«Heriotza gehienak Europako mendebaldean gertatuko dira»

Gogor gaitzetsi du adituak Nazio Batuen Erakundeak Txernobilgo hondamendiaz eginiko balantzea eta txosten alternatiboa egin du: 30.00-60.000 hildako aurreikusten ditu berak

Edu Lartzanguren.
2006ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ian Fairlie erradioaktibitatean aditua da. Kimika ikasi zuen Kanadan eta erradiazioaren biologia Erresuma Batuan. Egun gaiaren inguruko aholkulari gisa egiten du lan, eta txostenak egin ditu gobernuz kanpoko erakundeentzat, Europako legebiltzarrentzat eta gobernuentzat. Apirilaren 6an TORCH: Txernobilen Inguruko Beste Txostena aurkeztu zuen Ukrainako hiriburuan. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) iaz plazaraturiko txostenaren hutsak gogor gaitzesten ditu Fairliek bere ikerketan. Txernobilgo istripuak eragindako kutsadura erradioaktiboaren erdia baino gehiago Europan, erori zela dio, Ukraina, Bielorrusia eta Errusiatik kanpo. Adituaren arabera, 30.000 eta 60.000 pertsonaartean hilko ditu kutsadurak eragindako minbiziak.

IAEAren datuak sinesten ez zenituztelako egin zenuten 'TORCH' txostena?

IAEAk iazko irailean pentsaurrekoa eman zuenean Vienan, eta Txernobilgo istripuaren ondorioen inguruko txostena aurkeztu zuen. Eragingo duen hildako kopururaren kalkulua jasotzen zuen txostenean. Horrez gain, erakundeak prentsa agiri bat zabaldu zuen prentsaurrekoan. Txosteneko biktima kopurua eta prentsa-oharrekoa ez zetozela bat konturatu nintzen, eta, horren ondorioz, sakonago irakurri nuen txostena. Europako Legebiltzarreko Berdeek ere gauza bera pentsatu zuten, eta beste txosten bat egiteko eskatu ziguten.

IAEAk 9.000 hildako aipatzen zituen txostenean eta 4.000 bakarrik prentsa-oharrean. Huts bat izan zen, ala nahasteko maniobra bat?

Gure txostena atera zenean, Osasunerako Mundu Erakundearen eledun batek aitortu zuen Genevan [Suitza] 4.000 hildako kopuru hura «komunikaziorako tresna politikoa» izan zela, eta ez zientzia datua.

Azken egunotan zabalduriko beste txosten batzuek 600.000 hildako kalkulatu dituzte. Nola liteke halako alde handia egotea ikerketa ustez zientifikoen artean?

Ez dago alde handirik txostenen artean, zientzia ikuspegitik ikusita behintzat. IAEAren ikerketak, gureak eta Greenpeacerenak zientzia metodo erabat desberdinak erabili dituzte, eta, beraz, aldea egongo zela espero zen. Edonola ere, aldea ez da handia. Dena den, IAEAk kalkulaturiko 9.000 hildako kopurua okerra da. Soilik Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako heriotzak hartu dituztelako kontuan egin dute huts. Zuzen jokatzekotan, Europa osoko heriotzak hartu behar ziztuzten kontuan, Txernobilgo hauts erradioaktiboak mugen gainetik bidaiatu baitzuen. Erdia baino gehiago Europako beste herrialdeetan erori zen, dosi handienak Ukraina, Bielorrusia eta Errusiatik at jaso dira.

Zeintzuk izango dira dosi horien eraginak Europan?

Minbiziak eragindako heriotzak, batez ere, tiroideetako minbizia eta leuzemia. Oso zaila da, ordea, kalkulatzea zenbat minbizi kasu diren Txernobilen ondorio eta zeintzuk bestelako kausenak. Izan ere, kasu kopuruaren igoera txiki bat da, minbizi kasu guztien multzoan. Europan, esaterako, heriotzen heren bat eragiten du minbiziak egun. Horri zarata deritzogu ikerkuntzan, eta horretan seinale txiki bat hauteman behar da. Zarata/seinale harremana oso txikia da. Beraz, seinalea hautemateko sekulako ikerketa epidemiologiko handiak egin behar dituzu, ehunka mila pertsona denbora luzez kontrolatuta, eta hori oso garestia da, lan itzela. Beraz, ezin da gauza handirik egin epidemiologia aldetik, baina heriotzak hautematea zaila izateak ez du esan nahi ez daudela hor. Frogarik ez egotea ez da ez dagoenaren froga. Zientziak esaten digu heriotza horiek gertatuko direla, jendea erradiazioarekin harremanetan jartzen baduzu, badakizu zeintzuk diren ondorioak. Badakigu Txernobilek zenbat erradiazio eragin zuen eta non jaso zen, eta datu horiekin kalkulatzen ditugu ondorioak.

Igoera txikia izan arren, hildako kopuru absolutuak izugarri handiak izango dira.

Hala da bai. Gure kalkuluen arabera, 30.000 eta 60.000 artean izango dira hildakoak ipar hemisferioan, 1986tik mende honen amaiera arte. Are gehiago, tiroideetako minbizian soilik antzeko kopuruak izango dira, heriotzarik eragin ez arren. Horrez gain, minbiziak ez diren beste gaitzak daude eta eragin genetikoak. Horiek ez ditugu kalkulatu oso zailak direlako aurreikusten.

Zenbat denbora iraungo dute eraginok?

Mendearen amaiera arte. Gero gutxitu egingo dira kasuak, baina ez dira erabat geldituko. Heriotza gehiago egongo da jende gehiago bizi den lekuetan eta hauts erradiaktibo gehiago jaso zuten lekuetan. Dosi kolektibo handienak Alemanian eta Italian jaso zituzten.

Energia atomikoa berriz bultzatzearen inguruko eztabaida piztu dute industria nuklearrak eta hainbat gobernuk. Txernobilgo istripuaren ondorioak kalkulatu ondoren, zer deritzozu eztabaidari?

Gobernu asko hausnarketa egiten ari dira egun argindarra sortzeko egitasmoen inguruan. Zentral nuklear gehiago eraikitzeari ekin aurretik, Txernobilen eraginen inguruan asko pentsatu beharko luketela uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.