AFGANISTAN

Herrialdea berreraikitzeko laguntza eskatu diote talibanek nazioarteari

Aireporturako sarbideak itxi dituzte miliziek. Gobernu berria irailetik aurrera jakinaraziko dute.

Hainbat afganiar, Kabulgo aireportuaren kanpoaldean. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 20a
18:40
Entzun

Oraindik ez dago argi zer-nolakoa izango den Afganistango Gobernu berria, ez nork osatuko duen ere. Ostegunean zabaldutako informazioaren arabera, baliteke ministro kontseilu batek zuzentzea herrialdea, Haibatullah Akhundzadaren gidaritzapean. Talibanen buruzagiak presidente batek baino eskumen gehiago izango lituzke kasu horretan, lider politikoa izateaz gain erlijiosoa ere izango bailitzateke. Gaur talibanen bozeramaile batek jakinarazi duenez, ordea, hori guztia irailetik aurrera argituko da, eta abuztuaren amaieran AEBetako tropak irten arte itxarongo dute gobernu berria osatzen hasteko. Hura osatu artean, baina, talibanek «nazioartearen laguntza» eskatu dute, eta trukean herrialdeko natur baliabideak eskaini. «Gerra aro bat utzi berri dugu atzean, eta garai berri honetan Afganistango herriak beste estatu batzuen laguntza behar du», iragarri du Suhail Xahinek, talibanen nazioarterako eledunak.

Bitartean, nazioarteko hegazkinak Kabulgo aireportuan lurreratzen ari dira etengabe, beren herritarrak eta azken urteetan haiei laguntzen aritu diren afganiarrak handik ateratzeko helburuarekin. AEBek eurek iragarri dute militarren egonaldia hilaren amaiera arte luzatuko dutela, «jende guztia» handik atera arte —9.000 pertsona atera dituzte abuztuaren 14tik—. Hegazkin horietara heltzea da afganiar askoren helburua ere, baina talibanen kontrolek ia ezinezko egiten dute aireportura sartzea. Gaur, hara joateko errepide nagusiak itxi dituzte, eta tiroz hartu dituzte oinez sartzen ahalegintzen zirenak.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eledun Shabia Mantook ohartarazi du afganiarrei irteten laguntzea ondo dagoela, baina ez litzatekeela alde batera utzi behar bertan geratzen direnei giza laguntza banatzeko lana: «Afganiar gehienek ez dute modurik herrialdetik ohiko bideetatik ateratzeko, edo ez dute nahi. Ez ditugu horiek ahaztu behar». Mantook Afganistanekiko mugan dauden estatuei eskatu zien manten zitzatela mugako pasabideak zabalik, asiloa eskatu nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten.

Etxez etxeko miaketak

Bestelako oharra ere zabaldu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Haren iturrien arabera, talibanak etxez etxeko miaketak egiten ari dira hainbat hiritan, AEBetako armadarentzat eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearentzat lan egin duten herritarren bila. Miliziek aste honetan egindako prentsaurrekoan esan zuten ez zela mendekurik izango, bai eta emakumeek ikasten eta etxetik kanpo lanean jarraitu ahal izango zutela ere. NBEren informazioak, ordea, bestelakorik frogatzen du. Nazioarteko Analisietarako Norvegiako Zentroak bildutako datuen arabera, beren burua entregatu ez dutenen familiak ere atxilotu dituzte aireportu inguruetan, eta «xariaren arabera zigortu».

Emakumeak ere hasiak dira bazterketa jasaten. Xabnam Dawran kazetari eta telebista publikoko aurkezleak salatu du kaleratu egin dutela. Haren esanetan, soilik gizonezkoei onartu diete komunikabidean lanean jarraitzea, eta emakumezko aurkezleak kanporatu egin dituzte sistema aldatu egin dela argudiatuta.

Gainera, NATOko kide diren estatuetako Atzerri ministroek bilera egin dute, gaur. Bilera osteko agerraldian, Jens Stoltenberg idazkari nagusiak iragarri du nazioarteko tropek herrialdean jarraituko dutela atzerritarrak eta haiei lagundu dieten herritarrak irten arte. Horrez gain, gogorarazi du 2001ean Afganistani eraso ziotenean «terroristak geldiaraztea» zela helburua, eta ohartarazi haien aurkako borrokan «konprometiturik» jarraitzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.