Abdelaziz Messaudi. Ettajdid oposizioko alderdiko kidea

«Herriaren konfiantza duen gobernu bat eratu behar da»

2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ettajdid (Berrikuntza) alderdiko kanpo harremanetarako arduraduna da Abdelaziz Messaudi. Alderdi horrek, hasiera batean, onartu egin zuen batasun nazionaleko trantsiziorako gobernuan parte hartzea —Ahmed Brahimen idazkari nagusia sartu zen exekutiboan—, baina astelehenean, gobernuaren osaketaren berri izan ostean, ateratzea erabaki zuen. Messaudi Tunisian duten egoeraz mintzatu da BERRIArekin.

Trantsizio gobernuaren osaketarekin ika-mikak izan dira. Zergatik?

Ika-mika hauek momentu hauetan ulergarriak direla esango nuke. Trantsizio gobernuaren osaketa jakinarazi zenetik manifestazioak izan dira. Jendeak eskatzen duena —baita guk ere, indar politiko gisa— zera da: orain arte boterean egon den alderdiko kide diren ministroek gobernutik alde egin dezaten.

Ettajdid alderdiak, hasiera batean, bat egin zuen gobernuarekin...

RCD Batzar Konstituziogile Demokratikoko kideak gobernuko kargu garrantzitsuenetatik baztertuak izan daitezen exijitzen dugu. Trantsizioko gobernu horretan RCDko sei kide daude, eta eragin handieneko ministerioak dituzte euren eskuetan, esan nahi baita Barne Ministerioa, Defentsa eta Finantza.

Trantsizioko gobernu batean parte hartzeaez duzue erabat baztertzen, beraz? RCDko kideak kargu garrantzitsuenetatik baztertzeaz gain, beste baldintzarik jartzen al duzue?

Bai. Eskatu duguna da, Ben Ali presidente ohiaren ondasun eta jabetzez gain, RCD alderdiak eskuratutakoak ere blokeatuak izan daitezen. Hori egin dadin nahi dugu, ondasun hauen inguruko benetako jabetzaz argitasunak eman artean. Eraikin hauetatik asko eta asko, RCDren egoitza nagusitik hasita, herritarren diruari esker eraiki dira. Attajdidek behar-beharrezkotzat jotzen du ere RCD alderdiak eratutako lan arloetako adarrak desegin daitezen. Horiek eremu guztietan ari baitira, bai enpresetan bai arlo publikoko egituretan.

Fued Mebaza presidenteak eta Mohammed Ganutxi lehen ministroak jakinarazi dute RCD alderdia utzi dutela. Zer iritzi diozue erabaki horiei?

Ez dira nahikoak, norabide onean urrats baten gisa har baldin badaitezke ere. Berriz ere esaten dugu RCDko kideek gobernu kargu garrantzitsuenetatik alde egin behar dutela. Kargu horiek gaitasun jakin bateko pertsonen eskuetan ezartzea da baliatzen ahal den bideetako bat.

Mohammed Ganutxi lehen ministroak bere gobernuari eginiko kritikei erantzun die, ministro horiek «eskuak garbi» dituztela esanez...

Bai, hori esan du, baina argi dajendea ez dela konformatuko horrelako adierazpen batekin.

Herritarren kale protestak ez dira amaitu. Gobernu koalizioaren osaketaren kontra egin dute egunotan herritarrek; egindako aldaketak ez direla aski izan erakusten al dute manifestaziook?

Seguru baietz. Barne ministroak astelehenean egin zituen adierazpenak, gainera, oso gaizki hartu dituzte. Herritarrek kale protestei eutsi izanaren kontra mintzatu zen, herri matxinadaren garrantzia gutxietsiz. Hitz tamalgarriak izan dira, eta herritarren artean hautsak harrotu dituzte.

Egoerak okerrera egin dezakeela uste al duzu?

Ben Aliren agintea erorarazi ondoren, herritarren erantzuna primerakoa izan da Tunisian. Herria, oro har, egon daitezkeen arriskuez ohartuta dago, eta segurtasun indarrekin elkarlanean ari dira auzoetako biztanleak. Gure aldetik, indar politiko gisa, nahi duguna da herritarren konfiantza izango duen gobernu bat lehenbailehen era dadin. Izan ere, premiazkoa da segurtasuna berma dadin eta lanari berrekin diezaiogun gertaera hauen guztien ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.