Heriotza zigorrak gutxituz doaz munduan

AIren arabera, 139 herrialdek debekatu dituzte exekuzioak; hala ere, 714 hilketa egiaztatu zituzten iaz

Erredakzioa
2010eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Mundua heriotza zigorra behin betiko indargabetzetik hurbil dagoela azaldu du AI Amnesty Internationalek, kaleratu duen azken txostenean. Erakunde honen arabera, Europaren historian lehenengo aldiz, urte oso bat igaro da exekuziorik gabe.

Amnesty International heriotza zigorraren aurkako kanpaina egiten ari da 1977az geroztik, eta urtero horren inguruko datuak kaleratu izan ditu. Azken txostenean, iaz izandako kondenak eta heriotza zigorrak ikertu ditu. Urte amaierarako, 139 herrialdek indargabetua zuten zigor hori legegintzari edo praktikari dagokionez. 58 herrialdek bakarrik eusten zieten exekuzioei. Egun, hemezortzi naziok hiltzen dituzte pertsonak delitu kriminalak murrizteko helburuarekin, eta horietako batzuek errepresio neurri gisa ere badarabilte zigorra.

Iaz hainbat exekuzio mota erabili ziren nazioartean, besteak beste, urkatzea, fusilatzea, burugabetzea, zizta injekzio hilgarria eta harrikatzea. Erakundeak azpimarratu duenez, Ameriketan AEBetan egin zituzten soilik exekuzioak; Saharaz hegoaldeko herrialdeetan, berriz, Botswanan eta Sudanen; eta, Asian, Amnesty Internationalek gaineratu du iaz lehen aldiz ez zutela inor exekutatu Afganistanen, Indonesian, Mongolian eta Pakistanen. Bestalde, Iranen eta Saudi Arabian, zazpi adingabe hil zituzten gutxienez. Hiltze horiekin nazioarteko giza eskubideen legedia urratu zuten.

Beste behin ere, munduko exekuzio gehienak bi eremutan egin zituzten: Asian eta Ekialde Hurbilean, eta Afrikako iparraldean. Erakundeak salatu du Txina, Bielorrusia, Ipar Korea, Iran, Mongolia eta Vietnamgo gobernuek ez dutela jakinarazi zenbat lagun zigortu dituzten hiltzera. AIk adierazi duen moduan, heriotza zigorra eta politika lotuta ageri dira zenbait herrialdetan. Honela, aurkari politikoak suntsitzeko asmoz edo Gobernuaren nagusitasuna iritzi publikoan sendotzeko, Txinan, Iranen edo Sudanen exekuzioak egin zituzten iaz. Iranen, presidentetzarako hauteskundeetatik zortzi astera, 112 pertsona hil zituzten.

Sekretupeko informazioa

Txinan heriotzarekin zigortu daitezkeen 68 delitu baino gehiago daude egun. Erakundeak 714 hiltze zenbatu zituen 2009an; hala ere, zifra honek ez ditu biltzen Txinan izandakoak. Herrialde honetan gertatzen dira munduko exekuzio gehienak. Amnesty Internationalen aburuz, Txinak gainerako herrialde guztiak batera baino pertsona gehiago hil zituen iaz. Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak 819 heriotza kondenen berri izan zuen iaz herrialde hartan. Nahiz eta komunikabideek aldez aurretik aukeratutako kasu batzuen berri eman dezaketen, Txinan hiltzera zigortutakoen kopurua estatuko sekretua da, eta informazioa zabaltzen dutenak zigortuak izan daitezke. Hala ere, aurreko urteetako informazioei erreparatuz, AIk adierazi du herrialde honetan exekuzioak milaka izan daitezkeela.

Amnesty Internationalen ustez, heriotza zigorra indargabetuz jarraituko dute. Urte honen bukaeran, NBEren Batzar Orokorreko Hirugarren Mandatuak heriotza zigorraren erabilera aztertuko du, eta, AIren aburuz, bilera horrek aukera emango dio munduari zigor horren aurkako iritzia zabaldu dezan, eta behin betiko desagerraraz dezan.

AIk adierazi duenez, nazioartea heriotza zigorraren aurkako kontrakotasun handiagoa erakusten ari da urtez urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.