munDUA

Heriotza zigorra Bombayko atentatuengatik

166 lagun hil zituzten duela bi urteko azaroan, hoteletan-eta tiro eginez. Indiako auzitegi berezi batek pakistandar bat zigortu du orain, ekintzaileen artetik bizirik atera zen bakarra.

2010eko maiatzaren 6a
13:34
Entzun
Bombayko auzitegi berezi batek heriotza zigorra jarri dio Akhmal Amir Kasab pakistandarrari, 2008an Indiako hiri hartan egindako atentatuetako egileetakoa izatea egotzita. Ekintzaileen artetik hura baino ez zen atera bizirik.

2008ko azaroaren 26an egin zituzten atentatuak, Bombay erdigunean. 166 hildako inguru eragin zituen eraso oldeak, eta Deccan Mujaideen talde armatuak hartu zituen bere gain. Armak eskuetan, hiriko zenbait interesguneren aurka jo zuten ekintzaileek: Taj Majal eta Oberoi luxuzko hotelak, polizia etxe bat, Leopold kafetegi ezaguna eta une horretan jendez lepo zegoen tren geltokia izan ziren atentatuen jomuga. Egun hartan lekukoek azaldu zutenez, hoteletan ziren turista estatubatuar eta britainiarren aurka jo zuten ekintzaileek, tiro eginez.

Europako Batasuneko hainbat legebiltzarkide Oberoi hotelean zeuden orduan; Hungariako eurodiputatu bat hil egin zen erasoetan.

2008ko azarotik Bombayko espetxe batean eduki dute Akhmal Amir Kasab, nahiz eta Pakistanera estraditatzeko eskatu izan duten haren abokatuek.

Pakistanek joan den azaroan ustezko zazpi ekintzaile auzipetu zituen atentatu haiengatik; tartean, Kasab bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.