Herrialde Katalanetako sua «arduragabekeriak» eragin duela dio Generalitateak

Lau lagun hil dira hondamendian, eta garrak mendebaldera ez zabaltzeko ahaleginetan ari da suhiltzaileak

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Lehen ikerketen arabera, errepide ertzera gaizki itzalita botatako zigarrokinek eragin dute Herrialde Katalanetako sutea. Generalitateko Barne sailburu Felip Puigek adierazi duauto batetik botatako zigarro punta bat izan dela Portbouko sutearen eragilea. La Jonquerako kasuan ere, «zigarro punta bat edo lehergailu txiki bat» izan da sua piztu duena. Edozein eratara, Puigek esan du bi eremuetan sortu eta Alt Empordan kontrolatu ezinean ari diren sutea «arduragabekeriaren ondorio» izan dela.

Oraingoz lau lagun hil dira, horietako hiruk nazionalitate frantsesa dute. Aita-alaba batzuk su garrak gertu ikusi eta itsaslabar batean behera salto eginda zendu dira. Emazteak eta bederatzi urteko semeak ere egin dute itsaslabarretik behera salto baina horiek bizirik eta «egoera onean» daude Puigen arabera. Bestetik, 64 urteko gizon bat autoan zihoala harrapatu du suteak. Laugarren bati, bihotzekoak eman dio sua gerturatzen ari zitzaiola ikustean.

Mendebaldean arriskua

Igande arratsaldean piztu zen sutea, eta tramuntana haizeak indartu egin zuen. Haizea orduko 90 kilometroko abiaduran ibili da gogorren jo duenean, eta suak dagoeneko hamazazpi herritako ia 14.000 hektarea erre ditu. Kataluniako Nekazaritza Sailaren arabera, erretako hektareen erdia kortxoa ekoizteko artelatz sailak dira. Bestalde, igandean AP-7 errepidea itxita egon zen, eta atzo ere ordu batzuez itxi egin behar izan zuten, sua autopistaren bi aldeetan zehar hedatu zelako.

Barne sailburuaren arabera, suaren mendebaldeko hegala da arrisku gehien duena. Izan ere, sortaldeko haizeak sugarrak Boadellako urtegira zein Garrotxako gune naturalera bideratu ditzake. Baso askoko guneak dira horiek, sua kontrolatzeko orografia zaila dutenak. Hargatik, euren etxeetatik ahalik eta gutxien mugitzeko eskatu die Puigek herritarrei, segurtasun indarren itzaltze lanetan oztporik eragin ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.