Bagdadeko auzitegi batek paratutako heriotza zigorra «ohorez» hartu duela erran du Turkiako erbestetik Tarik al-Haxemi Irakeko presidenteordeak, etagehitu du bere «bularrean paratutako domina bat» dela. «Errugabea naizela frogatzen du. Nire herrialdeari diodan maitasunarengatik ordaindu beharreko prezioa da». Iragan abenduaren 19an eman zuen gobernuak Al-Haxemi atxilotzeko agindua, hain zuzen,AEBetako azken soldaduek herrialdea utzi zutenean. Polizien eta agintarien aurka atentatuak egin dituzten hainbat talde armatu zuzentzea egotzi dio Irakeko justiziak, eta 150 hilketaren erantzule egin du.
Al-Haxemi sunita da, eta nagusiki islamaren adar horretako taldeak biltzen dituen Iraqiyya koalizioko kidea. 2006tik izan da Irakeko presidentordea, eta sasian egon arren, ez diote kargua kendu. Hasieratik salatu du gobernuan gehiengoa duten talde xiiten konplot politikoa izan dela bere aurkako jazarpena. Nuri al-Maliki lehen ministroa egin zuen bere aurkako prozesuaren erantzule atzo ere. «Al-Maliki zapalketaren sinbolo bihurtu da Iraken». Al-Haxemik lehen ministroari egotzi dio «botereak kontzentratzea» estatu autoritario bat sortzeko, eta gatazka sektarioa sustatzea ere leporatu dio. Jalal Talabani presidentearen arabera, «deitoragarria» da Al-Haxemiren aurkako zigorra, «adiskidetze nazionalean pausoak emateko ez duelako balio».
Atentatuetan, 92 hildako
AEBek Saddam Hussein agintetik bota zutenean, suniten eta xiiten arteko botere borroka lehertu zen. Husseinen Baath alderdia gutxiengo sunitan oinarritu zen —herritarren %40 baino gutxiago dira—, baina inbasioaren alditik xiitak egin dira nagusi —%60 inguru dira—.
Indarkeria sektarioaren adibide dira herenegungo atentatuak. Irakeko Estatu Islamikoa talde sunita integristak hartu ditu beregain —Irakeko Gobernuak eta AEBek Al-Qaedarekin lotzen dute—. Hildako kopurua 92ra igo dute agintariek.
Heriotza zigorra «ohorez» hartu du Irakeko presidenteorde Al-Haxemik
Bagdadeko auzitegi batek talde armatuak zuzendu eta 150 lagun hiltzearen erantzule egin du politikari sunita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu