Estatu kolpe baten bidez heldu zen boterera Pervez Musharraf jenerala, 1999an. Horren ostean, presidente karguan aritu zen, 2001etik 2008ra. 2007an, ordea, konstituzioa indargabetu eta larrialdi egoera ezarri zuen herrialde osoan, bere agintaldia luzatzeko asmoz. Urtebete gehiago egin zuen boterean 2008an, epaiketa politiko baten mehatxupean kargua utzi zuen arte.
2013an, Nawaz Sharif presidente kargura heldu zenean —bera zen estatuburua Musharrafek estatu kolpea eman zuenean—, jeneralaren aurkako auzia hasi zuten, goi mailako traizioa egotzita. Orain, Auzitegi Gorenaren aginduz eratutako epaitegi berezi batek hiltzera zigortu du. Konstituzioak bide ematen du halako kasuetan heriotza zigorra ezartzeko, eta hala egin du epaimahaiak, nahiz eta aho batez izan ez.
Musharrafi ez ezik, Justizia ministro ohi Zahid Hamidi, Goreneko presidente ohi Abdul Hameed Dogari eta Shaukat Aziz lehen ministro izandakoari ere leporatu zieten traizioa. Baina auzitegiek ez zituzten auzipetu.
Musharraf bera Dubain dago 2016tik. «Osasun arrazoiak» argudiatuta joan zen hara, eta handik salatu du epaia «oinarririk gabea eta bidegabea» dela. Buruzagi militar ohia herrialdetik irten eta hilabete gutxira, gobernuak haren pasaportea eta nortasun agiria indargabetu zituen, eta haren jabetzak bahitu.
Bushen aliatua
George W. Bushen aliatu nagusietako bat izan zen Musharraf Asian. 2001eko dorre bikien aurkako erasoen ostean, bat egin zuen haren terrorismoaren aurkako gerrarekin.
AEBek bultzatuta, muturreko islamisten aurkako gerran nahastu zen Musharraf, eta, aldi berean, herrialdean babes zabala zuten mugimendu islamisten nahiak betetzen ahalegindu zen. Behin baino gehiagotan NBEk eta NATOk leporatu zioten «ahalegin nahikorik ez egitea» Al-Qaedari laguntzen dioten miliziak atzemateko.
Hala ere, 2007an hasi zen haren gainbehera, Iftikhar Muhammad Chaudhry orduan Justizia ministroa zena kargugabetu zuenean. Erabakiak indartu egin zituen oposizioaren kritikak, eta estatu kolpeaz geroztik erbestean zen Sharifi modua eman zion itzultzeko. Musharrafek larrialdi egoera ezarriz erantzun zuen, baina, 2008ko otsailean, bere alderdiak bozak galdu zituenean, ez zuen dimisioa ematea beste aukerarik. 2013an agintera itzultzen ahalegindu zen presidentetzarako bozetara aurkeztuz, baina galdu egin zituen.