Kyotoko Protokoloa luzatzea ezinezko bilakatu da klima aldaketari buruzko goi bileretan. 2012an bukatuko da han hartu ziren konpromisoak betetzeko epea, eta Kyotok agintzen duena luzatzeko modurik ez dago oraingoz, berretsi beharko luketenek oztopoak jartzen dituztelako. Japoniak, Kanadaren eta Errusiaren laguntzaz, Nazio Batuen Erakundearen egitasmoa betiko zapuztuko zuela zirudien Mexikon, AEBei presio egiteko, baina ez. Akordioarekin atera dira airoso; ez, ordea, kutsadura gutxitzeari buruzko irizpideak ezarrita: Kyotoko Protokoloa luzatzeko eztabaida datorren urterako uztea sinatu dute, azken aukera ematea, eta Bolivia ez beste 193 herrialdeak paper batera biltzea izan da batez ere «akordio arrakastatsua». Patricia Espinosa Cancungo bilerako presidenteak azaldu duen bezala, «NBEren aterpera AEBak eta Txina ekartzea». Bolivia, berriz, kanpoan geratu da, haren ustez «ekozidioa» delako hitzartutakoa.
«Arrakastatsua», «orekatua» eta «itxaropentsua» izan dira, hala ere, arduradunek gehien erabili dituzten hitzak negoziazio luze eta gogorren ondorioak azaltzean. «Kezkagarria» eta «gutxienekoetan oinarritutako arrakasta» dira ekologistek, batzuek etsiago beste batzuek baino, aipatu dituztenak. Kyotokoaz gain, erabaki zehatz gutxi jaso du akordioak.Sinatzaileek «onartzen» dute alde handia dagoela berotegi efektua gutxitzeko zientzialariek jartzen dituzten kopuruen eta herrialdeek betetzen dituztenen artean, eta horren harira «konpromisoa» hartu dute gehiago ahalegintzeko eta «2020rako isuriak %25eta %40 artean gutxitzeko», Kyotok jartzen dituen kopuru zehatzak aintzat hartu gabe.
Txinak, AEBak eta Indiak ere sinatu izanari eman diote garrantzia. AEBak Kyotoko Protokolotik kanpo daude -munduan gehien kutsatzen duen herria da-, eta India eta Txina ez daude derrigorturik Kyotok dioena betetzera, garapen bidean daudelako -beste bi kutsatzaile handienak-. Bi horiek, ordea, eskatzen zaizkien ahaleginak egitetik oso urrun daude. Hirurekez dute ezer jakin nahi protokoloaren bigarren kapituluarekin.
Hori dela-eta haserretu dira Japonia, Errusia eta Kanada bilerak iraun bitartean. AEBak eta Txina behartzeko modurik ez badago, eurek ere ez daude Kyotoren menpera jartzeko prest. Eta, atzo goizaldera arte ezer lortuko ez zutela bazirudien ere, azkenean, Cancungo Akordiora batzera lortu dute; alegia, Kyotoz kanpoko dokumentura. Txinak bere emisioen berri emango duela idatzita geratu da -adibidez, bere garapen ekonomikoari buruzko adierazleen datuak emango dituela-, eta hori bada berrikuntza, betiere aipatutakoa betetzen badu, testu honek ez baititu estatuak betetzera derrigortzen.
Bolivia, haserre
Boliviak eskua altxatu du, eta bakarrik geratu da. Akordioak onartzeko NBEk adostasuna behar dela ezarrita ere, nahikoa garrantzitsua iruditu zaio hitzartutakoarekin aurrera egitea, Boliviaren boikota kontuan hartu gabe, eta, hori dela eta, Evo Moralesen gobernuak helegitea aurkeztuko dio NBEri Cancungo Akordioagatik Hagan, Nazioarteko Justizia Auzitegian. Bakarrik geratuta ere, eutsi egin dio erabakiari, hilzorian den akordioa luzatzeko konpromisoa lehenbailehen hartu behar dela uste duelako, hura saihesteko denbora egiten ibili beharrean. Boliviarentzat Kyotoko Protokoloa behin-behinekoz ordezkatu duen akordioak «beste akordio bati ireki dio atea, herrialde garatuei eginbeharrak gutxituko dizkionari». Beste herri batzuek ere hori pentsatzen dute; besteak beste, Brasilek, Ekuadorrek eta Venezuelak. Baina garrantzi handiagoa eman diote, batez ere garapen bidean dauden herrialdeek gas murrizketak egiteko laguntzak onartu dituztelako: Funts Berdearen bidez, 100.000 milioi dolar bideratuko dituzte 2020tik aurrera horretarako.
Kyotokoaren ibilbidea
1990ean isurtzen zen gasa abiapuntu hartuta, 2008tik 2012ra %5 jaisteko konpromisoa hartu zuten herrialde garatuek 1997an berotegi efektua gutxitzeko, eta 2012an berrikustekotan geratu ziren.Kyotokoa onartu eta berretsi duenak bete egin behar du, akordioa juridikoki loteslea da -azken akordioak konpromisozkoak besterik ez dira-. Herrialde guztiek ez dute gasen emisioa %5 jaitsi behar. Hori orokorra da. Kyotok behartzen dituen herrialde orok bete beharreko portzentajeak dauzka, erantzukizunaren araberakoak. Europako Batasunak %8an dauzka finkatuta.
Herri garatuek ardura hartzeko epea luzatzea lortu dute Cancunen
Kyotoko Protokoloaren etorkizunaren hitzarmena 2011rako uztea erabaki dute Boliviak ez beste 193 herrialdeek Cancunen Boliviak helegitea aurkeztuko du Hagan, aho batez onartzeko baldintza ez delako bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu