Herrialde handia da Libia. Munduko herrialde handienen artean hamazazpigarrena, 1,76 milioi kilometro koadrorekin. Lurralde horren sustraiek milaka urte dituzte: arabiarren konkista —K.o. VII. mendean— baino askoz ere lehenagokoak dira; hain justu, konkista horren ondorioz iritsi ziren islama eta arabiera Afrika iparraldeko eremu horretara. Egun, askok hartzen dute Libia herrialde arabiartzat, baina badira bertako hainbat komunitate ez-arabiar ere; bizi-bizirik, gainera: amazighak eta tubuak, bereziki.
Tubuen komunitateak Kufra eta Tazerbu oasi inguruetan daude, herrialdearen hego-ekialdean, baina badira beste komunitate handi batzuk Libia hegoaldeko hainbat hiritan ere; batez ere, Sebhan, Libiako hego-mendebaldean. Libiako herri bat dira amazighak —berbere ere deitzen zaie—. Amazigeraz mintzatzen dira, eta Libia osoan daude hizkuntza horretan hitz egiten duten komunitateak. Hiri batzuetan populazio osoaren 100% edo ia 100% dira amazighak: esaterako, Nfusa mendietako hiri gehienetan, Libiako ipar-mendebaldean; Zuwaran, ipar-mendebaldean, Mediterraneoko kostaldean; Ubarin eta Ghaten, Libiako hegoaldean; eta Ujlan, Libiako ekialdean —Bengazitik ez osourrun—. Sebhan eta halako beste zenbait hiritan, halaber, amazigh asko bizi dira, eta ezin da ahaztu Libian amazigeraz bizi den komunitaterik handiena hiriburuan bertan dagoela: Tripolin.
Badirudi NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak huts egin zuela amazighak eta tubuak gobernuaren egituran eta legegintzan sartu zituenean, horrek itzal ilun bat jarri baitzuen etnia horien etorkizunean. Hona hemen hiru adibide, Libiako herritar ez-arabiarrek dituzten etengabeko zailtasunen erakusgarri.
Sebha: 147 hildako
Sebhako herritarren artean, arabiarrak, tubuak eta amazighak daude. Martxoaren 23an, istiluak hasi ziren han tribu arabiarren eta tubuen komunitatearen artean, eta, ondorioz, 147 pertsona hil ziren, eta 400 inguru zauritu. Orduan, buru tubuek esan zuten esku hartzeko eskatuko ziotela agian nazioarteari, eragozteko «tubuen garbiketa etniko bat egiteko saio» deitu zioten hori.
«Sebhako ospitaleetan ez zituzten onartu tubu zaurituak. Ondorioz, hegoaldera jo beste erremediorik ez zuten izan: 230 kilometroko bide luzea egin behar izan zuten zaurituak Ubarira eramateko», esan du Hasanek, Ubariko amazigh batek. «Egoera hau onartezina da. Entzun dugunez, lekuko batzuen arabera, gobernua leinu arabiarrei laguntzen ari zaie, eta aireko indarrak ere erabili omen dituzte tubuen auzo ugariri eraso egiteko».
Aurten ere, martxoaren hasieran, antzeko istiluak izan dira arabiarren eta tubuen artean: Kufran, hain zuzen, Libiako hego-ekialdean. Gainera, komunikabideek ez dute ia-ia horren berri eman. Kufrako gatazkak iraun bitartean Libiako komunikabideei adi egon zenak ikusiko zuen zer zioten arabiar leinuek etengabe: «Txadarrak Kufrari erasotzen ari zaizkio». Eta tubuei buruz ari ziren, arabiarrez hitz egiten ez duten libiar horiei buruz, baina, orain arte, ez dute lortu baieztapen horiek frogatzerik. Gainera, berdin egiten ari dira Sebhan orain gertatzen ari denarekin ere.
Orain, apirilaren 1etik, su-eten ahul batean daude. Dena den, ez zaizkie erantzuten ari gatazkaren arrazoi nagusiei. Zain daude, datozen egunek noiz ekarriko behin betiko irtenbide baketsu bat.
Zuwaran, gatazka hastear
Zuwaran, Libiako kostan amazigeraz hitz egiten den hiri bakarrean, kontseilu lokalak baztertu egin du 2012ko 15. legea: bozei eta hautesbarrutiei dagokiena. Izan ere, populazioaren eta lurraren arteko ideia nahasi bat aplikatzen da, eta, hein batean, ematen du selektiboa dela batzuetan eta nominala beste batzuetan.
Kontseilu lokalak ez zuen onartu 2006ko errolda erabiltzea, erregimenak faltsutu egin zuelako, amazighen kopurua txikitzeko eta arabiarrena handitzeko. Zuwarako eta inguruko komunitateek —Abukamaxekoek eta Ras-Jdirrekoek, esaterako— jakin zuten NTCren erabakiaren arabera eserleku bakar bat partekatu beharko zutela Muammar Gaddafiren aldeko Zultongo komunitate batekin. Han inguruko beste komunitate batzuei, berriz, eserleku bakunak eman zizkien kontseiluak, nahiz eta komunitate horiek eremu eta populazio txikiagoa izan.
Aipagarria da 2011ko irailean Zuwarako herritarrek Libiako lehenengo bozak antolatu zituztela, inguruko hirietakoak Zuwara gogor bonbardatzen aritu arren. 18 urtetik gorako gizon eta emakume orok zuen boto eskubidea, baita hautagaiak aukeratzekoa eta hautagai izatekoa ere. Beraz, Zuwara izan da kontseilu lokala era demokratikoan aukeratu duen Libiako lehen hiria.
Zuwarako Gizarte Zibilaren Koalizioak —34 elkartek baino gehiagok osatutako koalizioa— manifestazio handi bat antolatu zuen han martxoaren 26rako, lege horren aurka egiteko eta NTC gaitzesteko: «Izan ere, NTCk erabat baztertzen ditu amazighak, haien hizkuntza eta haien kultura».
«Nazkatuta gaude, bigarren mailako herritarrak bagina bezala tratatzen gaituztelako geure lurraldean», esan zuen Nanes Mohammed Nanesek, manifestazioan parte hartu zuen petrolio arloko ingeniari batek. «Gaddafiren erregimena erori egin da, baina ideologia arrazista bizi-bizirik dago oraindik NTCn», erantsi du Nanesek. «Nahiko kezkatuta nago, NTCk herrialdea nora daraman ikusita».
Apirilaren 1ean, goizean goiz, Gaddafik lehenago armaz hornitutako talde batek, Zuwara inguruko hirietatik etorrita, Mugako Patruilako brigada bati eraso zion Zuwara eta Tunisiaren arteko mugan, eta 26 pertsona bahitu zituen.
«Nire lagun eta kide ugari bahitu zituzten, beren lana betetzen ari zirela», esan du, amorratuta, Anis Ftiesek, Zuwara babesteaz arduratzen den brigadako kide batek. «NTC jotzen dut bahitu zituzten 26 pertsona horiei gertatutakoaren erantzuletzat; izan ere, NTCk eragotzi egin zigun armak kentzea inguruko herrietan Gaddafiren alde zeudenei, adiskidetzeko aitzakia faltsua erabilita».
Bahitu zituzten 26 pertsonak egun gutxitara askatu dituzte, gogor torturatu dituztelako arrastoekin; haien armak eta ibilgailuak bahitzaileen esku daude, eta Zuwara bonbardatzen aritu dira bai 26 pertsona horiek bahitu aurretik eta bai haiek askatu ondoren ere. Edonola ere, NTCk oraindik ez du ezertxo ere esan gertatutakoaren inguruan.
Ubariko amazighen indarra
«Miliziak kontrolpean zituen petrolio eremuak, eta, hortaz, arazo eta harrapakatze ugari zeuden; horregatik, handik bota genituen indarrez, eta, gero, gu geu hasi ginen petrolio eremuak babesten», esan du Hasanek, Ubariko amazigh batek. «Martxoaren 25ean, zur eta lur, ikusi genuen milizia zital hura berriz zetorrela, baina lehen halako bi ziren, eta, gainera, Defentsa ministroak izendatuta zetozen —eta hara non, miliziaren hiri berekoa zen ministroa, eta arabiarra—. Ubarira zetozen, guregana, petrolio eremuen kontrola berriz ere hartzeko asmoarekin».
«Gure hiriko indar guztiak adi-adi zeuden, ondo baikenekien zer-nolako basakeriak egin zizkieten tubuei Kufran eta Sebhan», esan du Hasanek. «Ubariren inguruan ezarri genituen gure defentsa indarrak. Milizia gerturatzen ari zen, baina, horrela, alde egitera behartu genituen».
Herrien etorkizun zalantzazkoa
Libiako herritar ez-arabiar askok eta askok eszeptizismoz begiratzen diote euren herrialdearen etorkizunari, nahiz eta eginkizun garrantzitsua izan zuten iaz, Muammar Gaddafi koronela boteretik kanporatzeko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu