Protestak herrialde arabiarretan

Herrialdearen gidaritza armadaren esku utzi du diktadoreak

Tantawi Defentsa ministroak hartu du buruzagitza; Mubaraken gertukoa izan da orain arte

2011ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Armadaren esku utzi du Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak herrialdearen gidaritza. Mezuhori zabaldu die Omar Suleiman presidenteordeak herritarrei. Esaldi bakar batean laburbildu du manifestariek duela hemezortzi egunetik entzun nahi zutena: «Hosni Mubarakek errepublikako presidente karguari uko egitea erabaki du eta Indar Armatuen Kontseilu Nagusiari eskatu dio herrialdearen kontuez arduratzeko».

Diktadoreak boterea Suleimanen esku utziko zuela zioten zurrumurruek, baina armadaren esku geratu da trantsizioa gidatzeko betebeharra. Presidenteordearen betekizuna zein izango den ez dago garbi. Mohamed Husein Tantawi Defentsa ministroak, Mubaraki erabateko leialtasuna agertu dion gizonak, hartu du Egiptoko gidaritza. Azken egunotan AEBekin negoziatu du diktadorearen irteera.

Armada, herritarrekin bat

Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak legitimitatea herriarena dela azpimarratu du, dimisioaren ostean. Mubarakek urteotan egindako lana ere eskertu dute.

Azkenik, militarrek bat egin dute herritarren eskariarekin. Protestak hasi zirenetik neutraltasuna mantendu nahi izan dute, bataren zein bestearen alde egin gabe. Anbiguotasun hori alde batera uzteko eskatu diote herritarrek hainbat aldiz. Armadaren barruan iritzi ezberdinak daudela uste dute adituek, eta horrek atzeratu duela esku-hartzea. Ostiralean, Indar Armatuen Kontseilu Nagusiaren bileraren ostean, Hassan al Raueni armadaburuak herritarrei euren eskariak beteko zituztela hitzeman zien.

Atzo goizean manifestariei etxera itzultzeko eskatu zieten jeneralek, normaltasuna eskuratzeko. Ordainetan Larrialdi Legea deuseztatuko zutela zioten; hain zuzen ere, oraintsu arte oposizioak behin eta berriz exijitu du neurri hori.

Al Arabija Dubaiko telebista kateak armadak gobernua eta bi ganberak deuseztatuko dituela aurreratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.