Oscar Soto (Bulnes, Txile, 1935), Salvador Allenderen medikua, Moneda jauregian zegoen 1973ko irailaren 11n, eta presidente ohia bizirik ikusi zuten azkenetakoa izan zen. Madrilen bizi da 1974az geroztik, eta urteak daramatza medikuntzatik erretiratuta.
El último día de Salvador Allende [Salvador Allenderen azken eguna] (1998) liburuaren egileak «pozik» hartu du Valech batzordearen txostena.
Diktadura garaiko beste 9.800 tortura kasu aitortu dituzte. Harritu egin zaitu kopuruak?
Harritu baino gehiago, poztu egin naiz horrenbeste kasuren aitortza egin izanaz. Oso garrantzitsua da tortura jasan genuen guztion izenak aitortzea, neu ere horietako bat bainaiz. Dena dela, gauza bitxi bat gertatu da. Valech batzordeak torturatu gisa aitortzen dituen pertsonek laguntza ekonomiko bat jasotzen dute, eta diktadura garaian lana galdu zutenek ere bai. Kontua da laguntza biak jasotzea bateraezina dela. Ni Txileko Unibertsitateko medikua nintzen, eta kanporatu egin ninduten; horregatik, laguntza txiki bat jasotzen dut, baina torturatu gisa onartzen banaute, ezingo dut laguntza hori jaso. Hala ere, nik aitortza nahi dut, ez dirua.
Oraindik ere asko dago egiteko Txilen diktadurako biktimen inguruan?
Jakina, baina egin ere asko egin da. Rettig batzordea izan zen atxilotuak, torturatuak eta desagertuak aitortu zituen lehena, eta Valech batzordea ari da orain. Zoritxarrez, ordea, hasiera batean ez dira gobernuen ekimenak izan, biktimen senideenak baizik. Herri xeheak bultzatu du memoria historiko guztia.
Aurrera begira, zein pauso eman behar dira?
Mario Carrozak, Allenderen kasua argitzeko eskatu zuen epaileak, esaterako, diktadura garaian desagertutako beste 726 lagunen kasuak ikertzeko agindu du. Urteetarako lana dago egiteko.
Aditu talde batek uztailean baieztatu zuen Allenderen suizidioa. Lasaiago geratu zara?
Lasaiago ez, guztiz lasai geratu naiz. Beti uste izan dut beharrezkoa zela ikerketa ofizial bat egitea. Lehen nekropsia 1973ko irailaren 11n bertan egin zioten diktadoreek; bigarren aukera 1990ean izan zen, modu klandestinoan lurperatuta zeukaten Viña del Marreko hilobitik atera zutenean, baina begizko azterketa baino ez zioten egin, azterketa zientifikorik barik.
Zuk, ordea, lehendik ere bazenekien egia zein zen.
Nik ez nuen zalantzarik, presidentea hil aurreko minutuetan harekin hitz egin nuen, eta Monedako bigarren solairuan ez zegoen militar bakar bat ere. Presidentea hil eta minutu batzuk geroago iritsi ziren militarrak.
Nola bizi izan zenuen Allenderen heriotza?
Pertsonalki min handia eman zidan. Haren medikua nintzen presidente izendatu aurretik ere, eta harreman oso estua nuen harekin. Baina jabetu nintzen, sinbolikoki, orduan politikoki zuzenena zen erabaki bat hartu zuela. Erabakia, dena dela, ez zuen orduantxe hartu. Ez zidan inoiz zuzenean esan, baina zantzuak ikusten nituen. Jabetu zen pertsona bat sinbolo bihurtu zela.
Allenderen kasua argitu arren, Pablo Nerudaren heriotza, esaterako, ez dago oraindik guztiz garbi.
Nerudaren txoferrak dio hil aurreko egunean indizioa jarri ziotela. Nik ez dakit ezer. Txile zatituta dago kasu honen aurrean, txoferraren bertsioa haren fundazioarenaren kontrakoa baita. Kasu honetan ere, beste guztietan bezala, beharrezkoa da ikerketa egitea eta egia aurkitzea.
Oscar Soto. Salvador Allenderen medikua
«Herri xeheak bultzatu du memoria historiko guztia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu