Kataluniako erreferenduma

Herri harresia, errepresioaren kontra

Milaka herritar elkartu dira Kataluniako Auzitegi Nagusiaren parean herenegun atxilotutakoen alde. Podemosen Kataluniako adarrak kanpainan sartzea erabaki du. Puigdemontek bozkalekuak non egongo diren jakinarazi du

Atxilotuak askatu! mezuarekin afixak erakutsi zituzten hainbat manifestarik Justizia Auzitegi Nagusiaren parean. ORIOL CLAVERA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
<i>Bartzelona</i>
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Metrora jaitsi orduko ikus zitekeen atzo Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko ekitaldia jendetsua izango zela, zahar eta gazte, senyera-k eskuan eta baiezkoaren tixertak soinean. Bartzelonako hainbat metro lineatan barna zetozenek bat egin zuten geltokian, eta eskaileratan manifestazio bat inprobisatu zuten: Atxilotuak askatu!, Ez dugu beldurrik!, Gora Katalunia libre! oihukatuz. Unibertsitateetatik zetozen bi mila ikasle inguru batu ziren aldarrikapenezko festara: Kataluniako unibertsitateek greba mugagabea eta batua egitea erabaki dute, «mobilizazio sozial historikoari ekiteko», manifestuan diotenez. Haien artean tartekatu ziren ere suhiltzaileak: «Funtzionarioak gara, baina ez dugu beldurrik», esanez. Atzokoak erakutsi du zein izango den urriaren 1era bitarteko giroa: herritarren etengabeko mobilizazioa Espainiako Gobernuaren neurrien kontra. Hain zuzen horixe izan zen Garaipenaren Arkuko oholtzara igo zirenen mezu nagusia: Espainiako Gobernuaren, fiskalen eta Guardia Zibilaren errepresioak herri batua izango du aurrean. Udaltzainen arabera, 20.000 pertsonak erantzun zuten ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek deitutako ekitaldira; mugimendu sozialetako buruek eta alderdi politikoetakoek zer esan behar zuten entzutera.

Lehen hitzak atxilotuentzat izan ziren. Aska ditzatela eskatu zuten, eta babes osoa dutela esan; eurek eta beren senideek. Hamabost atxilotuetatik lau aske zeuden atzo eguerdirako, baina karguekin: Joan Ignasi Sanchez, David Franco, Xavier Puig i Ferrer eta Pau Furriol. Denek egin zioten uko deklaratzeari, eta epaileen zitazioaren zain daude orain. Josep Maria Joveri, berriz, Oriol Junqueras presidenteordearen bigarrenari,sedizio delitua leporatu dio Guardia Zibilak, atzo jakinarazi zutenez. Desobedientzia, prebarikazioa eta diru funtsak bidegabe erabiltzea ere dauzka Ekonomia idazkariak bizkar gainean, zortzi edo hamar urteko kartzela zigorraren arriskua.

Ekitaldira joandako asko eta asko han geratu ziren. «Ez dugu asmorik hemendik mugitzeko, denak askatu arte», aipatu zuen Pilar Altimimirrek. Andorrakoa da, baina 40 urte daramatza Katalunian. «Oso katalanista naiz. Bi biloba dauzkat, eta ni ez nintzen independentista joan den astera arte, baina orain bai, eta gero eta konbentzituago gainera».

Atzoko ekitaldiak izan zuen berritasunik, Podemosen adarrek kanpainan sartzea erabaki baitute. Oholtzan izan ziren Xavier Domenech Catalunya en Comuko koordinatzailea eta Albano-Dante Fachin Podemeko idazkari nagusia. Domenech igo zenean txistu batzuk entzun behar izan zituen, eta bozkatzera joateko dei egin zuenean, «baiezkoaren alde, baiezkoaren alde» oihukatu zuen jendeak. Dante-Fachinek, berriz, hitz gogorrak egin zituen «bankuen atzean dauden komunikabideen» kontra. «Gezurrak esaten ari dira barra-barra, euren interesak zaintzeko, baina beste prentsa hor dago ere, herritarren eskubideen alde». Oholtza azpitik zetorren «Espainiako komunikabideak kanpora!» lelo ozen batek eten zuen haren jarduna. Publikoan zegoen Ramon Costa, eta kazetari batek ahoa okertzen zuela ikusita galdetu zion: «Zein komunikabideetakoa zara?». El País-ekoa. «Zuek zarete okerrenetakoak. Ez duzue ez egia eta ez gezurra esan behar, gertatzen dena baizik».

Manifestazioko leloekin bat egin zuten Lluis Companys etorbidetik igotzen ziren autobus eta autoen tutuek. Justizia auzitegia zaintzen duten mossoek, berriz, jaso zuten ere kritikarik, herenegungo jarreraren ondorioz: «Ez duzue soinean daramazuen senyera merezi». Tentsioa sortu zen une batzuetan, eta mosso gehiago iritsi ziren, baina oholtzatik baretu zuten jendearen gogoa.

Jordi Sanchez (ANC) eta Jordi Cuixart (Omnium Cultural) igo ziren lehenik oholtzara, ekitaldiaren ­latzaileak, hemendik aurrera dena ez dela berdina izango ohartaraziz. Ahotsa urratuta zuten biek, egunotako nekearen ordaina, eta Cuixartek Turkiarekin konparatu zuen Espainiako Gobernuaren jarduna: «Estatu jazartzaile bat da, eta ez du adierazpen askatasuna errespetatzen». Baina biek ala biek nabarmendu zuten atxilotutakoak ez daudela bakarrik, eta errepresioak herria duela aurrean.

Carme Forcadell legebiltzarreko presidentearen txanda heldu zenean txalo zaparrada batek hartu zuen. «Gurekin nahi zaituztegu», esan zien atxilotuei. Mobilizazioen izaera baketsua mantentzeko eskatu zuen. «Irmo erantzungo dugu probokazioan erori gabe, horixe nahi baitute». Hitza hartu zuten ere Pere Aragones Generalitateko Ekonomia idazkariak, Irene Rigau kontseilari ohiak, Nuria de Gispert legebiltzarreko presidente ohiak, eta Gabriela Serra CUPekoak. Serrak «gerra zibilaz gero bizi ez zen errepresioari» herri gisa erantzungo diotela esan zuen, eta sortuko den errepublika «irekia, soziala, feminista eta antimilitarista» izango dela.

«Kontingentzia planak»

Herritarrak ez ziren izan atzo mugitu ziren bakarrak. Atxiloketen biharamunean, Madrilek ustez galdeketaren antolaketaren buruak atxilotu ostean, Kataluniako Gobernuak beste urrats bat egin zuen: www.onvotar.garantiespelreferendum.com webgunea zabaldu zuen, herritarrei jakinarazteko non bozkatu behar duten urriaren 1ean. Carles Puigdemontek eman zuen berria, eta argitu zuen NANaren zenbakiaren, jaiotegunaren eta posta kodearen bidez eskuratuko zutela informazio hori. Puigdemontek ziurtatu du «kontingentzia planak» dituztela bozketa bermatzeko, eta galdeketa egingo dela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.