aurrera ateratzea. 2013rako defizit publikoa %3ra jaistea da Rutteren helburua, baina negoziazioek huts egin dute, eta ez du eskuin muturreko PVV Askatasunaren Alderdiaren babesa lortu 16.000 milioi euro aurrezteko plana aurrera ateratzeko. PVV koalizio gobernuan orain arte kide izan du Ruttek. Geet Wilders PVVko buruak, baina, ez du uste aurrekontuen harira sortu den krisiaren errua berea denik. «Ez nazatela seinalatu. Ez daukat gertatu denaren errua. Nederlandarrek berriz ere hitz egiteko eta etorkizuna erabakitzeko ordua da», esan du Wildersek. Izan ere, hauteskundeak aurreratuko dituztela jakinarazi dute, baina horretarako eguna jakinarazi.
Zortzi aste iraun dute negoziazioek, baina Wildersek ez du amore eman. Bruselak ezarritako %3ko defizitaren muga «txorakeria» bat dela esan du PVVko buruak, eta gaindi daitekeela. Baina gobernuak Europako Batzordearen aurrean neurritasun plan bat aurkeztu behar du apirilaren 30ean, eta, horregatik, aliatu bila jarraitzen dute demokristauek. «Hauteskundeak badaude ere, finantzak bideratu behar ditugu», esan du Rutteren alderdikide Maxime Vehagenek. Agintean den VVD Askatasunaren eta Demokraziaren aldeko Alderdi Popularrari, dena den, zaila suertatuko zaio horretarako kideak bilatzea. Izan ere, sozialistak eta sozialdemokratak adierazi baitute epe laburrera begira defizita igotzearen aldekoak direla, herrialdearen ekonomiari kalterik ez egiteko.
Zigorra ezartzeko aukera
Europako Batzordeak esan du, Herbehereetako Gobernuak murrizketen plana aurrera ateratzea espero duela. Murrizte neurriei esker, aurreikuspenek dioten moduan defizita %4,6ra ez ailegatzea ere espero du.
«Herbehereetako Gobernua ahalegin guztiak egiten ari da Europan dituen konpromisoak betetzeko», esan du Europako Batzordeko bozeramaileak. Batzordeak, dena den, ez du defizitaren muga handitzeko aukera aipatu nahi izan. Gobernuak azkenik murrizketa planak indarrean jartzea lortzen ez badu, Bruselak zigorrak ezarri ahalko dizkio, Egonkortasun Ituna ez betetzea leporatuta.
Herbehereetako Gobernuak dimisioa eman du, ez duelako lortu murrizte plana adostea
Gobernuko eskuin muturreko aliatuak ez du aurrezte plana babestu; bozak aurreratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu