LEGEAK ETA ZIGORRAK
Kataluniak herri galdeketa batera deitzea legezkoa ote den, emaitzak zer balio izango lukeen, eta Kataluniako presidenteak zer zigor jaso lezakeen, eztabaida bizia dago. Espainiako Konstituzioak argi zehazten du, 149.1.32 artikuluan, estatuak duela, eta ez beste inork, erreferendum bidezko herri galdeketak baimentzeko eskuduntza. Espainiako Gobernuak, halaber, autonomia erkidegoen erabakiak geldiarazteko gaitasuna du, Auzitegi Konstituzionalera jota. Eta zigor kodea ere moldatu izan du, halako egitasmoak zigortzeko edo zigortzeari uzteko.•2003. Jose Maria Aznarren gobernuak zigor kodea aldatu egin zuen, eta delitutzat jo legez kanpoko herri galdeketak antolatzea, Ibarretxe planari aurre egiteko. Hiru eta bost urte arteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatzen zuen legeak erreferendumaren deitzailearentzat. Eusko Legebiltzarrak estatutu berrirako egitasmoa onartu ondotik, Espainiako Gobernuak —Zapatero presidente zela— Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen auzia, eta hark atzera bota zuen egitasmoa, tramiterako onartu ere egin gabe. Gero, Ibarretxek ez zuen herri galdeketarik antolatu.
•2005. PSOE agintera iritsi berritan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak baliogabetu egin zuen PPk bi urte lehenago zigor kodeari eginiko erreforma, eta delitu izateari utzi zion estatuaren baimenik gabe herri galdeketara deitzeak. Dagoeneko indarrean egon ez arren, iaz baliogabetu zuen Auzitegi Konstituzionalak herri galdeketara deitzea espetxearekin zigortzen zuen zigor tipoa.
•2010. Erreferendum bidezko herri galdeketak arautzeko legea onartu zuten Katalunian, hiruko gobernuak sustatuta (PSC, ERC eta ICV). Zapaterok Auzitegi Konstituzionalera bideratu zuen auzia, eta epaiaren zain dago. Legea, baina, indarrean dago, bost hilabetez behin-behinean baliogabetuta egon ondoren, 2011ko ekainean Konstituzionalak betoa kendu baitzion, arauzko epea beteta. Kataluniako legeak jasotzen du erreferendum bidezko herri galdeketa batek Espainiako Gobernuaren oniritzia behar duela. CiU lege berri bat ari zen prestatzen, itun fiskalari begira, baina hauteskunde deialdiak bertan behera utziarazi du, gerorako.
•2012. PP berriro gobernuan, eta galdeketara deitzea zigortzeko eskatzen ari dira.